Euskara nazioarteko zenbat ikastetxe eta unibertsitatetan nola erakusten duten azaldu dute gaur, Donostiako Tabakaleran, Etxepare Institutuak antolatuta. Dozenaka irakasle elkartu dira esperientziak trukatzeko. Euskararen bidez, euskal kulturan eta Euskal Herrian murgildu ohi dira nazioarteko ikasleak, interes handiz.
Etxepare Institutua Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoa da. Euskara eta euskal kultura nazioartean proiektatzen ditu, eta, horien bidez, harremanak eraikitzen ditu beste eskualde, herrialde eta kultura batzuekin. Horretarako, nazioarteko eragileekin lankidetzan aritzen dira, bai kulturaren arloan eta bai esparru akademikoan.
Iñaki Alfaro Bolonia eta Veneziako (Italia) unibertsitateetako irakaslea da. Euskara irakastea ez du soilik lan modura bizi: «Oso aberasgarria eta interesgarria da; gainera, aukera ematen dizu zure erroekin konektatuta jarraitzeko. Kanpoan zaude, beste herrialde batean, etxetik urrun, eta, hala ere, etxean egongo bazina bezala sentitzen zara». Alfaro pozik mintzatu da ikasleek erakusten duten jarreraz batez ere: «Ez dira etortzen ikuspegi pragmatiko hutsagatik; interesa dute benetan, eta hori asko nabaritzen da».
Ikasleen interesa
Argi utzi du ikasleek ez dutela karrera bat osatzeko edo titulu bat eskuratzeko ikasten euskara: «Euskara ikastera etortzen diren ikasleek badute aurretik interesa, pertsonala zein akademikoa. Eta horrek sortzen du benetako konpromisoa».
Alfarok gehitu du ikasturtean ikasle gutxi izaten dituela, «baina garrantzitsuena ikasle gutxi horiek euskararen gaineko interesa erakustea da», haren ustez. «Batzuetan lau, zazpi, hamar... ikasle dira, baina ikasle horiek, benetan, interes handia dute gure hizkuntza eta kulturaren gainean». Euskara eskolak emateaz gain, ikasleek aukera dute hizkuntza beste modura ikasteko: «Udako barnetegietara etortzen dira bi astez, euren opor egunak euskarari ematera. Goiz eta arratsalde klaseak izaten dituzte, guztia euskaraz».
Begoña Muñizek Argentinako Lomas de Zamorako Euskal Etxean eta La Platako Unibertsitatean irakasten du. Azaldu du euskarari ez diotela ematen nahi duten denbora guztia, baina, hala ere, euskarak badu lekua haien ikastetxean: «Urtero euskal jaiak ospatzen ditugu; besteak beste, euskararen eguna. Euskal Herrian ospatzen diren euskal jai guztiak ikastetxera eramaten saiatzen gara».
La Platako unibertsitatean, berriz, bestelako publiko bat izaten dute: ikasle gehienak helduak dira, eta, askotan, arbasoen aztarnak bilatu nahian iritsitakoak. «Hizkuntza ikastea ez da helburu akademiko soila: sustraiekin berriz konektatzeko bidea da, eta horrek atea zabaltzen die euskal kulturaren gaineko jakin-minari».
Kontatu du euskara irakastea ez dela erraza: «Materialak bilatzea, ikus-entzunezkoak eskuratzea... Esfortzua egin behar da. Baina gogoz egiten dugu. Filmak, dokumentalak, euskal jaiak... gure esku dagoen guztia egiten dugu hango ikasleek Euskal Herria barrutik ezagutzeko aukera izan dezaten».
Monika Madinabeitia Etxepare Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria da, eta irakasleek egiten duten lana azpimarratu du. «Izugarria da; ez bakarrik ikasgeletan, baita ekintza kulturaletan. Euskara ikusarazten diete Euskal Herritik kanpoko herrialdeei».
Madinabeitiak azaldu du irakasleek zenbait erronkari aurre egin behar dietela euskara eta euskal kultura zabaltzeko aukera izateko: «Unibertsitate handi eta prestigiodunetan ibiltzen gara, eta gure eskaintza oso txikia da askotan. Hala ere, euskarari tokia egiten diote». Nabarmendu duenez, batzuetan jende gutxik ikasi nahi izaten du euskara, baina, gutxi izanda ere, badute hizkuntzaren gaineko interesa. «Gure hizkuntza munduko beste herrialdeetara eraman ahal izateak zoriontsu egiten gaitu», adierazi du Madinabeitiak.
Madinabeitiak nabarmendu duenez, irakasleez gain, ikerketarako hamabi katedra dituzte mundu osoan. Katedra bakoitza diziplina edo alor jakin bati dagokio; esaterako, Montrealgo (Kanada) Elbira Zipitria katedra hezkuntzari eta berrikuntzari emana dago, eta horren arduradunari ikerketa arloan ekarpen bereziak egitea eskatzen zaio. «Katedrek aukera ematen dute euskararen eta euskal kulturaren ikerketa aurreratua sustatzeko eta nazioarteko unibertsitate handietan presentzia sendoa izateko».