Euskararen Nazioarteko Eguna

Euskara bultzatzeko euskararen derrigorrezko ezagutza eskatzearen aurka dagoela esan du Miren Azkaratek

Euskara bultzatzeko euskararen derrigorrezko ezagutza eskatzearen aurka dagoela esan du Miren Azkaratek gaur Euskadi irratian. "Hizkuntza politikan jardun duen edozeinek esango du gizartearen onespena behar duela lehenik edozein hizkuntza politikak, eta gizarte honek erakutsi du batzuendako mantsoegi eta beste batzuendako azkarregi, baina ikustea besterik ez dago Hezkuntza Sisteman ezarri diren hizkuntza ereduekin gurasoek zer erakutsi duten", nabarmendu du. Horren gainean, obligazioak ezartzen direnean, aldeko jarrerak hausteko arrisku handia egoten dela azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak.

2003ko abenduaren 3a
14:57
Entzun
Hizkuntzak "legeen, agintarien eta era guztietako baliabideen aldetik" beharrezko dituen "babesa, laguntza eta lanerako giroa" aldarrikatu zituen atzo Euskararen Aholku Batzordeak (EAB), Gasteizen egin bileraren ondotik batzorde iraunkorrak onetsi zuen adierazpen instituzionalean. Horrez gain, azken bolada honetan euskarak nahiz euskalgintzak pairatutako erasoen efektuez hausnartzeko eskaera egin zuen atzo Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Hala ere, gaur Euskadi irratian adierazi du, "sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, ez dut defendatuko euskara izateagatik edo euskararen mundu izateagatik delitu batetik edo bestetik libre dagoenik".

Euskararen Aholku Batzordeak atzo onetsi zuen adierazpen instituzionala "gizarte osoaren izenean" idatzia dagoela esan du Azkaratek, eta "orain gizartearena da hitza eta ekimena". Atzokoan, EABren izenean adierazi zuenez, gizarteak, orain arte erakutsitako "euskararen aldeko kemenaz" gain, aurrerantzean "arreta, ardura, atxikimendua eta elkarlana" oinarritzat hartuz jokatu behar du.

Euskalgintzari erasoak

Miren Azkarateri 'Euskaldunon Egunkaria'-ren itxieraz eta Buruntzaperen aurkako operazioari buruz balorazio bat egiteko eskatu diote Euskadi irratian, eta gertatu diren erasoen aurrean, "orain arteko adostasunak eta kontsentsuak hautsi beharrean guztiok elkarrekin egin behar dugu aurrera". Hala ere, behin eta berriz esandakoa errepikatu du Kultura sailburuak: "Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik euskara izateagatik edo euskararen mundua izateagatik delitu batetik edo bestetik libre dagoenik, eta epaileren batek susmoren bat baldin badu, eskubide osoa du eta beharra ere bai gertatu dena ikertzeko".

'Egunkaria'-ko dokumentazio guztia eta fakturak begiratzen aritzeko ordean, Azkaratek ez du uste hori egiteko egunkari bat itxi behar denik, eta "ez dakit zenbat lagun espetxera eraman behar direnik".

Euskara eta gizartea

Euskal herritarrak euskaraz jakin dezaten derrigorrezko izendatzea zuhurtzi falta litzatekeela esan zuen Miren Azkaratek iragan astean, eta hor ikusten duen arriskurik handiena "gizartea kontra izatea" dela nabarmendu du. "Nik defendatu dudana da Estatutu proiektu berrian dagoena, bi hizkuntzak jakiteko eskubideaz mintzatzen da, eta ez obligazioaz", azpimarratu du Azkaratek.

Kultura sailburuaren esanetan, euskal gizartearen %30ak daki euskaraz, eta euskaraz jakiteko obligazioa jartzen denean, epe batzuk edo bitarteko batzuk jarriko beharko direla adierazi du. "Diskurtsoak errazak dira, demagogia askoz errezagoa, gero ardura zuzenean zurea denean, gestioa egiterakoan buelta pare bat baino gehiago ematen dizkiozu buruari, esandakoa betetzeko zer bide eraman behar duzun eta zer neurri hartu behar duzun", gaineratu du.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldia antolatu dute gaur, 19:30ean, Miramongo Teknologia Elkartegian, 'Euskara Mundu guztien esku' izenburuarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.