Tuteran (Nafarroa) hasiko da ekitaldia martxoaren 26an, eta apirilaren 5ean amaitu Gasteizen. Bitartean, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barna ibiliko dira, gelditu gabe. AEK-ko arduradunek atzo aurkeztu zuten Bilbon 2009ko Korrika, «euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa».
Euskaraz jakin ez eta ikasteko eta transmititzeko eginahala egin dutenen lana goraipatuko dute Korrikan. «Euskal Herrira heldu, euskara ikasi eta erabili, umeei irakatsi eta belaunaldiz belaunaldi gure hizkuntza transmititu duten milaka familia horiek» gogoan izango dituztela azaldu du Brouardek. Gisa horretan, AEK-k esker ona adieraziko die immigrante euskaltzaleei, «egin duten ekarpenagatik eta familia ez euskaldunentzako eredu izan daitezen». Euskal Herritik joan eta «frankismoaren edo frantses estatuko lege jakobinoen erruz» euskara galdu ondoren berreskuratu dutenei ere egingo die goratzarre Korrikak.
Ongietorria eta deia erakundeetako arduradunei eta norbanakoei ere. «Korrikan azaleratutako nahiari kasu egiteko» eskatu die AEK-k agintariei, euskaldunek euskara erabiltzeko eta ez dakitenek ikasteko aukera izan dezaten.
Korrikan bezala, euskarak ere «pausoa arin eta gelditu gabe» eman behar dela gogorarazi du Brouardek, «aurrera ez doana atzeraka hasteko arriskua baitago».
Martxan da kanpaina
Korrikari ekiteko lau hilabete baino gehiago falta dira oraindik, baina AEK-ko arduradunek jarri dute jada martxan ekitaldia aurrera eraman ahal izateko diru bilketa. Korrika 13n hasi zen Korrika laguntzailea kanpaina, eta, harrezkero, gisa horretako diru eskea egiten dute ekitaldi bakoitza antolatzeko. 12 euroren truke, laguntzaileak txapa bat eta txartel bat jasoko ditu. Txartel horrekin, deskontuak izango ditu Euskal Herri osoko hainbat dendatan.
Antolatzaileek dei egin dute laguntzaile egitera. Aurreko urteetan hala izan direnek, etxean jasoko dute horretarako gutuna; lehen aldiz egin nahi dutenek, berriz, AEKren euskaltegietan, bereizgarria duten dendetan eta www.korrika.org webgunean lortu ahal izango dute.
15
Orain arteko Korrikak. Hauek dira orain arte egindako Korrikak:Korrika 1. Oñati-Bilbo
Korrika 2. Iruñea-Donostia
Korrika 3. Baiona-Bilbo
Korrika 4. Atharratze-Iruñea
Korrika 5. Hendaia-Bilbo
Korrika 6. Iruñea-Donostia
Korrika 7. Gasteiz-Baiona
Korrika 8. Iruñea-Bilbo
Korrika 9. Donibane Garazi-Gasteiz
Korrika 10. Arantzazu-Bilbo
Korrika 11. Iruñea-Donostia
Korrika 12. Gasteiz-Baiona
Korrika 13. Maule-Iruñea
Korrika 14. Orreaga-Bilbo
Korrika 15. Karrantza-Iruñea