Eusko Jaurlaritzak euskara salbuesteko dekretuaren azken bertsioa aurkeztu du gaur, Gasteizen. Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren arabera, "urrats erraldoi bat" da euskararen normalizazioan, eta uste du ez dagoela "justifikatuta" ikasketak euskaraz egin dituztenei administrazio publikoetan eta beste erakunde batzuetan lan egiteko hizkuntza hori ezagutzen dutela egiaztatzeko ziurtagiria eskatzea.
"Herrialde normal baten gisa funtzionatzen hasi gara, herritarrei haien hizkuntza ofizialean inolako hizkuntz ziurtagiririk exijitu gabe", esan du.
Dekretuaren testua datorren apirilaren 3ko Gobernu Kontseiluan onartuko da, eta apirilaren 16an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Dekretu horren bidez, tituluak aurkeztetik salbuetsiko dituzte euskaraz ikasi dutenak. 2008ko apiriletik lortutako tituluetan izango du eragina euskara salbuesteko dekretuak.
Bestetik, Zelaak gogorarazi du gaur egun 37.000 lagun ari direla euskara ikasten HABEko euskaltegietan, eta nabarmendu du horiek salbuespenei buruzko dekretuaren onuradunak izan daitezkeela, "azterketetara aurkeztu behar ez izateak ekarriko dien diru eta denbora aurreztearekin".
"Badakigu zein den egoera soziolinguistikoa. Horregatik ez da salbuespen unibertsala izango. Tentuz eta orekaz ari gara", azaldu du Zelaak. B eta D ereduetako ikasleak salbuetsiko dituzte, Euskara ikasgaia gaindituz gero.