Lexiko arrunta eta teknikoa biltzen dituzten 36.667 sarrera, 5.367 azpisarrera, 57.285 adiera eta 6.753 adibide elkartzen ditu Elhuyarren Euskara-frantsesa / français-basque hiztegiak. 2004an lehen edizioa argitaratuta, honetan eguneratzeko lan bat egin dute, eta, bide batez, adibide anitz sartu. Interneten eta telefonoan oraindik lehen edizioko datuak daude, baina laster jarriko dituzte bigarren argitalpeneko datuak ere eskuragarri.
Tarte horretan Nola erran frantses-euskara hiztegi elektronikoa abiarazi dutela, elkarren osagarri zarete?
Frantsesa-euskara hizkuntza bikotea lantzen duten neurrian, arlo horretan dagoen hutsunea betetzera datoz biak ere. Nola erran erabili dugu kontsulta moduan. Ezagutzen dudan neurrian, Iparraldetik egina izanik, zalantzarik gabe Iparraldeko ezaugarriak eta xehetasunak trebeki jasotzen ditu. Gu Hegoaldetik ari gara, eta, ondorioz, Iparraldeko kulturaz ikuspegi mugatuagoa dugu.
Zein da zuen publikoa?
Frantsesarekin eta euskararekin lanean ari den edonorentzat da hiztegia. Hegoaldean, behintzat, askotan jo izan dugu gaztelaniazko hiztegi batera frantsesa lantzeko. Hori hautsi nahi izan dugu pixka bat, euskara eta frantsesa zuzenean harremanetan jarriz.
Nola aukeratu duzue zer sartu eta zer ez? Hiztegia eramangarria ere bada, eta, beraz, hautaketa bat ere egin duzue?
Bigarren argitalpen honetarako ez dugu berariazko hautaketa lanik egin; lehen ediziorako egindakoan oinarritu gara. Esan behar da euskara-frantsesa zerrenda lantzeko baliabide eta esperientzia gehiago dugula, eta atal horretan oinarrituta beste hizkuntzako atala osatzeko ere baliabideak baditugula. Hala eta guztiz ere, hainbat iturritan kontsulta egin eta, atzera-aurrera askoren ondoren, bi atalak parekatuak izan daitezen saiatzen gara.
Xabier Amurizak Zazpi ebidentzia birjaiotzarakoliburuaren aurkezpenean erran berri du: «Zergatik bilatu behar dut anbizio hitzaren sinonimo bat guztiok ezagutzen dugun hitza bada?». Eta, justuki, hiztegi honetan ez dator anbizio hitza, askonahi, goranahi, lehia aipatzen duzue, baina ez da arras gauza bera...
Ez dut zehazki gogoratzen zergatik ez den anbizio hitza hiztegian agertzen. Oker ez banago, Hiztegi Batuan sarrera da, eta buruhauste asko izaten ditugu maileguen inguruan ere, zer sartu eta zer ez. Baina erabilerari ere asko erreparatzen diogu; printzipioz, erabilera handiko hitza bada, idatziz erabili bada, ez da arazorik izaten hitz bat hiztegian sartzeko. Hiztegiaren tamaina ere kontuan hartu behar da, eta nahitaez nolabaiteko hautaketa egin beharrean aurkitzen gara, baina horretarako hainbat irizpide kontuan hartuta.
Elixabete Etxeberria. Elhuyarren 'Euskara-frantsesa / Français-basque' hiztegiaren arduraduna
«Euskara eta frantsesa zuzenean harremanetan jartzea izan da helburua»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu