Euskara azterketa, Ingelesaren pareko

Urtez urte agerian geratzen da: Gaztelania azterketa nabarmen da zorrotzagoa Euskarari buruzkoa baino. Euskara azterketan izaten dira kalifikaziorik onenak.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Begi bistakoa da aldea, eta urtez urteko datuek hori bera berresten dute: Euskara eta Literatura irakasgaiko selektibitate azterketa nabarmen da sinpleagoa Gaztelania eta Literatura irakasgaiarenarekin konparatuta. Ingeles azterketaren antza handiagoa du Euskara probak. Bistan da: EHUn, iaz, ikasleek Euskaran atera zuten kalifikazio handiena —7,35, batez beste—,alde handiz —Ingelesean 6,43 atera zuten, eta Gaztelanian, 6,13—.

Egitura berdintsua dute Euskara eta Ingeles azterketek: testu bat ematen diete, eta ulermena ebaluatu; eta, ondoren, iritzi testu bat taxutu behar dute. Moduak berdintsuak dira horretarako: emandako testuari buruzko galderak egiten dizkiete —Euskarazkoan, test gisan; Ingelesekoan, ez dezakete testuan ageri dena erantzun hitzez hitz—, eta testuko erreferentziak aurkitzeko eskatzen diete: Euskaraz, gaia eta laburpena; Ingelesez, egiazko esaldiak. Hurrena, esaldiak birmoldatzea izaten dute zeregina.

Zorrotzagoa da, ostera, Gaztelania eta Literatura azterketa. Testu bat da probaren lehen zatiaren ardatza. Hara, galderak: laburpena eta gaia eman; sailkatu testua bere izaeraren, erabileraren eta generoaren arabera; azaldu haren eremu semantikoak eta bost hitzen esanahia; eta egin iruzkin kritiko bat. Selektibitatea aldatuta, literaturari buruzko galderak erantzun behar dituzte: EHUn, literatur lan ezagun baten zati bat ematen diete, eta zein liburu den asmatu behar dute eta egilearen eta idatzitako garaiaren testuinguruaren berri eman; NUPen, izenburua ematen diete. Euskara proban, ostera, EHUk ez du galdetzen literaturari buruz.

Nafarroan, ereduaren arabera

Alde horretatik erreparatuz gero, parekoagoak dira Gaztelania eta Euskara azterketak NUPen, euskal literaturaz galdetzen baitute. Baina ez beti: Euskara azterketa diferentea da ereduaren arabera.

Oinarri-oinarrizko ulermen galderak ageri dira NUPeko A ereduko Euskara azterketan. Hara iazko azterketako galdera bat: «Aurtengo moda-denboraldian zein kolore eramanen dira?»; eta aztergai emandako testuan, hitzez hitz: «Koloreei dagokienez, grisa, beltz berriak eta urdin degradatuak nagusituko dira». Antzera jokatzen dute EHUn ere—eredu guztietan berdin—; areago, lau erantzun aukeran jartzen dizkiete ikasleei. Gaztelaniazko ereduetako ikasleentzat oraingo azterketa nahiko zaila badela esanda zuritu izan du EHUk ez parekatzea bi eleetako probak.

Nafarroako D ereduko ikasleen etsamina nabarmen zorrotzagoa da A eredukoenarekin alderatzen bada: aditzen-eta azterketa, testuko ideia nagusien laburpena eta iruzkin kritiko bat eskatzen ditu. Eta ikasgaiaren izenari —Euskal Hizkuntza eta Literatura— jarraiki, ageri da literatura; iaz, Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.