Euskara «lan hizkuntza» bihurtzea xede duen plan bat onartu du Gipuzkoako Diputazioak

Euskararen erabilera sustatuko du plan horrek, 2027ra bitarte; haren ardatzetako bat «kontratazio publiko arduratsua» izango da, aldundiko eledun Irune Berasaluzeren arabera, eta hizkuntza irizpideek tokia izango dute aurrerantzean ere kontratazioetan.

Euskarazko komunikazioaren aldeko ikurra, Gipuzkoako Foru Aldundiko bulego batean. GORKA RUBIO / FOKU
Euskaraz komunikatzearen aldeko ikur bat, Gipuzkoako Foru Aldundiko bulego batean. GORKA RUBIO / FOKU
arantxa iraola
2024ko martxoaren 26a
16:30
Entzun

Gaur onartu du Gipuzkoako Diputazioak euskararen erabilera arautzeko zazpigarren plana. 2027ra bitarteko asmoak biltzen ditu. Irune Berasaluze eledunak planaren nondik norakoak azaldu ditu gaur, foru gobernuaren kontseiluaren ondorenean egindako agerraldian. Ororen gainetik, planak hizkuntza eskubideak «bermatzea» izango du helburu, esan duenez. Lehendik ere, Gipuzkoako Foru Aldundia aitzindari izan da euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza politikak ezartzen, eta bide berean jarraitu nahi du. Euskara lan hizkuntza bihurtzea da plan honen beste helburu nabarmen bat, «jauzi hori» egitea, eta horretarako hainbat gako bildu dituzte planean.

Diputazioko langileen %96k ezarritako hizkuntza eskakizuna egiaztatua dutela jakinarazi du Berasaluzek, eta abiapuntu «sendoa» dela hori aurrera egiteko. Erantsi du «kontratazio publiko arduratsua» dela planaren ardatzetako bat, eta aurrerantzean ere hizkuntza irizpideek tokia izango dutela kontratazio publikoak egiteko orduan, propio horretarako jarritako klausulen bidez.

Berasaluzek gogora ekarri du administrazioak «eredu eta erreferente» izan behar duela hizkuntza eskubideak bermatzeari dagokionez, eta adierazi du horren aldeko urratsak egiten jarraituko dutela, euskara lehenetsita. Euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldi judizialak erakundearen kontra egin duenean ere, euskara defendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Otsailean, adibidez, jakin zen administrari jarduteko 119 lanpostu kolokan zeudela, hizkuntza eskubideen aurkako helegite baten harira, eta langileek protesta egin zuten, LAB eta ELA sindikatuek deituta. Aldundiak bat egin zuen protestarekin, eta hizkuntza eskakizunak irmo defendatu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.