Kanpora begirako nazio marka bat eskatu dute euskararentzat

Nazioartean ikusgarria izan dadin euskarak marka estrategia adostu bat behar duela esan dute EHUren Udako Ikastaroetan.

Muguruza, Odriozola, Larraza, Garai eta Olea, gaurko mahai inguruan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Muguruza, Odriozola, Larraza, Garai eta Olea, gaurko mahai inguruan. ANDONI CANELLADA / FOKU
2025eko uztailaren 9a
19:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Garaikidetasunak ez dio traizio egiten tradizioari». Hala esan du Irene Larrazak, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Bide horretan, hizlariek esan dute euskara mendeetan kontserbaturiko altxortzat hartzen dela askotan; exotikoa bezain tradizionala, akademikoa bezain informala, aspergarria bezain ulertezina. Modu askotara definitu daiteke euskara, baina bat falta da: modernoa.

Nazioarteko irakaskuntza testuinguruetan euskararen inguruan egiten den kontakizunari buruz egin dute EHUren Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XV ikastaroan, gaur. Nola kontatu nahi dugu euskara? mahai inguruan, bai Euskal Herrira, bai kanpora helarazten den euskararen irudiaren inguruan hausnartu dute Irene Larrazak, Estitxu GaraiEHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazio errektoreordeak, Beñat Muguruza EHUko irakasleak, Urtzi Odriozola Codesyntaxeko informatikariak eta Arkaitz Olea San Telmo Museoko bitartekaritza arduradunak.

Nazio markarako estrategia bat beharrezkoa dela esanez hasi da Garai. «Nazioartean proiektatu behar dugu euskara bezalako hizkuntza bitxia, zaharra, exotikoa eta abar ez dagoela museo batean gordeta, erabilgarria dela», aldarrikatu du Garaik. Gainerako hizkuntza gutxituekin gertatzen den bezala, askotan «hain berezi» egiteak funtzionaltasuna kentzen diola azaldu du. Haren hitzetan, egiazkotasuna bai, baina erabilgarritasuna ere garrantzitsua da. 

«Nazioartean proiektatu behar dugu euskara bezalako hizkuntza bitxi bat ez dagoela museo batean gordeta, erabilgarria dela»

ESTITXU GARAIEHUko Bizkaiko Campuseko eta Komunikazio errektoreordea

EHUko errektoreordeak proposatu du «herri hitzarmen nazional» bat egitea, eragile bakoitzak komunikazio plan antolatu bat izan dezan, frogatzeko euskara aberasgarria dela zientziaren arloan, eta egun kultur sorkuntza askotarikoa duela, besteak beste. Erakundeek plana bere egin eta, hala, nazioartean euskarak bere marka izango lukeela egin du apustu Garaik. Bat egin du Oleak: «Kakofonia puntu bat dago. Denok norabide berean goaz, baina aniztasun oso handia dago eragileen artean». Bide beretik, arlo teknologikoan euskarak presentzia baduela onartu du Odriozolak. Hala eta guztiz ere, estrategia bat «funtsezkoa» dela argudiatu du: «Estrategia jakin bat balego, inguruko enpresa eragileek tresna batzuk izatea ahalbidetuko luke, eta lanak beste era batera bideratuko lirateke». 

Muguruza ere bat etorri da marka bat sortu behar dela, baina urrun ikusten du hori. «Nola aurkeztu nahi ditugu [Etxepare Institutuko] irakurle euskaldunak nazioartean? Exotiko bezala? Nazioartean homologatuta dagoen kultura bateko kide bezala? Edo erabat marjinatuta dagoen bat bezala?», galdegin du Muguruzak. Euskarak dituen estereotipoen artean aukeraketa bat egin beharko litzatekeela esan du orduan Garaik. Muguruzari, berriz, iruditzen zaio marka bakoitzak abantailak eta desabantailak dituela. «Euskararen zailtasuna azpimarratzeak ez du abantailarik. Jendeak euskara ikastea nahi badugu, geure burua hizkuntzaren zailtasunarekin justifikatzeari utzi behar diogu», defendatu du EHUko errektoreordeak. 

«Ez dago aisialdirako euskarazko erreferente garbirik»

URTZI ODRIOZOLACodesyntaxeko informatikaria 

Erresonantzia kaxa eguneratuak

Sortzen diren hitz tekniko eta termino berriak jaso eta gordeko dituzten erresonantzia kaxen garrantzia azpimarratu du Muguruzak. Gehitu du, halaber, ezinezkoa zaiola zehaztea aipaturiko kaxa horiek etorkizunean nolakoak izango diren, egungo digitalizazio etengabearen ondorioz. San Telmo museoa eta Donostia bera erresonantzia kaxa egokiak direla iradoki du Oleak: «Museora gerturatzen diren asko atzerritarrak dira. Jendeak jakin-mina du; galdetzen du euskararen inguruan».

Atzerritarrei euskararen inguruko jakin-mina sortzeaz gain, arreta euskal gazterian ere jarri behar dela uste du Odriozolak. «Gazteek askotan hika erabiltzen dute kalean, cool delako. Euskara batua ikasgelarekin lotzen dute, zerbait aspergarriarekin», esan du. Aisialdiarekin jarraitu du: «Gazteak prest daude euskarara itzulitako bideojokoekin jolasteko, haien helburua jolastea baita. Are gehiago, ikusi dute euskaraz ere ondo pasa dezaketela». Informatikariaren arabera, euskara gazteek egunerokoan erabiltzen duten teknologiarekin lotu ezean, gaztelerara joko dute berriro. «Ez dago aisialdirako euskarazko erreferente garbirik», bukatu du Odriozolak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.