EUSKARA. Orain 20 urte baino baliabide gutxiago euskararentzat

Nafarroako Gobernuak 1989ko maiatzaren 11n sortu zuen, organikoki, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia

Alberto Barandiaran.
Iruñea
2009ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Nafarroan hizkuntza politika egiteko aurrekontu zatia hiru aldiz txikiagoa da orain, duela zortzi urte baino, eta gaur egun ez da iristen Gobernuaren aurrekontu nagusiaren %0,1era. 1989an Idazkaritza Nagusia sortu eta lehen aurrekontua onartu zenetik urtez urte diru sailek izan duten bilakaera aztertuta, nabarmena da euskararen erabilera sustatzeko politikak garrantzia galdu duela Nafarroako Gobernuentzat, eta Gabriel Urralbururen PSNrekin eta, batez ere, Juan Cruz Allik zuzendutako UPNko lehen gobernuekin bakarrik eutsi ziola, diru sailak oso txikiak izanik ere.

Beherakada nabarmenena, baina, 2001. urtean izan zen, Miguel Sanzen bigarren gobernuarekin batera Pedro Pegenautek Zuzendaritza Nagusiaren ardura hartu zuenean, hain zuzen ere. Juan Jose Lizarberen PSNren babespean, Pegenautek saila desegin eta zuzendaritzaren aurrekontua erdira murriztu zen kolpe batez: 4,14 milioi eurotik 2,19ra. Aurrekontu orokorrekiko portzentajeak aintzat hartuta, murrizketa are deigarriagoa da: 2000. urtean %0,19 izan zen. 2001. urtean, berriz, 0,09 baino ez.

2008an, UPNk CDNrekin eratu zuen gobernu berria, eta urte hartan sortu zen Euskarabidea erakundea, Hezkuntza Departamentuaren barnean, «euskararen berreskurapen, sustapen eta garapena» lantzeko. Azken bi urteotan, diru sail gordinari dagokionez, aurrekontuek igoera izan badute ere, ez dute inoiz gainditu %0,1eko muga hori. Alliren gobernuaren %0,28tik oso urrun.

Zuzendaritza nagusia, berez, 1989ko ekainean jarri zen martxan, Jose Luis Mendoza zuzendaritzako zerbitzuburua izendatu zutenean. Aurreko urtean sortutako atalaren barruan Estebe Petrizan zuzendaria eta idazkaria baino ez zeuden lanean. Urte hartako diru sailaren aurreproiektuaren testuan, helburu nagusitzat hainbat departamentutan sakabanatutako ekintzak batzea eta euskararen normalizaziorako bidean ekintza berriak martxan jartzea aipatzen zen. «Egitasmoaren lehen urratsak direla jakinda» irakur daiteke aurrekontuen liburuan, «diru sailen aurreikuspen mugatua egin dugu oinarrizkoak diren hainbat egitasmoari begira, uste baitugu garapena pausatua eta kalkulatua behar duela, nahiz eta sendoa izan. Euskararen egoerak horixe eskatzen du».

1989ko aurrekontu hartan, hiru diru sail nabarmendu ziren: administrazio barruan euskararen erabilera sustatzeko egitasmoa, 324.000 eurokoa; euskararen aldeko kultur egitasmoak laguntzekoa, 270.000 eurokoa; eta euskara zerbitzuak martxan jartzeko udal erakundeei laguntza, 180.000 eurokoa.

Kontzientziazioa helburu

1990ko aurrekontuen proiektua askoz taxutuagoa zegoen, eta Zuzendaritza Nagusiaren hurrengo urteetako egitasmoak orduan finkatu zirela esan daiteke. Garrantzitsuenetakoa, kontzientziazioa izan zen. Horretarako, Euskara denona izeneko kanpaina ibiltaria prestatu zen, hizkuntzari berari prestigioa emateko asmoarekin. Halaber, administrazioan euskara sustatzeko egitasmoa abiatu zuen zuzendaritzak, funtzionarioen hizkuntza gaitasuna sustatzeko. Hizkuntzaren beraren sustapena helburu, hainbat argitalpen prestatu ziren, eta Frankfurteko Liburu Azoka eta Parisko Expolangues azoketan parte hartzea erabaki zen. Udalerrietan euskara zerbitzuak indartu edo martxan jartzeko beste proiektu bat onartu zen, eta hainbat kultur elkarte eta erakunderekin hitzarmenak finkatu ziren.

