EUSKARA BATUAK 50 URTE

Euskara batua, zizelkatzeko premian

Lehen eguna egin du Euskaltzaindiaren biltzarrak. Euskara batuaren ibilbide historikoa aztertu dute, eta esparruz esparru zer egoeran dagoen. Oinarria sendo jarria du estandarrak, baina baditu oraindik bideratu gabeko auziak ere, adituen esanetan. Aurkezpen eguna izango da bigarrena: Euskaltzaindiaren webgune berriarena eta Euskara Batuaren Eskuliburuarena.

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urriaren 4a
06:58
Entzun

Sendotu da, badago zimendua: 50 urteko ibilbidean euskara batuak jarritako oinarria sendo dagoela azaldu dute Arantzazuko biltzarraren lehenengo egunean. Goiz eta arratsalde egin zituzte saioak; lehen zatian, batez ere orain arteko bideari erreparatu diote, euskara batua sortzeko prozesuari eta hizkuntza arlo bakoitzean egin duen ibilbideari. Arratsaldean, berriz, aztergai izan dituzte gutxiagotutako beste hizkuntza batzuen estandarizazio prozesuak, eta, ondoren, mahai tematikoak egin dituzte; besteak beste, inguru digitalean eta hedabideetan zertan den euskara batua.

Gandiaga topagunean ari dira biltzarra egiten. Goizean harrera ofiziala izan dute; bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Oñatiko Udaleko ordezkariak, baita Arantzazuko frantziskotarrenak ere. Estandarra sortzearekin euskarak egindako aurrerabidea goraipatu dute, eta Arantzazuk euskararen ibilbidean izandako garrantzia nabarmendu.

Oraintxe dira 50 urte Arantzazuko biltzarra egin zutela; euskara batuaren oinarriak zehaztu zituzten bilera hartan. Prozesua, hala ere, lehenago hasia zen. Horren azterketa egin du Mikel Zalbide euskaltzainak. Arloz arlo egindako bidea, batua zertan den aztertu dute ondoren. Besteak beste hizpide izan dute BERRIAk asteburuan argitaratutako erreportaje zabala, baita Lourdes Oñederra euskaltzainaren iritzi artikulua ere.

Arratsaldeko saioan, lorpenez bai, baina egiteko daudenez ere aritu dira. Komunikabideei buruzko mahaian, adibidez, zer zailtasun eta muga dituzten azaldu dute BERRIAko eta EITBko euskara arduradunek, eta Tokikomeko lehendakariak. Tokiko hedabide gehienek jada egina dute batuaren aldeko hautua, Jone Guenetxea Tokikomeko lehendakariak azaldu duenez; batua eta tokiko aldaera nola uztartu, hori dute langai. EITBko kazetari hainbatek egindako bideo bat eman dute saioan: zer zailtasun dituzten azaldu dute, eta zer eskatzen dioten Euskaltzaindiari. Besteak beste, ezintasunak izaten dituzte kontzeptu berriak sortzen direnean, nola eman euskaraz; proposatu dute gaztelaniazko Fundeu Fundación del Español Urgente gisako bat sortzea. Andoni Sagarna euskaltzainak proposamen hori bera egin zuen igandean BERRIAn. Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunak, berriz, euskara batuari buruzko aurreiritzi kaltegarriez ohartarazi du.

Lehen eguna saio literario batekin amaitu da: Hitzaldia euskal literatura zaharrari buruz Martuteneko kartzelan. Bernardo Atxaga idazleak eta Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak parte hartu dute.

Bigarren eguna, aurkezpen eguna izango da ostirala Arantzazun. Batetik, Euskaltzaindiaren webgune berria aurkeztuko dute, oraingoa baino erabilerrazagoa. Bestetik, Euskara Batuaren Eskuliburua: Euskaltzaindiak urteotan emandako arauak bildu dituzte, “modu ulerterrazean”. Liburu formatua ez ezik, webgunea ere izango du eskuliburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.