Euskara babesteari ekiteko deia egin dute

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) elkarretaratzera deitu du ehundik gora herritan. Euskararen aurkako erasoak salatu dituzte eta oldarraldi judizialari modu aktiboan aurre egiteko deia egin dute.

UEMAK antolatutako elkarretaratzea, Orion (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
UEMAK antolatutako elkarretaratzea, Orion (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
kristina martin
TOLOSA
2025eko uztailaren 19a
16:37
Entzun 00:00:0000:00:00

Hamabiak jotzear zirela hasi da jendez betetzen Tolosako (Gipuzkoa) udaletxearen aurreko plaza. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak deitutako elkarretaratzera batu dira Tolosaldea eskualdeko herri askotako ordezkariak, alkateak, zinegotziak, euskalgintzan aritzen diren pertsonak, baita bestelako euskaltzaleak ere.

Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren hamaikagarren erasoaren aurkako protesta izan da gaurkoa. Espainiako Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik euskara indartzeko neurri gehienak baliogabetu ondoren, UEMAk epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin du. Ehun herrik erantzun dute, eta, horien artean, Tolosaldeko herri gehienek.

Gipuzkoako eskualde horrek 28 herri biltzen ditu, eta bertakoen egunerokoan euskara da nagusi, etxean eta kalean. Gaurko kontzentrazioan 200dik gora lagun elkartu dira; Tolosako ordezkariekin batera, Lizartza, Berrobi, Leaburu, Alkiza, Irura, Asteasu eta beste zenbait herritakoak ere jarri dira pankartaren atzean. Denek aldarri bera plazaratu dute: bere hizkuntzan bizitzeko eskubidea, baita administrazioarekiko harremanetan ere. UEMAren deialdiarekin bat egin du Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak.

Etsipena, amorrua eta asperdura kutsu bat ere nahasi dira bertaratutakoengan. Elkarrizketetan entzuten dira horrelakoak: «Berriz hemen?» edo «uztaila eta larunbata izateko jende nahikotxo azaldu da». Injustizia pairatzea normalizatuta dagoen seinale. Baina gaurko protestan etsipenaren kontrako mezua eman dute antolatzaileek: ekiteko garaia da. Hartara, botere legegileari eskatu diote aurrea har dezala euskara legez babesteko, eta tokiko hautetsiei eta euskaltzaleei, konpromiso pertsonala.

«Udalei eta hautetsiei mezua: jarraitu oraingo bidean, segi pausoak ematen euskararen normalizazioaren mesedetan; epai horren aurka, jarraitu herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen»

MANEX URRUZOLAGaltzaundi euskaltzaleen elkartea

Ikaztegietako alkate Alba Garmendiak eta Galtzaundiko lehendakari Manex Urruzolak hitz egin dute. Aste honetako epaiarengatik haserrea erakusteaz gain, eskaera zuzen bat egin diete legedia garatzeko eskumena duten euskal erakundeei: «Euskara indarberritzeko prozesuari lege babes sendoa» eman diezaioten. Udalei eta hautetsiei ere eskatu diete euskararekiko konpromisoari eusteko: «Jarraitu oraingo bidean, segi pausoak ematen euskararen normalizazioaren mesedetan; epai horren aurka, jarraitu herritarren hizkuntza eskubideak defendatzen».

Tolosa UEMA
Tolosako udaletxearen aurrean egin den elkarretaratzea, gaur. BERRIA

Euskaltzaleei ere ekiteko deia egin diete: «Inoiz baino gehiago batu eta eragin behar dugu». Izan ere, salatu dutenez, Espainiako epaileek, alderdi politikoek eta sindikatuek euskara zokoratzeko estrategia bat antolatu dute, eta «haien helburua da euskara bigarren mailako hizkuntza izatea eta gaztelania inposatzea», esan du Manex Urruzolak. Ez da, beraz, egonean geratzeko garaia.

Alba Garmendiak gogorarazi duenez, «euskara larrialdian dago, mendeetan zehar jazarria, debekatua eta isildua izan delako». Haren hitzetan, «hizkuntzak ez dira galtzen, desagerrarazi egiten dituzte». Euskara bigarren mailako bihurtu dute, nahiz eta euskara lehenestea erabaki duten hemengo herri administrazioek, herritarren gehiengoaren babesarekin. «Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotza zigorra baita». Amaitzeko, aldarrikapen argi bat zabaldu dute: «Euskarak justizia, lege babesa eta arnasa behar du».

Benetako lege babesa

Martin Aramendi UEMAko lehendakaria Ataungo elkarretaratzean izan da —bertako alkatea da—, eta Tolosan zabaldutako mezua berretsi du. Aramendiren hitzetan, «egoeraren larriak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege babesa. Horretarako deia egiten diegu alderdiei, euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu».

Zarautz UEMA
Zarautzen ere UEMAk egindako deialdiari erantzun diote herritarrek. UEMA

Aramendik jakinarazi du euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin, datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari dela. UEMAk jakinarazi du bat egingo duela horiekin.

Orion ere bat egin dute UEMAko elkarretaratzearekin. Protesta horretan parte hartu du Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak, eta han egin ditu adierazpenak. Epaia plazaratu eta gero emandako mezua berretsi du Orion: «Ez da nahikoa oldarraldia salatzea. Bada garaia erabakigarritasunez aritzeko eta euskararen babesean pauso sendoak emateko. Ezin gara begira geratu».

Kaleko protestekin batera, euskararen aurkako erasoetatik babesteko legeak eskaintzen dituen tresnak ere erabiltzearen beharra azpimarratu du: «Euskararen biziberritzean aurrera egiteko, aro berri bat irekitzeko eta aterpe juridiko berri bat eraikitzeko deia egiten dugu. Baditugu gaitasuna, erremintak eta gehiengoak horretarako».

Koofizialtasuna, paperetik haratago

Espainiako irrati batean egindako elkarrizketa batean epaiari buruz galdetuta, Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak erantzun du euskarak garatzeko eremu propio bat behar duela: «Eremu hori murrizten bada, azkenean euskara gizartean beharrezkoak diren funtzioetarako balio ez duen hizkuntza bat bihurtuko da».

Urrutiak uste du euskara edo gaztelania erabiltzen ez dituzten herritarren diskriminazioa saihestu behar dela, baina, beste alde batetik, haren hitzetan, «koofizialtasuna, paperean ez ezik, errealitatean ere benetakoa izan dadin gutxieneko eremu bat bermatu behar diote euskarari».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.