Euskara eremu sozioekonomikoan nola txertatu aztertuko dute kongresu batean

Datorren astean, hilaren 18an eta 19an, Languages Lanean kongresua egingo dute Bilbon, Jaurlaritzak antolatuta.

LANGUAGES LANEAN
Arantxa Tapia eta Bingen Zupiria sailburuak, gaur, kongresuaren aurkezpenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko urtarrilaren 8a
13:35
Entzun

Lan munduan hizkuntza aniztasuna nola kudeatu eta euskara nola txertatu eta erabili aztertuko dute datorren astean Bilbon, Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean kongresuan. Urtarrilaren 18an eta 19an egingo dute, Euskalduna jauregian lehen egunean, eta Guggenheim museoan bigarrenean. Euskal Herriko eta nazioarteko adituek hartuko dute parte. Hizkuntzek eta bereziki euskarak eremu sozioekonomikoan duten garrantziaz gogoetatzea eta hizkuntzen kudeaketaren inguruko praktika onak ezagutzea izango du helburu, Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerakoak gaur azaldu dutenez.

Halako topaketa bat egiten den lehen aldia dela adierazi du Zupiriak: «Jarduera ekonomikoaren arloan hizkuntzen kudeaketaren erronkei buruz eztabaidatzeko eta ikasteko aukera izango dugu». Sailburuak gogora ekarri du azken hamarkadetan euskara eremu berriak irabaziz joan dela, batez ere arlo publikoan; eta, orain, «beste pauso bat» eman nahi dute lanaren eta enpresen munduan: «Aztertuko dugu enpresetan nola kudeatzen den hizkuntza aniztasuna, eta horrek zenbateko garrantzia duen funtzionamendurako, enpresa barruko ekosistemarako, bezeroen arretarako... Azkenean, helburua da eremu sozioekonomikoan, beste hainbat aldagai arautzeko eta garatzeko kalitate sistemak erabiltzen direnez gero, hizkuntzen kudeaketa ere sartzea kalitate sistema horien barruan».

Tapiak erantsi du lan mundua eleaniztuna dela, eta kontuan hartzekoa dela enpresek nola diharduten: «Kontuan hartzen al dute zer hizkuntza erabiltzen duten beren negozioa aurrera eramateko? Langileekin, bezeroekin, instituzioekin zer hizkuntzatan komunikatzen dira? Galdera horiei kontzienteki erantzuteko gonbidapena da kongresua». Sailburuaren arabera, EAEko 25 eta 64 urte bitarteko langileen %36 dira euskaldunak; industrian, adibidez, %42 dira. «Horrek errealitate berezi bat adierazten du, eta aukera ematen du gogoeta bat egiteko. Gero eta gazte euskaldun gehiago iristen ari dira lan mundura; euskaraz ikasi dute, batzuk euskaraz bizi ere egiten dira, eta, beraz, zergatik ez euskaraz lan egin?».

Izan ere, langileek euren hizkuntzan lan egiteak «onurak» dakartzala berretsi du Tapiak: «Hobeto komunikatzen da, eta erraztasun handiagoz eta hobeto lan egiten da. Hizkuntza kudeaketari buruzko erabakiak hartzea enpresa munduan lehiakortasuna irabazteko gai bat izan daiteke, kalitatezko produktuak, zerbitzuak eta prozesuak eskaini ahal izateko». Bat etorri da, gainera, Zupiriak egin duen proposamenarekin: «Kalitatearen alorrean, iraunkortasunaren aspektuak txertatu ditugun bezala, bada garaia lan hizkuntza ere kontuan hartzeko».

50 hizlari inguru

Lau hizkuntzatan egingo da kongresua —euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez—, eta 50 hizlari inguru izango dira. Urtarrilaren 18an, Europako eta Euskal Herriko esperientzien berri jasotzeaz gain, hizkuntza kudeaketarekin lotutako hainbat gai jorratuko dituzte zortzi mahai ingurutan: nazioartekotzea, lidergoa, teknologiak, sektore publikoaren egitekoa... Hilaren 19an, berriz, kulturaren eremua aztertuko dute, eta sortzaileak ere izango dituzte hizlari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.