Eguzkibegi ikastolak besoak zabalik hartuko ditu gaur, bigarrenez, euskaltzaleak, Ibilaldia festa dela-eta, Galdakaon, Bizkaian. Ez alferrik, atzotik hasia dute festa, giroa berotzen hasteko. Euskal curriculumean ardaztutako hezkuntza eraldatzailea inoiz baino gehiago behar dela sinetsita, lelo horri helduta ibili dira urte osoko lana erakusten, gaur mezu hori jai giroan lau haizeetara zabaltzeko joango den ororekin.
Iazko udaberrian jaso zuen lekukoa Eguzkibegi ikastolak. 2009an ere egokitu zitzaien Ibilaldia antolatzea, eta beraz, bazuten eskarmentua. Orduko hartan bezala, aurten ere euskal kulturan oinarritutako hezkuntza proiektua zabaltzea da helburua, eta eskualdean ikastolaren funtzioa indartzea. Horrez gain, lau haizeetara zabaldu nahi dute proiektu kooperatibo bat dela, inklusiboa, ikastolako komunitatea aintzat hartzen duena, eta auzolanean ardaztutakoa. Proiektu pedagogiko berritzaileetan inbertitzeko baliatuko dute jaiegun honetan eskuratuko duten dirua.
EGITARAUA
- Ikastolako gunean:
11:00-11:30. Erronka DBH Skape-street.
11:30-12:00. Taupadak dantza eskolaren ikuskizuna.
12:00-13:00. Dantza plaza, Andra Mari.
13:00-14:30. Akerbeltz erromeria.
14:30-15:00. Estitxu Robles eta Dantzaz.
15:30-17:00. Mitxel play diskofesta.
17:30-19:00. Dj Bull.
Haur parkea. Puzgarriak, Txiki Txokoa, makillaje gunea, jolasak, tailerrak...- Romualda Zuloaga plazako gunean:
11:00-12:00. Motx pailazoa kontu kontari.
12:30-13:30. Go! Azen.
13:30-14:00. Taupadak dantza eskolaren dantzaldi interaktiboa.
14:00-14:30. Harriti neska taldearen kirol ikuskizuna.
15:00-16:30. Zazpizar erromeria.
17:00-17:30. Musika eskola kalejira.
17:30-19:00. Kai Nakai.
Suhiltzaileak, puzgarriak, klima azoka, Makusi, Euskaltelen gunea, azoka...- Kurtzeko plazako gunean:
11:00-12:00. Tor magoa.
12:00-13:00. Herri kirolak umeentzat (Sustabiz fundazioa).
13:00-14:00. Herri kirolak erakustaldia (Sustabiz fundazioa).
13:30-14:30. Taberna ibiltaria.
15:00-16:00. Dj Kaktus.
16:00-17:00. Olloki.
17:00-17:30. Erronka sari banaketa.
17:30-19:00. Oxabi.
Kaiku, Eroski, puzgarriak.
Euskaran oinarritutako hezkuntza proiektuaren festa da. Aurtengoa 48. ibilaldia da. Baina, euskara ez ezik, honako balio hauek ere jorratzen ditu: parekidetasuna, jasangarritasuna —garraio publikoa sustatuta—, partaidetza inklusiboa eta bestelako balioen sozializazioa, euskal herritartasunaren nortasuna, kalitatezko hezkuntza eta publikotasuna.
Oinarri horien gainean eraiki dituzte urte osoan ipar izan dituzten leloa eta logoa ere: Magaletik herrire, euskera erdire. Eguzkibegi ikastola Galdakaoko magal batean dago eraikia, eta Ibilaldiaren bidez ikastolaren filosofia herrira gerturatzea dute xede; era berean, ikastolako komunitatea kezkatuta dago gaztelaniaren nagusitasuna dela-eta, eta euskara ere erdira ekarri nahi du.
Leloa bat etorri da mezuaren diseinuarekin, logotipoarekin. Diseinu irekia da, eta egungo joerekin bat egiten du, tipografia hurbila eta irakurterraza baita. Kolore alaiak eta irudi dinamikoa islatzen ditu, eta diseinuan txertatu dituzte Galdakaoko mendiak ere; m hizkia adierazten dute, leloaren magal hitzaren lehen hizkia jasota. Eguzki izpiak erdigunerantz doaz, gainera, euskararen norabidea definitzeko.
Kantarekin bat
Kanta egiteko ere ardatz bertsua baliatu dute. Magaletik herrire du izena. Gotzon Barandiaran sortzaileak egin ditu hitzak, ikastolako ikasleekin, eta abestia eta bideoklipa Oxabi taldeak ondu ditu, ikastolako ikasleekin eta komunitatearekin elkarlanean.
Horrenbestez, dena prest dute gaurko jai handirako. Atzo hasi nahi izan zutenentzat, haur jolasak, 3x3 futbol txapelketa eta DJak izan ziren festa giroa berotzen. Gaur goizean goizetik, berriz, hamaika egiteko izango dira.
Gune guztietan egongo dira haurrentzako gune bereziak, jatekoa eta edatekoa, eta beste hainbat jolas. Antolatzaileek eskatu dute ahal dela garraio publikoa erabiltzeko; hain zuzen, jasangarritasuna da lan ildoetako bat.