Salbuespenak salbuespen eta keinuak keinu, hizkuntza gutxituak ikusezin dira Espainiako Kongresuan. Orain arte, debeku izan da gaztelania ez beste edozein hizkuntza erabiltzea ganbera horretako eztabaidetan, osoko bilkuretan edo ekinbideen aurkezpenetan. Egoera hori aldatzeko urratsa eginen dute PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG talde parlamentarioek, kongresuko araudia aldatzeko lege erreforma proposamen bat aurkeztuta. Horren arabera, euskara, katalana, galiziera eta aranera erabili ahalko dira batzorde, bilkura eta eztabaida guztietan, bai ahoz bai idatziz.
Sei indarrek adostutako idazkian —akordiotik at geratu da Junts—, ez dira espresuki aipatzen euskara, galiziera edo katalana. Horren ordez, testuan zehazten da diputatuek aukera izanen dutela «autonomia erkidegoren batean ofizialtasun izaera duten edozein hizkuntzatan» aritzeko. Horrek abagune bat zabalduko luke aranera ere zerrendan sartzeko, baina ez asturiera edo aragoiera, esate baterako.
Alderdion asmoa da erreforma bi asteren buruan onartzea, irailaren 26an eta 27an egitekoa den Alberto Nuñez Feijooren (PP) inbestidura saioan aplikatzeko. Helburu horrekin, presazko bidetik tramitatu dute proposamena eta irakurraldi bakarrean eztabaidatuko dute osoko bilkuran, irailaren 19eko astean.
Trantsizio epe bat, itzultzaileak kontratatzeko
Erreforma aurkeztu duten taldeek gehiengo osoa dute Espainiako Kongresuan, hortaz, uste izatekoa da arazorik gabe onartuko dutela eta berehala sartuko dela indarrean. Une horretatik aurrera, diputatuek nahieran erabili ahalko dituzte hizkuntza horiek. Hala ere, apur bat gehiago itxaron beharko dute idatzizko komunikazioetan ere euskara erabiltzeko. Horretarako, ganberako zerbitzuak «egokitu» beharko dituztela adierazi dute, eta proposamenean zehaztua dago «beharrezko baliabide materialak eta pertsonalak» jarriko dituztela itzulpen eta interpretazio zerbitzuetan.
Sei hilabeteko gehienezko epea ezarri dute aldaketa horiek egiteko, eta denbora horretan, talde politikoek beraiek atxiki beharko dute gaztelaniazko itzulpena.
Proposamena aurkeztu duten taldeen asmoa da «presazko deialdi bat» egitea itzultzaileak behin-behinean kontratatzeko eta entzungailuak erosteko, Feijooren inbestidura saioan jada euskaraz, katalanez, galizieraz edo araneraz aritu ahal izateko. Aurrerago, lehiaketa publikoa eginen dute itzultzaileen lantaldea osatzeko.
Patxi Lopez: «Kultur ondarea defendatzeko betebeharra dugu»
PSOEren iturriek berri agentziek adierazi dietenez, sozialistek ERCrekin eta Juntsekin hartutako konpromisoaren ondorio da kongresuko araudia aldatzeko proposamena. Independentista katalanen babesari esker, Francina Armengol (PSOE) hautatu zuten Kongresuko presidente.
Hain zuzen, PSOEren bozeramaile Patxi Lopezek txalotu egin du erreforma: «Pluraltasunak aberasten du Espainia. Gure herrialdeko hizkuntzek ematen diguten kultur ondarea defendatzeko betebeharra dugu, eta hala egingo dugu», idatzi du X (Twitter) sare sozialean.
Nestor Rego BNGko diputatuak ontzat jo du proposamena, «aspaldiko anomalia demokratiko» bat zuzentzeko aukera emanen duelako: «Ulertezina da ordezkari publiko batek ezin erabiltzea hautatu zuten herritar horiexen hizkuntza».