Euskaltzaindiaren hiztegi berria eguneroko laneko tresna izango da

Hiztegi Batua oinarri hartuta, hitzen adierak eta erabilera adibideak jaso dituzte, «behingoz normaren arabera»

Sarasola, Nogeras, Urrutia, Osa eta Sagarna, atzo, Bilbon egin zuten aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urriaren 4a
00:00
Entzun
«Euskararen egunerokotasunerako oinarrizko tresna» da Euskaltzaindiak argitaratu berri duen hiztegia. Publiko zabalari zuzendu diote Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak. Hori dela eta, erabilera adibideen arloan egin dute ahaleginik handiena. Hiztegi Batua du oinarrian hiztegi berriak; hitzak nola erabili erakutsiko duten adibideak eta azalpenak jaso ditu lan berriak.

Euskaltzaindiaren hiztegiak baditu lehen 20.000 hitzak, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate, erregistro eta euskalki markekin, aditz erregimenekin eta benetako erabileratik jasotako adibideekin. Atzo aurkeztu zuten Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak hiztegiaren lehen bertsioa, Bilbon. Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak egin zuten aurkezpena. Andres Urrutia euskaltzainburuarekin, hiztegiaren edizioan parte hartu duten erakundeetako ordezkariak ere agertu ziren aurkezpenean: Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Andoni Sagarna Euskaltzaindiko Iker Saileko kidea eta Ibon Sarasola hiztegiaren egitasmoaren zuzendaria.

Urrutiaren arabera, hiztegia «mugarri berri bat da euskararentzat eta Euskaltzaindiarentzat» eta «euskararen normalizazioaren eta normatibizazioaren bidean garrantzi handia» izango du. «Lanerako tresnatzat» jo dute. Proiektuaren zuzendari Ibon Sarasolak esan du lana egin duten bitartean ez dutela pentsatu hizkuntzalariengan edo adituengan, «publiko zabalean» baizik. Horregatik, oraingoan ahalegina egin dute adibide zehatzak jasotzeko.

Sarasolaren hitzetan, berritasuna baino gehiago berezitasuna da hiztegi honen ezaugarri nagusia. «Behingoz normaren arabera egindako hiztegi bat dugu; erabiltzaileak hizkuntzaren akademiaren bermea du. Halako hitza hala idatzi behar da eta joskera hauetan erabili behar da».

Urrutia euskaltzainburuak azaldu duenez, lehen bertsioan ez dute hitz berririk sartu; azaldu du «oinarrizko lana» dela baina ele berriekin lantalde bat beharrean ari dela eta hurrengo batean argitaratuko dituztela. Hiruzpalau urteren buruan hiztegiaren «1.2 bertsioa» argitaratzeko asmoa dutela aurreratu du Sarasolak. 36.000 sarrera eta azpisarrera sartuko dituzte orduan.

Lan prozesu luzea

Andoni Sagarna Iker sailburuak Euskaltzaindiaren Hiztegiaren aurrekariak ekarri ditu gogora; hiztegiaren oinarria sortu zuten tresnak, hain zuzen. 1968an, Koldo Mitxelenak euskal hitzak euskaraz deskribatu zituen, hiztegi bat lantzeko, eta kontuan hartu beharreko irizpideak finkatu zituen. Orotariko Euskal Hiztegia etorri zen ondoren, hamasei liburuki eta 14.000 orrialde dituen lana. 40.000 hitzen formak arautu, eta Hiztegi Batuan argitara eman zituzten. «Etxe baten eraikuntza balitz, ereinotz adarra gailurrean jartzeko unea litzateke hau», Sagarnaren esanetan. Dena den, horrek ez du esan nahi lan prozesua bukatuta dagoenik, haren esanetan.

Itziar Nogerasek hiztegigintzaren eremuan dauden erronkei erantzuteko elkarlanaren beharra nabarmendu du. Hiztegigintza «paradigma berri baten aurrean» dagoela adierazi zuen, eta horrek «erronka handia» ekarriko duela: «Interneten eta informazio eta komunikazio teknologien [IKT] ondorioz, hiztegigintzaren negozio eredua aldatu da; hau da, kontsumitzeko eta kontsultatzeko moduak aldatu dira». Horrek alderdi kezkagarriak bai baina onurak ere badituela azaldu du Nogerasek, Internetek eta IKTek zabalkuntza handia ahalbidetzen dutelako.

Hiztegia 45 euroan jarri dute salgai. Interneteko edizioari dagokionez, Urrutiak argitu du oraingoz argitalpena ez dutela sarean jarriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.