Beatriz Fernandez. EGEOren editorea

«Euskara ulertu nahi baldin badugu, ez da nahikoa euskara aztertzearekin»

EHU.
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2023ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Hizkuntzalaria da Beatriz Fernandez (Portugalete, Bizkaia, 1964) eta edizio lan asko egin ditu, besteak beste, Oxford University Pressen eta EHUn. Hala ere, haren esanetan, EGEO editatzea «diferentea» izan da.

Zehazki zuk zer egin duzu?

Edizio lana egin dut. Patxik [Goenaga], gutxi gorabehera, 1.000 orri eman zizkidan; orri horietatik batzuk hartu nituen. Kapitulu bakoitzaren hiru bertsio nituen, iruzkinak, gauzak errepikatuta... Horri guztiari forma eman behar zitzaion, puzzlea osatu eta testua orraztu. Eta sareratu. Hori guztia egitea tokatu zait. Lan handia izan da. Oso pozik nago, baina ez nuke berriz ere horrelako lanik egingo.

Nola hasi zenuten proiektua?

Patxik lanaren bertsio bat eman zidan aspaldi, nik iruzkinak egiteko. Horren ostean, urteak igaro ziren berririk izan gabe. Eta, halako batean, bigarrenez eman zidan materiala. Konfinamenduaren osteko uztailean, asteburu-pasa joan nintzen Mundakara [Bizkaia], Patxirekin xehetasunak eztabaidatzera. Lehenengo egunean eztabaida ikaragarria izan genuen. Ez zen politikaren inguruan izan, adposizioen inguruan baizik. Ia dena bertan behera uztera eraman gintuen, baina lanari ekin genion hurrengo egunean. Estima eta errespetu handia diot Patxiri.

Arazo teorikoei muzin egiten ez dion gramatika dela esan duzu. Zeintzuk dira arazo horiek?

Adibidez, nola idazten da euskaltegi hitza, g-rekin edo gu-rekin? Hori arauek ezartzen dute. Patxiri ere tokatu izan zaio arautzea, baina orain euskara deskribatu nahi izan du. Adibide bat: idatzi dut zer da? Adizki bat. Horren barruan, aditz nagusi bat dago, idatzi; eta, gero, beste hitz txiki bat: aditz laguntzailea. Eta zergatik esaten dugu «etorri naiz Bizkaia aretora», eta ez dugu esaten «etorri dut Bizkaia aretora?». Gaztelaniaz «he venido» eta «he escrito» esaten da. Zergatik du gaztelaniak aditz laguntzaile bakarra eta guk bi? Katalanez ere bakarra dago: «he vingut» eta «he portat». Patxik horren inguruko hausnarketa egin du lanean, hizkuntza deskribatu nahi izan duelako.

Unibertsitateko ikasleentzatdela aipatu duzue. Euskara ikasten ari direnentzat?

Edozeinentzat. Gramatikariok aztertzen dugu gaskoia nolakoa den, katalana, frantsesa, gaztelania... Euskara ulertu nahi baldin badugu, ez da nahikoa euskara aztertzearekin. Giza hizkuntza guztiak dira gaitasun beraren erakusgarri. Antzekotasun ikaragarriak daude munduko hizkuntzen artean. Espezie bereko gizakiak garen aldetik, daukagun gaitasuna bera delako.

Zein da lan honen eta beste gramatika lanen arteko desberdintasuna?

Hau ez da gramatika arau emailea. Arau emaileei bost axola zaie dut, det edo dot den: dut euskara batua dela esaten dute eta kito. Guk, ordea, azaldu nahi dugu ea zergatik dauden dut bezalako aditz laguntzaileak munduko hizkuntzetan, besteak beste. Horregatik da desberdina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.