Euskara arnasten den tokietan ere tresna da Euskaraldia

Herrialderik euskaldunenetan ere abian da Euskaraldia; hiztunei sarri kosta egiten zaie ariketaren zentzuaz jabetzea, euskara ohiko komunikazio bidea baita haientzat; baina tresna aski ahaltsua da eremu horietan ere.

(ID_14967351) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-05-16, Azpeitia. Euskaraldia arnasguneetan
Jendea 'ahobizi' txaparekin, atzo, Azpeitiko plazan. JON URBE / FOKU
arantxa iraola
2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Irizpide soziolinguistikoen arabera, biztanleen %70etik gora dira euskaldunak udalerri euskaldunak deituetan. Euskararen arnasguneak direla ere esaten da sarri. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean batuta daude horietako asko. Hazi eta hazi ari da erakundea. Onbidean,118 udal izango ditu aurki UEMAk. Guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Horietan ere abian da Euskaraldia. Ez da beti erraza udal horietako hiztunei ariketaren garrantzia zein den azaltzea. «Ehuneko handi batean euskaraz bizi den herri bat da Leitza», azaldu du herri horretako Tximutxe euskara elkarteko kide Oihana Amundarainek.

Horren ondorioz, Leitzako Udaleko Euskara zinegotzi Aintzane Arraizaren ustez, herritarrek maiz sentitzen dute «naturala» dela herrian euskara. Baina Euskaraldia erabili nahi dute adierazteko sustapena behar duela. Gainera, kezka orokorra da: arnasguneetan ere euskararen erabilera ahultzen ari dela erakusten duten datuak metatzen ari dira.

Kanpotik heldutako herritarrei begira egin nahi dute lanketetako bat Leitzan: haiei ere euskarara hurbiltzeko bidea errazteko denen artean, ariketa kolektibo moduan. Beste hainbat herritan egin duten moduan, Euskaraldiaren inguruko hamaikako bat eratu dute herrian ere, eta hor aintzat hartu nahi izan dute helburua: horiek horrela, parte hartzeko gonbita egin diote propio «azal kolorearengatik» usu euskararekin lotzen ez duten herritar bati, hura ere euskalduna dela gogorarazteko eta aldarrikatzeko. «Joera izaten da lehen hitza erdaraz egitea, eta hor ardura gurea da», ohartarazi du Amundarainek. 

«Joera izaten da lehen hitza erdaraz egitea [migratzaileei], eta hor ardura gurea da»

Oihana AmundarainLeitzako Tximutxe euskara elkarteko kidea

Hika bultzatzeko ere baliatu nahi dute ariketa. «Noketa oso ahaztua dagoen erregistro bat da, eta bultzada bat eman nahi zaio», azaldu dute. Hamaikakoa aurkeztu zutenean, h letra ere aurkeztu zuten gainerakoekin batera, eta Leitzako nokari eutsi dion andre batek eutsi zion hizki horri: «Tardoko Pakitak». Bide batez, hika jarduteko konpromisoa hartu zuten hainbat herritarrek. Amundarain eta Arraiza biak murgildu dira, adibidez, ahaleginean. Noka jarduteko ohitura gutxi izan dute biek orain arte, eta ahalegintzen ari dira orain bien arteko hizketaldietan. Eta onartu dute aldaketa baliagarria gertatu zaiela ulertzeko hizkuntza ohiturak aldatzea ariketa zaila dela sarri, eta hobeto identifikatzeko euskaldun berri askoren beldurrak, lotsak, ezinak, mugak. «Jabetu gara zer aldaketa dakarren erregistro aldaketa egiteak bakarrik». 

Ariketarik gabe euskaraz

Azpeitian Euskaraldia sustatzen ari den taldeko arduraduna da Aitziber Besga, Zaparraie euskara taldeko kidea. Herri euskalduna da Gipuzkoako herri hori ere. Hango kaleetan ibiltzea aski da horretaz jabetzeko; gazteenen artean ere, ohiko hizkuntza da euskara. Hitanoa ere bizirik dago. Eta, bai, bat dator Besga: Leitzan gertatzen den moduan, kosta egiten da han ere askotan euskararen erabilera handitzeko ariketa bat egin behar dela herritarrei ulertaraztea. «Eguneroko kontua da guretzat euskaraz bizitzea». Eta egitasmoa sustatzea ez da beti erraza. «Jende askoren erantzuna: 'Nik egiten dut euskaraz; egunero egiten dut'».

«Jende askoren erantzuna: 'Nik egiten dut euskaraz; egunero egiten dut'»

AITZIBER BESGA Azpeitiko Zaparraie euskara elkarteko kidea

Hikaren erabilera bultzatuta, Azpeitian ere errazagoa da Euskaraldiarekiko atxikimendua lortzea. «Noka gehienbat» ahulduta dagoela esan du Besgak. Ustez noka dakitela esaten duten batzuek ere ez dutela hain fin jarduten azaldu du, eta hor eragiteko ahalegina egiten ari dira. Arrakastaz. «Ja hainbat pertsona ikusi ditut bost minutuan bada ere hika jardun behar dutela esanez. Eta, tira, batzuek txip hori aldatzen badute, behintzat gure lana egingo dugu». Eremu informalean bultzatu nahi dute, bereziki, erabilera, tabernetan-eta: saski baten zozketa antolatu dute, adibidez, eta propio hika jardun beharko da parte hartzeko.

Leitzan eta Azpeitian, bietan egin dute ahalegina Euskaraldia eskoletara eramateko. Azken batean, uste dute herriko eragileen arteko hartu-emanak «saretzeko» aukera bikaina ere badela ariketa. Kulturartekotasuna helburu, euskara ikasleei begira ere egingo dituzte jarduerak, haiekin ere harremanak joritzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.