Euskal Gramatika Osoa lanak Euskaltzaindiaren azkeneko erabakiak jasotzen ditu; eduki guztiak banan-banan berrikusi, eta hainbat atal berri eskaintzen ditu: zenbakien erabilera enfatikoa, testu gramatika, testu antolatzaileak, adberbio modalizatzaileak... «Izenburuak dioen bezala, euskal gramatika osoa egitea izan da helburua; hau da, euskararen arlo guztiak jorratu, euskaldunok eguneroko jardunean maiz izaten ditugun zalantzak liburu bakar batean argitzeko aukera emateko asmoz», azaldu du Euskal Gramatika Osoa-ren egile Entzi Zubirik.
Lan hori eta Gramática del Euskera liburuak berritu dituzte Zubiri anaiek: «Liburuak erreferente izan dira irakaskuntza munduan; izan ere, osoak izateaz gain, didaktikoak ere badira».
Liburu hori 1995. urtean kaleratu zuten Entzi eta Ilari Zubirik, eta euskal gramatika liburuen artean hura saldu da gehien. Hori horrela izatea, egileen esanetan, lanaren alde didaktikoak eragin du. Gramatika liburuaren azken edizioa 2000. urtean kaleratu zuten, eta egileek adierazi dute «zaharkituta» zegoela, ez zituelako jasotzen Euskaltziandiaren azken erabakiak.
Lexikoa eta gramatika ikasgai
Ikasleentzako gramatika liburu bat eta euskarazko lexikoa hobetzeko beste bat argitaratu berri dituzte Zubiri anaiek.
Euskal Gramatika Erraza liburua euskara errazean dago idatzita, eta gramatikaren inguruko azalpen sakonak azaltzen ditu, egileen hitzetan. Liburu berri hori hutsune bat betetzeko asmotan kaleratu dute: «DBH eta Batxilergoko ikasleek euskararen erabileraz izan ditzaketen zalantzak kontsultatzeko liburu erraza eta didaktikoa eskaintzea».
Euskal Atzizkibide Osoa-k, berriz, ikasleentzako hainbat ariketa biltzen ditu; zubiritarrek diote oso praktikoa dela, euskal atzizki gehienak biltzen dituelako. Lexikoa hobetzeko liburuak, gainera, «atal berezi bat du Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuaren idazkeraz, eta bertan azken urteotako erabakiak ikasteko eta arazo ugarirekin praktikatzeko ariketakeskaintzen ditu».
Euskaltzaindiaren azken erabakiak jaso ditu 'Euskal Gramatika Osoa'-k
Gramatikaren eta lexikoaren inguruko bi lan kaleratu dituzte Zubiri anaiek, ariketa praktikoekin ikasteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu