Euskara

Euskara Europan ofizial izateko eskaria egin du Espainiak

Albares Espainiako Atzerri ministroak Europako Batzordeari eskatu dio euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizialen erregimenean sartzeko. Irailaren 19an aztertuko dute eskaria. Espainiako Kongresuan ere hizkuntza horiek erabiltzeko aukera emango dute. → Analisia: Bruselan eskubide gehiago Donapaleun baino?

Pedro Sanchez eta Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko kideekin, Madrilen, uztailean. MARISCAL / EFE
mikel p ansa
2023ko abuztuaren 17a
12:29
Entzun

Espainiako Kongresuko Mahaiko presidentea aukeratzeko negoziazioek bide eman diete euskarari, katalanari eta galizierari Europan urrats bat egiteko. Euskal alderdiek PSOErekin ezer hitzartu ote duten ez da zabaldu, baina Junts Per Catalunya eta ERC alderdi katalanek, zeinek bere aldetik, PSOEri konpromiso zehatzak eta benetako urratsak eskatu dizkiote azken egunetan, eta sozialistek erantzun egin dute.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak gutun bat bidali dio Europako Batzordeari, Espainiako Gobernuaren izenean, eta gutun horretan eskatu dio euskara, katalana eta galiziera ofizial bihurtzeko Europako instituzioetan. Vilaweb atariak jakinarazi duenez, Marcos Alonso Espainiak EB Europako Batasunean duen enbaxadore iraunkorrak aurkeztu dio gutun hori Europako Batzordeko idazkari nagusiari.

Zehazki, Albaresek eskatu du aldatzeko Europako Batasunaren erregimen linguistikoa arautzen duen atala, 1. artikulua, erregimen horren barruan sar daitezen euskara, katalana eta galiziera. Horren arabera, Europako beste hizkuntza ofizialen parekoak bihurtuko lirateke hiru hizkuntzak. Artikulu horrek zehazten du Europako Batasuneko instituzioetan «hizkuntza ofizialak eta lanerako hizkuntzak» zeintzuk diren.

Ikusi gehiago:Bruselan eskubide gehiago Donapaleun baino?

Europako Batasunak 24 hizkuntza ofizial ditu onartuak gaurko egunez. Horien artean dago gaelikoa, hitz egiten den lurraldean hizkuntza hegemonikoa ez den bakarra. Euskara, katalana eta galiziera hizkuntza ofizialetan sartuz gero, horrek esan nahiko luke edozein instituziok edo norbanakok aukera izango lukeela Europako instituzioekin hizkuntza horiek erabiltzeko. Lanerako dokumentuak ere itzultzeko aukera emango luke. Baina ikusteko legoke egiazko eragina, Europak dekretuen bidez arautzen baitu ondoren hizkuntzen erabilera, eta ez baititu agiri guztiak hizkuntza guztietara itzultzen berez.

Aho batez onartu behar

Goizean goiz aurkeztu du eskaria Espainiako enbaxadoreak, Vilaweb-en arabera: 08:18an. Espainiako Kongresuko Mahaiko bozketa hasi baino ia bi ordu lehenago, beraz. Ordurako, zabaltzen hasia zen Junts Per Catalunya alderdiak PSOErekin aurreakordio bat egina zuela Kongresuko Mahaiko presidente PSOEko Francina Armengol hautatzeko. Gero jakin da bi alderdiek hitzartutako lau puntuen berri, eta horien artean jaso dute hizkuntza gutxituak Europan ofizial izateko urratsak egitea.

Europako Batzordeak irailaren 19an egingo du hurrengo bilera, Bruselan, eta bilera horretan eskari hori eztabaidatzea galdegin du Albaresek. Pedro Sanchez izango da bilerako burua, gainera, Espainiak hartu baitzuen Europako Ministroen Kontseiluaren gidaritza joan den uztailaren 1ean. Orain arte, legearen artikulu hori aldatu eta hizkuntza bat gehitu izan den guztietan, aho batez hartu du batzordeak erabakia, eta hala egin beharko du oraingoan ere.

Carles Puigdemont Junts Per Catalunyako buruak nabarmendu du «ekintza bat» dela hau, «ez promes bat», eta Pedro Sanchezi eskatu dio azken bururaino eramateko eskari hori.

Espainiak lehenago ere hitzeman izan du hizkuntza koofizialen alde egitea Europan —Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren gobernuaren garaian, esaterako, 2005ean—, baina inoiz ez du urrats hori egin. Eta Juntsek, hain justu, egiaztatzeko moduko ekintzak eskatu dizkie sozialistei azkeneko egunetan, akordioak egin ahal izateko.

Kontseiluaren ongietorri zuhurra

Ongietorria egin dio Kontseiluak hizkuntza gutxituen inguruan iragarritako neurriari, «nahiz eta sinbolikoa izan eta berandu etorri», Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan. Oraindik orain euskaraz bizi ahal izateko bermeak falta direla ekarri du gogora, eta bestelako neurri batzuek lehentasun handiagoa dutela. Espainiako Gobernuaren menpe dagoen justizia administrazioa aipatu du, eta hura euskalduntzeko zein justizia administraziora jotzen duten herritarrek euskaraz egiteko dituzten zailtasunak nabarmendu ditu: «Azkenaldian jasaten ari garen oldarraldi judizialari etena jarriko dioten neurriak ere falta dira».

Ikusi gehiago:https://www.berria.eus/albisteak/231853/psoeren-hautagaia-izendatu-dute-espainiako-kongresuko-mahaiko-presidente.htm

Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta legeariaren ustez, eskaera honek badu bere garrantzia, «aitortza politikoa» egiten baitio euskarari, baina «paradoxikoa da», zera ekar baitezake: Tuterako euskaldun batek hizkuntza eskubide gehiago izatea Europako Batasuneko erakundeetan, bere herrian baino.

Europako Batasuneko Kontseiluak, lehenik eta behin, onartu egin behar du Espainiak egindako eskaera. Urrutiak uste du eskaera estatu batek eginda ez lukeela aparteko zailtasunik izan behar aurrera ateratzeko. Erreglamendua aldatuz gero, lan hizkuntza gisa onartuko lirateke euskara, katalana eta galegoa. Horrek esan nahiko luke buletin ofizialetan eta Europako Batasunak egiten dituen publikazio ofizial guztietan euskaraz ere argitaratuko direla informazioak: «Gure hizkuntzek izaera politikoa hartzen dute».

Baina «paradoxikoa» da, estatuko barne zuzenbideari begira ez baitu aldaketarik ekarriko. Beraz, Nafarroako eremu mistoan edo ez-mistoan bizi diren zenbait euskaldunentzat euskara ez da ofiziala haien administrazioetan, eta, aldiz, Europako Batasuneko erakundeetara zuzentzen badira, erreglamendua aldatu ostean, euskaraz komunikatu ahal izango dira EBrekin. «Europan hizkuntza eskubide gehiago aitortuko zaizkie Euskal Herrian baino; Erriberako euskaldun batek hizkuntza eskubide gehiago izango ditu EBn, Tuteran baino». Urrutiaren ustez, gutxienez parekatu egin beharko lirateke, eta bietan ofiziala izatea izango litzateke zentzuzkoena.

Espainiako Kongresuan ere bai

ERCk eta JxCk, biek negoziatu dute PSOErekin Espainiako Kongresuan ere euskara, katalana eta galiziera erabili ahal izatea. Eta Francina Armengol ganberako presidente hautatu berriak adierazi du gaur bertan sartuko dela indarrean eskubide hori. Armengolek diputatuei dei egin die espazioak sor ditzaten elkar entzun eta eztabaidatzeko, «egiazko Espainiak bere burua hobeto ezagutu dezan, arrazak, hizkuntzak eta identitateak ez daitezen kristalezko hesiak izan». Mahaiko presidente berriak «kolore ugarien eta ñabarduren» Espainia goratu du.

ERCk eta PSOEk izenpetutako akordioaren arabera, Kongresuan ez ezik, euskaldunek, katalanek eta galiziarrek aukera izan behar dute justizia administrazioan ere beren hizkuntzan hitz egiteko, eta Espainiako Estatuko administrazio guztiek hiztun horien eskubideak bermatu behar dituzte. Horretarako baliabideak jartzea hitzartu dute, eta lege organiko bat garatzeko prestasuna agertu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.