Helduen euskalduntzea

Euskara doan ikasteko proposamena aurkeztu du Kontseiluak

Lau urte barru euskalduntze prozesuan daudenek matikularen %5-10 bitartean ordaintzea proposatu dute. Gainerakoa HABEk kudeatu dezala eskatu dute Kontseiluko kideek. 

Kontseiluko eta euskaltegietako ordezkariak. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
2017ko uztailaren 5a
07:41
Entzun

Euskara ikastea guztientzat doakoa izan dadin proposamena aurkeztu du Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Honako hauek dira Doakotasuneranzko bidean izeneko proposamenaren gakoak: euskalduntze prozesu osoari laguntza ematea, ikaslearen aprobetxamenduaren araberakoa izatea, doakotasuna bermatzea Eusko Jaurlaritzaren eskumena izatea eta inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea. 

Kontseiluak martxoan jarri zuen doakotasunaren kanpaina martxan, eta, orain, proposamen zehatza egin dio Eusko Jaurlaritzari. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak gogorarazi duenez, "gobernua eratzeko itunean jasotako helburu bat zen euskararen gizarte hazkundea finkatzea, euskal hiztunen kopurua handituz eta hizkuntza gaitasuna hobetuz; bai eta helduek B2 mailara arte euskara doan ikasi ahal izateko prozesua amaitzea ere". Honen aurrean, Kontseiluak C1 mailara arte zerbitzua doakoa izateko eskarea egin du.  

Aldarrikapen historikoa izan da Euskal Herrian euskara ikastea doakoa izatea. "Justiziazkoa delako. Izan ere, herri kohesionatua nahi badugu, herritar guztiei tresna guztiak eskaini behar zaizkie, eta hor kokatu behar dugu berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea", esan du Kontseiluko idazkari nagusiak. 

Proposamenaren gakoak

Lau ideia nagusi jasotzen dira proposamenean. Batetik, euskalduntze prozesu osoari laguntza ematea eta ez bakarrik erabiltzaile independente izan artekoari. "Pertsona baten euskalduntze prozesua noiz bukatzen den zaila da zehazten. Gure proposamenari dagokionez, herritarrek beren burua osoki euskalduntzeko lortu beharreko gaitasunak lortzea dira guretzat oinarri", argitu du Bilbaok. 

Bestetik, doakotasuna ikaslearen aprobetxamenduaren baitan bermatzea proposatu dute. Horretarako, ikasleek %75eko asistentzia bermatu beharko lukete, eta saihestu egin dute doakotasuna erdiesteko ikasmaila gainditu behar izatearen ideia. Euskalduntze prozesua eten ez dadin, 2.000 orduko ikastaro kredituen muga proposatu dute.

Euskalduntzearen doakotasuna Eusko Jaurlaritzaren eskumena izatea ere proposatzen dute; izan ere, gaur egun, maila desberdinetako instituzioek egiten dituzte ekarpenak beren burua euskalduntzen ari diren herritarrei laguntzeko, eta prezio desorekatuak ordaindu behar izaten dituzte ikasleek. Desoreka gainditzeko, euskalduntze prozesu osoak doakoa izan behar duela uste du Bilbaok, eta doakotasuna kudeatzeko "leihatila" bakarra ezartzea proposatu du HABEren bitartez, hau da, edozein dela ere ikaslearen bizilekua edota aukeratutako euskaltegia, matrikula bera ordainduko lukete.

Azken proposamena inbertsio ekonomiko egokiak ahalbidetzea da, doakotasuna bermatu ahal izateko. Bilbaok esan duenez, "euskara ikastea zerbitzu publikoa den heinean, helduen euskalduntze kostuaren zatirik handiena Eusko Jaurlaritzak hartu behar du bere gain, eta ikasleek, gehienez, kostu horren %5-10 bitartekoa ordainduko lukete". Kontseiluak kostuen azterketa estandarra egin du 5.000 eskola ordu eskainiko dituen euskaltegi hipotetiko batekin, eta, horren arabera, lau urte barru, HABEk 42,9 milioi euro ordaindu beharko ditu matrikuletara. 

Elkarlanean oinarritutako proposamena da; izan ere, Kontseiluaren baitako eragileei (AEK, IKA, Maizpide, Urrats eta Hitzez euskaltegiak), beste hainbat gehitu zaizkie: Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai and By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.