Espainiako Estatuak Europako Batasuneko Kontseilura eraman du berriro euskara, katalana eta galiziera ofizial egiteko proposamena. Izan ere, gobernuak akordio bat sinatu zuen JxCekin Pedro Sanchez Espainiako presidente izan zedin, eta akordio horretan jaso zuten konpromiso hori. Orain baino lehen ere Madril saiatu izan da 27ek ofizialtasun hori onar zezaten, baina bazter utzita eduki dute gaia. Alabaina, euskara EBn ofizial izateko proposamenak beste aukera bat izango du maiatzaren 27an, Gai Orokorren Kontseiluko gai zerrendan baitago.
Alabaina, horrek ez du ziurtatzen onartuko denik; EBko estatu bazkide guztiek aho batez onartu behar dute, eta zenbait estatu horren aurka daude edo oztopoak jartzen dituzte. Haien arabera, euskarari, katalanari eta galizierari ofizialtasuna emateak aurrekari bat ezarriko luke beste hizkuntza minorizatu batzuentzat.
«Ahalegin handiagoa dago»
EAJko europarlamentari Oihane Agirregoitiak Onda Vasca irratian azaldu duenez, Europako Batasunean ahalegin handiagoa egiten ari dira «euskal nazioa eta euskara aitortzeko». Agirregoitiak argitu du, ordea, euskara ofizial egiteko proposamena maiatzaren 27ko Gai Orokorren Kontseiluko gai zerrendan egoteak ez duela bermatzen egun horretan helburua lortuko dela. «Ez da lehenengo aldia gai zerrendan dagoena, baina aurrekoan atzera bota zuten ez zegoelako adostasunik». Oraingoan aurrera ateratzea nahiko luke eledun jeltzaleak.
Agirregoitia europarlamentaria, dena den, sinetsita dago azkenaldian «ahalegin garrantzitsua» egiten ari direla eta «konpromiso handiagoa» dagoela proposamena aurrera atera dadin. «Madrilen eta Bruselan», bakoitza bere esparruan ari ei da «euskal nazioaren eta euskararen aitortzaren alde», Kataluniako eta Galiziako alderdiekin eskuz esku, erantsi duenez.