Bestalde, euskalduntzerako lanean ari ziren elkarteekin laguntza sistema ezarri zen, eta kultur jardueretarako sail berezia zabaldu zen. Denera, ia bi milioi euro. Zuzendaritza nagusiak, zuzendariaz gain, bi atalburu izango zuela erabaki zen. 14 itzultzailek, 11 irakaslek eta bi langilek osatu zuten azpisailaren egitura. 1992an, UPNren lehen gobernuarekin, komunikabideetan euskara sustatzeko diru saila martxan jarri zen.

Urte hartan bertan, eremu ez euskalduneko ikastolei diru laguntza sail berria onartu zuen Nafarroako Gobernuak, eta hizkuntza politikarako diruetatik bideratu zuen, 2007an legeztapena adostu zen arte. Dirua, berez, ikastetxe kontzertatuei ematen zaiena da eta, horregatik, ez da erreportaje honetako zenbakietan kontuan hartu.

1994ko martxoan, administrazioan euskararen erabilera sustatzeko dekretua prestatu zuen Zuzendaritza Nagusiak. Ardatza, foru administrazioan ibilbide elebidunak ezartzea eta iruditeriaren elebitasuna finkatzea zen, eta eremu euskaldunean eta mistoan, administrazioaren lan postuetan euskara baloratu beharreko jakintzen artean sartzea. Dekretuak polemika handia eragin zuen. Euskalgintzako talde ugarik minimotzat jo zuten, baina gobernua sostengatzen zuen UPN alderdiaren barruan onartu ezinezko kontzesiotzat hartu zuten. Jaime Ignacio Del Burgo, Alfredo Jaime edo Jose Ignacio Palaciosek kanpaina gogorra hasi zuten Juan Cruz Alliren aurka, eta dekretua desitxuratzea lortu bazuten ere, polemika alderdiak urtebete geroago izan zuen hausturaren eragileetako bat izan zen.

Esan daiteke, era berean, hortik aurrera Nafarroako hizkuntza politika beherakada etengabean sartu zela. Gaur egun arte iritsi da.

Hiruko gobernua

1995eko abenduaren 26an, PSN, CDN eta EAren arteko hiruko gobernua osatu eta hilabete batzuetara, gobernu akordioa onartu zen euskararen erabilera administrazioan arautzeko. Gaur arte arlo horretan idatzi den testu ofizial aurreratuenetakoa da. 1994ko dekretuaren oinarriak berreskuratzea izan zen: elebitasuna iruditeria ofizialean; ibilbide elebidunak Nafarroako administrazioaren zerbitzu zentraletan; eta funtzionarioen hizkuntza profilen arautzea.

Hiruko gobernuak gutxi iraun zuen, hala ere. Urtebete eskas. Hurrengo urteetan, Zuzendaritza Nagusiko arduradunak behin baino gahiagotan ahalegindu ziren ibilbide elebidunen proiektua berreskuratzen, eta behin eta berriro atzera bota zuten. Fernando Perez de Viñaspre zuzendari nagusiak berak esan zuen, dimisioa aurkeztu ondorengo elkarrizketa batean, UPNren goi mailako agintariek geldiarazi zituztela normalkuntzarako urrats oro, ñimiñoenak izanik ere. «Guk zirriborroa egin genuen departamentu guztiendako [zirkuitu elebidunak ezartzeko]: lanpostu guztiak diseinatu, baliabideak jarri genituen sikiera gutxienezko zerbitzuak abiatzeko. Zenbait kontseilarik onartu zuten, eta [presidentzia kontseilari] Rafael Gurrearengana eraman zuten erabakia, baina... han gelditu zen».

2000. urtearen hasieran, eta ofizialtasunaren aldeko kanpaina handia Nafarroa osoan burutu eta gero, PSNk Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari mugak jarri beharra nabarmendu zuen. Miguel Sanzek hordagoa onartu, eta administrazioan euskararen erabilera murrizteko dekretua prestatzen ari zirela iragarri zuen. Oinarrian, elebakartasuna nagusi. Zirkuitu elebidunen arrastorik ez. Iruditeria, eta seinalizazioa, gaztelaniaz. Ingelesa eta alemana jakitea, euskalduna izatea baino garrantzitsuagoa.

