Euskaltzaindiaren lana aitortuko du ostiralean Korrikak, omenaldi batekin

'Zenbait gazte ausart' film luzea aurkeztuko dute ekitaldian, Euskaltzaindiaren historiari buruzko lana

Omenaldiaren eta dokumentalaren aurkezpena, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Euskaltzaindia izango da aurten Korrikak omenduko duen eragilea. Ostiralean izango da, 19:00etan, Donostiako Kursaal jauregian. «Euskararen iraupenaren eta erabileraren alde Euskaltzaindiak egin duen lan eskerga aitortzeko ekitaldia izango da. Omenaldi xumea izango da, guk antolatu ohi ditugun ekitaldien modukoa. Baina esangura handikoa», nabarmendu du Edurne Brouardek, Korrika 17ko arduradunak. Ekitaldi horretan aurkeztuko dute Euskaltzaindiaren historiaren nondik norakoak jasotzen dituen dokumentala: Zenbait gazte ausart.

Korrika egiten den aldiro omendu ohi izan dute eragile edo banakoren bat. Aurten, argi zuten Euskaltzaindiak izan behar zuela omendua. Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak gogorarazi du aspaldikoa dela Euskaltzaindiarekin duten lotura: «Euskaltzaindiaren magalean sortu zen AEK».

Sorreratik Euskaltzaindia egiten ari den lana aitortu nahi dute. «1968tik ari da euskara batuarenarauak zehazten. Zalantza gutxi dago, gaur egun, euskara batuak euskararen iraupenari eta erabilerari ekarri dien onuraz», iritzi dio Brouardek. Euskalkien ondarea jasotzearen alde Euskaltzaindiak egindako ahalegina ere nabarmendu du. Omenaldian, gorazarre egingo diete egun euskaltzain oso direnei: bakoitzak oroigarri bat jasoko du. Ekitaldiarekin, amaiera emango diote Korrika Kulturalari.

Dokumentalaren aurkezpena

Bide batez, Euskaltzaindiaren historia kontatu eta laburbiltzen duen dokumentala aurkeztuko dute Kursaaleko omenaldian: «Hasiera batean, liburu bat egitea pentsatu genuen, eta Aitor Zuberogoitiarekin jarri ginen harremanetan. Hark dokumentala egitea proposatu zigun, eta, egian esan, ideia bikaina izan da».

Zenbait gazte ausart da dokumentalaren izenburua.Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean ikus-entzunezko ikasketak egiten ari diren hiru ikaslek egin dute:Iker Ugalde, EkaitzHerrera eta Alexander Silvak. Ikasketa amaierako aurkeztuko duten proiektua da dokumentala. «Guretzat aukera paregabea izan da, ikasketak amaitu gabe film luze bat egiteko modua izan baitugu. Hori, gaur egun, ez da batere erraza», adierazi du Silvanek. Zuberogoitiaren beraren eta Iban del Campo irakasle eta zinemagilearen laguntza izan dute dokumentala egiteko orduan.

Dokumentalean, ikasle bat lan akademiko bat egin beharrean dago, eta Euskaltzaindiaren, euskara batuaren, alfabetatze mugimenduaren eta euskalkien gaineko informazioa jasotzen du. Euskaltzaindiaren historiak harrapatu egiten du ikaslea, konturatzen baita gaztetasuna eta aurrera egiteko grina dituela Euskaltzaindiak. Hala, haren historia kontatzen dute.

Horretarako, 30 lagunen testigantzak bildu dituzte. Horietako batzuek lotura estua dute Euskaltzaindiarekin: Andres Urrutia, Jean Haritxelhar, Xabier Kintana, Miren Azkarate, Joan Mari Torrealdai, Jose Luis Luis Lizundia... Beste batzuk, berriz, euskalgintzan aski ezagunak diren pertsona batzuk dira: Pello Zabala, Xabier Mendiguren Bereziartu, Jose Angel Iribar, Aizpea Goenaga, Karmele Jaio, Dionisio Amundarain... «Oso testigantza aberasgarriak izan dira guztiak. Zailena eta nekezena ordubetean laburbiltzea izan da, 25 ordu baikenituen grabatuta. Euskaltzaindiaren historia ahalik eta modu erakargarrienean kontatu nahi izan dugu». Dokumentala hainbat herritan ikusi ahal izango da Korrikak iraun bitartean, etasalgai ere jarriko dute.

Euskaltzaindiko Jagon saileko buru Andres Iñigo eskertuta azaldu da omenaldiagatik. «Euskaltzaindia eta AEK, bakoitza bere esparrutik, elkarren eskutik ari gara lanean euskararen alde. Espero dugu etorkizunean ere hala izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.