Euskarak %5eko balioa izanen du Iruñean, irratien lehiaketan

Nafarroako Gobernuak 44 lizentzia banatu behar ditu, haietako bi bakarrik hiriburuan; Euskalerria irratia bat lortzen saiatuko daSanchez de Muniainek konpromisoa hartu du lehiaketa urria baino lehen erabakitzeko

Euskalerria irratiaren emankizun bat. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Eremu euskaldunean, ehundik hamar puntu; mistoan, berriz, bost. Hori da, gehienez ere, euskararen erabilerari emanen dioten balioa, Nafarroako irrati lizentziak banatzeko eginen den lehiaketa publikoan. Foru Gobernuak gaur bertan argitaratuko du Aldizkari Ofizialean deialdia, eta apirilaren 2tik aurrera aurkeztu ahal izanen dira proiektuak. Nafarroako Gobernuak konpromisoa agertu du lehiaketa urria baino lehen erabakitzeko. Hilaren 13an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean ikus-entzunezkoen dekretu berria, eta haren eskutik etorri da oraingo lehiaketa.

Denera 44 lizentzia daude Nafarroan partitzeko, baina haietako bi bertzerik ez dira Iruñean emateko. Horietako bat lortzen saiatuko da Euskalerria irratia, Mikel Bujanda zuzendariak azpimarratu duenez. «Oztopoak dauden arren, aukera gisa hartu nahi dugu deialdi hau, eta proiekturik onena aurkeztu. Nafarroako Gobernuarentzat ere aukera ona izan daiteke oraingo deialdia gauzak behar bezala egin ditzan», erran du Bujandak. Irratiak lizentziarik gabe jarraitzen du. 1998. urtean egindako banaketan esku-hutsik gelditu zen, puntu gehien jaso arren. Epaitegietara jo zuen irratiak, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago auzia. Haren erabakiaren zain dira Euskalerria irratiko arduradunak.

Euskarari eman zaion balioaz ari da Mikel Bujanda, bertzeak bertze, oztopoak aipatzen dituenean. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Juan Luis Sanchez de Muniainek azpimarratu du oraingo lehiaketako baremoan lehendabiziko aldiz kontuan hartu dela euskara «modu derrigorrezko, objektibo eta zehatzean». Bujandaren ustez, ordea, deialdiak ez du deus berririk, euskarari dagokionez, 1998. urteko lizentzien lehiaketarekin alderatuz gero.

«Eskema orduko bera da; programazioaren %20 euskaraz ematen duten irratiek bost puntu jasoko dute; gutxiago ematen dutenek punturen bat lortu ahal izanen dute; gehiago ematen dutenek, ordea, ez». Hau da, berdin izanen da programazioaren %20, 30 edo osoa ematea euskaraz. Gehienez ere bost puntu jasoko dute eremu mistoko irratiek. «Zentzurik gabeko egoera sortzen du horrek, eremu mistoan, denera, gehienez, 95 puntu jaso ahal izanen delako».

Iruñean bakarrik bi lizentzia banatzea ere oztopo izan daitekeela erran du Euskalerria irratiko zuzendariak, hautagai anitz dagoelako. Deialdiak irrati kate handiei mesede eginen diela uste du Bujandak, eta kritikatu du euskara hutsez ari diren irratientzat lizentziarik gorde ez izana.

Euskalerria irratiko buruak gogoratu du 2010eko martxoan Espainiako Kongresuak adierazi zuela beren borondatearenkontra egoera irregularrean zueden irratien egoera berriro aztertu behar zela. «Pena da, baina hori ez du kontuan hartu Nafarroako Gobernuak». Espainiako Kongresuak Nafarroa Bairen ekimenez onartu zuen adierazpen hori.

Hiru atal puntuak banatzeko

Lizentzien lehiaketak hiru atal zehaztu ditu parte hartuko duten irratien artean puntuak banatzeko. Irrati eskaintzari dagokiona da nagusia. 50 puntu lortu ahal izanen dira hari esker; hau da, puntu guztien erdiak. Euskararen erabilera atal horretan hartuko dute kontuan. Bada bertzerik: ekoizpen propioa egiteagatik, hamar puntu jaso ahal izanen dira, gehienez ere; tokian tokiko eta Nafarroako programazioa egiteagatik,berriz, hamalau; herritarrentzat erakargarri izan daitezkeen bertzelako edukiak jorratzeagatik, bertze hamar; eta, azkenik, egungo irrati dialean ez dauden edukiak eskaintzeagatik, bertze sei puntu.

Ekonomiari dagokio bigarren atala, eta 30 puntu lortzeko aukera ematen du. Irrati proiektuek tokian tokiko ekonomia laguntzen ote duten hartuko du kontuan epaimahaiak. Hirugarren atalak egokitzapen eta berrikuntza teknikoari eginen dio so, azkenik, eta 20 puntu banatuko ditu, gehienez ere. Horiek dira erabiliko dituzten irizpideak.

Nafarroako Gobernuak 2006. urtean hasi zuen irrati lizentziak banatzeko prozesua. Sei urtez egon da geldirik, ordea. Espainiako Gobernuak ikus-entzunezkoen lege berria onartu zuen 2010. urteko maiatzean, eta haren harira onartu du Nafarroako Gobernuak bere dekretua. Dekretu horrek martxan jarri du lizentzien banaketa, berrriz ere. Datorren urria baino lehen amaituko da.

Orain arte 20 lizentzia banatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta lehiaketa berriaren bidez, orain arte FMko irrati komertzialak entzuteko aukerarik ez zuten hainbat herritara ailegatuko dira lizentziak, Nafarroako Gobernuak azpimarratu duenez. 44 banatuko dituzte denera. Haietako bi lizentzia 1998ko lehiaketan hutsik gelditu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.