Euskararen normalizazio prozesua indartzea eta euskalgintza babestea du helburu Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua bultzatzen ari den akordio sozio-politikoak. Horretarako, Euskara sustatzeko eta euskalgintza babesteko Akordio Sozio-politikoaren neurriak izeneko proposamena landu du, eta hainbat alderdi eta sindikaturi aurkeztu die.
Orain arte, honako erakunde politiko zein sindikalekin izan ditu harremanak Kontseiluak: Aralarrekin, Batasunarekin, EAJrekin, EArekin, Nafarroako zein EAEko Ezker Batuarekin, Zutikekin, EAE-ANVrekin, ELArekin, LABekin, HIRUrekin, EILASekin, ESKrekin eta CCOOrekin. Halaber, PSE-EErekin zein CDNrekin batzarrak egitekotan direla jakinarazi du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak. "Beste batzuekin", harremanak izateko ahaleginik ez dutela egin esan du Mendigurenek —zeharka PP aipatuz—hain justu, haiek jotzen dituztelako euskalgintzaren kontrako erasoen erantzule. Ipar Euskal Herrian, berriz, Euskal Konfederazioaren bidez ari da Kontseilua hango alderdi eta sindikatuekin harremanak lantzen.
Nolanahi ere, orain arte proposamena aurkeztu dieten alderdi eta sindikatuek "harrera ona" egin dietela agertu du Kontseiluko idazkari nagusiak, eta, ondorioz,epe laburrean hitzarmena gauzatzeko moduan izango dela.
Bi ardatz
Bi ardatz nagusi ditu Kontseiluaren tostenak. Batean, euskararen normalizazio prozesua indartzeko bideak proposatzen dira. Besteak, berriz, euskalgintza azkenaldikoen gisako erasoetatik babesteko neurriak. Izan ere, Kontseiluak ez du uste eraso horiek kanpaina puntual, koiuntural edo taktiko bat direnik, baizik eta "Estatu mailako eraso estrategikoa". Hori dela-eta, euskalgintza babesteko neurri zehatzak nahi dituzte, besteak beste, diru inbertsioak egiteko laguntzak interes tipo baxuekin, prozesu juridikoei aurre egin ahal izateko diru laguntzak ematea, adminsitrazioko zerbitzu juridikoekin elkarlana bermatzea defentsak errazteko, euskalgintza gorabehera politikoetatik babesteko fundazio bat sortzea, euskal instituzioen, alderdien eta gizarte eragileen eskutik Euskalgintzaren egoera nazioartera zabaltzeko plangintza bat egitea…
Iñaki Lasa Kontseiluko Ildo politiko instituzionalaren arduradunak azaldu duenez, urtarrilerako amaitu nahi dute beren proposamena alderdiei eta sindikatuei aurkezteko harremanen txanda. Horren ostean, erakunde horietako bakoitzak proposamena aztertu eta ekarpenak egiteko aukera izango du, eta otsailerako gutxieneko akordio bat gauzatu nahi dute. Hortik aurrera, hirugarren epe batean, hitzartutakoa indarrean jartzen hasiko lirateke.
Euskara