Ondorioz, Zuzendaritza Nagusiko buruen dimisioa etorri zen. Ondorioz, zuzendari berria, Pedro Pegenaute ultraeskuindarra. Ondorioz, inoiz ez bezalako aurrekontu murrizketa 2001. urteko aurrekontuetan: erdira. Ondorioz, irizpide berriak: vascuence hitza barra-barra, euskara-ren partez; Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza, Unibertsitateetarako zuZendaritzarekin batera, Barne Departamentutik kanpora atera zuten; Euskaltzaindiari eta beste erakundeei diru laguntzak kendu zizkieten, itunak aldarrikatzeko. Administrazioaren hiztegi ofizialean ere, aldaketak. Sustatu, garatu eta gisako hitzak desagertu ziren, eta aztertu eta ikertu nagusitu. Kontzientziazioaz, zabalkundeaz edo euskal lurraldeekin proiektu komunez, deus ez.

Diru sailetan ere, aldaketa esanguratsuak gertatu ziren: ia sail guztiak izoztuta, eta asko desagerrarazi zituzten. Sustapenarekin zerikusirik zuen guztia, esaterako. Joerak ez du etenik izan. 2006an, Zuzendaritza Nagusiak zortzi langile baino ez zituen, zuzendari nagusia barne.

2007ko irailean, Miguel Sanzen laugarren gobernuak Euskarabidea sortu zuen. 2008ko aurrekontuen proiektuan, berreskurapena, sustapena eta garapena hitzak agertu ziren berriro. Baina urte horretako aurrekontuan, lau milioi euro pasatik ia 600.000 izoztuta geratu ziren, «krisiagatik».

Aurtengo aurrekontuan, berriro jaitsiera: 3.145.640 euro. Aurrekontu orokorraren %0,07.



Bost zuzendari nagusi,bost garai

Estebe Petrizan (1988-1991)
PSNren gobernua sostengatzeko EAk sinatutako hitzarmenaren bitartez etorri zen Petrizan izendatzea. Jose Luis Mendozaren laguntzarekin, zuzendaritza martxan jarri zuen, eta, horretarako, Katalunian eta EAEn abiatutako zuzendaritzak aztertu zituen. Zituzten lehen helburuak lortu zituztela dio Petrizanek, «bat izan ezik: Xorroxin eta Euskalerria Irratiarentzat lizentzia lortzea».

Jose Maria Rodriguez Otxoa (1991-1996)
Garai emankorrena izan zen, bere gutxian. Miguel Sanz Barne kontseilaria zen, eta Rodriguez Otxoak beti nabarmendu du gobernuaren barnean UPN alderdian bertan baino jarrera hobea aurkitu zuela. «Alliren babesa nuen, eta Miguel Sanzen oniritzia». Garairik zailena, administrazioan euskara sustatzeko dekretuaren ingurukoa izan zen. Leundu behar izan zuten, UPNren alde eskuindarrenak bultzatuta.

Fernando Perez de Viñaspre (1996-2000)
Ibilbide elebidunak ezartzen saiatu zen, baina UPNren eta PSNren inboluzioarekin egin zuen topo. Aurrekontuak igo egin ziren haren agintaldian, baina kopuruetan bakarrik, praktikan jaitsiera etengabea izan zelako. 2000ko ekainean, eta UPNk administraziorako dekretu murriztailea prest zuela jakin eta berehala, dimisioa aurkeztu zuen.

Pedro Pegenaute (2000-2007)
Euskaraz tutik ez zekien lehen zuzendari nagusia izan zen. Aurretik egindako lan guztia deuseztatzera iritsi zen. Lehen elkarrizketan, Zuzendaritza Nagusian «ordena» jarri nahi zuela iragarri zuen, eta ikerketarako diru laguntzak eta Nafarroa Oinez, UEU eta Eusko Ikaskuntzaren laguntzak izoztu zituen, eta sustapen kanpainak bertan behera utzi.

Xabier Azanza (2007tik)
Aire berriak zekartzala eta, «pazientzia» eskatu zuen Euskarabideko zuzendari nagusi egin eta berehala, baina bi urteotan desilusioa baino ez du eragin euskararen inguruko elkarte eta taldeetan. Azken urtean, diru saila ia milioi bat euro gutxiagorekin utzi dute Gobernuaren murrizketek, eta komunikabideentzako diru laguntza, esaterako, ia ezerezean geratu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.