«Joan Marik, batzordean egin dituen gauzez gainera, Euskaltzaindiari bere osotasunean eman digu kronista bat, lehen eskukoa eta luxuzkoa. Egiten ari ginenaren kronika egiten ari zen, eta aztertzen. Horretan eduki du ikuspegi osoago bat: Euskaltzaindiaren soziologia bat egina zuen, eta egiten segitzen zuen». Halaxe definitu du Lourdes Oñederra euskaltzain, kide eta lagunak Joan Mari Torrealdairen Euskaltzaindiko ibilbidea. Oñederrak ez zuen zuzenean harekin lan egin batzordeetan, baina gogoratu du haren ondoan zuela eserlekua bilera orokorretan, eta harekin batera egin zuela euskaltzain oso izateko urratsa, 2007an: «Normalean ez ginen ados egoten, baina oso ondo pasatzen nuen nik Joan Marirekin». Euskaltzaindiak 2005ean harturiko erabaki baten ondorioz sartu zen Torrealdai Euskaltzaindira. Izan ere, erakundeak erabaki zuen 75 urtetik gorako euskaltzainak emeritu izendatzea, eta gazteagoak sartzea akademiara. «Joan Mari Torrealdai izan zen emeritutasun horren ondorioz euskaltzain oso izatera iritsi zirenetako bat», azaldu du Andres Urrutia orduko eta oraingo euskaltzainburuak.
Ez zen orduan hasi euskararen akademian lanean, ordea; ibilbide «oparoa» egin baitzuen urte anitzetan, Urrutiaren arabera. Hasieratik aritu zen euskara batuaren alde, Euskaltzaindian bertan zein Jakin-en, euskara batua praktikan jarriz. Euskaltzaindiaren 90. urteurrenean, Euskaltzaindia. Ekin eta jarrai liburua idatzi zuen Imanol Murua Uriarekin batera, 2009an. Eta Azkue biblioteka eta artxiboaren proiektuan buru-belarri aritu zen azken urteetan, horren arduraduna baitzen. Puntueus fundazioko presidente ere ibili zen, Euskaltzaindiaren ordezkari.
Torrealdaik berak 2016an Manuel Lekuona saria jaso zuenean azaldu zuenez, 1960ko hamarkadan hurbildu zen Euskaltzaindira, bi «zio» tarteko: alfabetatzea eta euskara batua. Eta, hark oroitu bezala, haren kideek ere gogoan dute nola bultzatu eta defendatu zuen euskara batua, beti. 2018an Arantzazun egin zuten Euskaltzaindiaren azken biltzarrean, hari eman zioten azkeneko adierazpena idatzi eta irakurtzeko ardura: «Guztiok ulertu genuen norbaitek merezi baldin bazuen hori irakurtzea Joan Mari Torrealdaik merezi zuela, besteak beste Jakin-eko zuzendaria izan zelako, eta Jakin-ek beti eutsi ziolako Euskaltzaindiak harturiko euskara batuaren bideari».
Hala gogoratu du Sagrario Aleman euskaltzainak ere: «Arantzazun egindako bilerarako adierazpena berak prestatu zuen, neurri handi batean. Noski, beste batzuek lagunduta, eta guztien oniritziarekin, baina bere gain utzi zen adierazpen hori egitea, lehen ere arlo horretan egin zuen ekarpena handia zelako, Euskaltzaindian eta Euskaltzainditik kanpo, euskararen, euskal kulturaren eta euskara batuaren inguruan». Arantzazuko 2018ko adierazpenean, kezka agertu zuten batuaren aurka zabaltzen ari ziren iritziekin. Belaunaldi berriei transmititzea jarri zuten erronka: «Haiei dagokie eskuratu dieguna osatu, hobetu eta hurrengoei transmititzea».
Adierazpen hura baino 50 urte lehenago Arantzazun egindako biltzarraren eta Bergarako 1978koaren artean egin zuten euskaltzain urgazle, 1975eko ekainaren 27an. Baina aitzinetik hasia zen horretan lanean. 1964ko Baionako biltzarrean parte hartu zuen, eta 1968ko Ermuko eta Arantzazukoetan ere bai, ekarpena eginez: «Arantzazuko arauen betetze maila neurtzeko bi txosten prestatu nituen, 1968an gomendatu ziren arauak idazleek eta editoreek, bai liburuetan eta bai aldizkarietan, nola bete zituzten neurtzeko».
2007ko azaroaren 30ean egin zuten euskaltzain oso, artean Egunkaria-ren aurkako epaiketa egin gabe zegoela; eta 2017an, berriz, euskaltzain emeritu.
Liburutegia eta artxiboa
Euskaltzaindiko sarrera ofiziala 2009ko urriaren 31n egin zuen Torrealdaik, sorterrian, eta «euskal biblioteka nazionalaren aldarrikapena» egin zuen sarreran, Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa hitzaldiarekin. Azkue biblioteka eta artxiboaren ardura eman zioten, eta argitalpen batzordeko kide ere izan zen. «Biblioteka eta artxiboa berrantolatzeko proiektu oso bat» egin zuela azaldu du Urrutiak. Alemanek dolu du haren asmoak bururaino eraman ezin izana: «Kartzela, gaitza, denak etorri zitzaizkion gainera». Biblioteka nazionalarena, berriz, «aukera galdu» bat izan zela azaldu zion Torrealdaik Berriari 2016an: «Instituzioek ez dute aintzat hartzen. Orain, gainera, badirudi ez dela modernoa. Nik dakidana da Mitterrandek Frantzian sekulako biblioteka egin zuela ez direla hainbeste urte. Zergatik? Haiek estatu zentzu bat daukatelako, eta badakitelako hori ere inportantea dela».
Urrutiak oroitu du Anaitasuna aldizkarian ere aritu zela Torrealdai, eta hura ibili zela lanean Euskaltzaindiak aldizkariaren artxiboa digitalizatzea erabaki zuenean. Aldizkariaren historiari eta edukiei buruzko azterlan bat ere egin zuen. Jakintza zabaltzea maite zuela uste du Urrutiak: «Jakintza berarentzat gorde gabe, guztiontzako onuragarri ziren eta diren ekintzetara zabaltzen eta eramaten jakitun izan da».
Euskaltzaindia berritzea
Torrealdaik ideia «argia» zuen Euskaltzaindiari buruz, Urrutiak dioenez: Euskaltzaindiaren «eraberritzea». Baina ez bakarrik egituraren ikuspegitik, «ezpada berak eskaintzen dituen zerbitzu eta emaitzen aldetik: Euskaltzaindia gaurkotzea, Euskaltzaindia gaurko premien arabera kokatzea». «Ikusten zuen Euskaltzaindian hainbeste gauza berritu beharra!», berretsi du Alemanek. Oñederra: «Nik uste dut oso ikuspegi ona eta konstruktiboa zeukala: oso leial eta zintzoa iruditzen zitzaidan».
Haren «xalotasuna» nabarmendu du Alemanek: «Bereizezinak dira egin dituen lanak eta jende guziarekin nola aritu den, berehala prest baitzegoen laguntzeko. Euskaldun guziendako zoritxarra da horrelako pertsona bat galtzea».
JOAN MARI TORREALDAI [1942-2020]
Gehigarri berezia PDFn | Artikulu bilduma | Iritzi artikuluak