Euskara

Euskaraldia aurkeztu dute Nafarroan, euskararen erabileran "jauzi kualitatiboa" egiteko helburuarekin

Erakundeek eta euskalgintzak euskararen erabilera aktibatzeko bat egin dutela nabarmendu dute. Iruñeko Kondestable jauregian aurkeztu dute egitasmoa.

Euskaraldia egitasmoaren aurkezpena, gaur, Iruñeko Kondestable jauregian. EUSKARABIDEA
2018ko martxoaren 14a
07:33
Entzun

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean 11 egunez luzatuk da Euskaraldia, euskararen erabilera areagotzeko egitasmoa. Azken asteetan Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdeetan ari dira aurkezpen saioak egiten, eta, gaur, Nafarroako aurkezpen ekitaldia egin dute Iruñeko Kondestable jauregian.

Bultzatzaileek azpimarratu dutenez, erakunde publikoen eta euskalgintzaren alorreko eragileen arteko elkarlanaren isla izango da egitasmoa. Horren adierazgarri, aurkezpen saioa bera. Parte hartzaileen artean izan dira Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Elena Laka eta elkarteko koordinatzaile Oskar Zapata.

Ollok adierazi du Nafarroan euskal hiztunen "oinarri sozial garrantzitsua" dagoela eta hiztun horiek "jauzi kualitatiboa" eman dezaketela euskararen erabileran, gizarte bizitzaren arlo guztietan. Nafarroako Gobernua ekinaldi horretan "eragile aktiboa" izango dela ziurtatu du.

Zapataren iritziz, "helburu polita" lor daiteke herriz herri euskaltzaleen arteko sareak josten badira eta euskalgintzako eragile guztiak elkarlanean aritzen badira.

Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaleen Topaguneak hitzarmena sinatu dute, gaur, Euskaraldiaren antolaketa eta garapenerako.

Kike Amonarriz soziolinguistak hitza hartu du aurkezpen ekitaldia. Amonarrizen esanetan, euskara "bidegurutze batean" dago. "Ulermenetik erabilerarako urratsa ematea gertatzen bada, euskara normalizatzeko bidean jarriko dugu". Haren esanetan, badira urrats hori emateko aldeko baldintzak. "Erakunde publikoak eta euskalgintza eskutik hartuta" daudela nabarmendu du.

Euskararen erabilera suspertu eta euskaldunak ahalduntzeko BAM! esperientziaren berri eman du Eneko Gorrik ekitaldiaren amaieran. Azaldu duenez, Baiona, Angelu eta Miarritzen 2017ko azaro eta abendu artean egindako dinamikak segida izango du hurrengo hilabeteetan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako euskaltzaleen artean.

Euskaraldian parte hartu nahi duten herriek apirilaren 8ra arteko epea dute izena emateko. Orain arte egitasmoan izena eman duten herriak zein diren kontsultatu daiteke Euskaraldiaren webguneko mapan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.