Euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala da Euskaraldia. Zenbaitentzat, erronka bat izango da: euskaraz gehiago hitz egiteko, ulertzeko. Ahoak biziago eta belarriak prestago edukitzeko. 83 herritan, baina, badute beste erronka bat ere: Euskaraldia Hika. Hitanoa gehiago erabili edo entzun nahi duten ehunka herritarrek eman dute izena ekinaldi horretan.
Esaterako, Zarautzen, Oñatin (Gipuzkoa) eta Goizuetan (Nafarroa). Lucia Etxeberria Goizuetako ZirHika taldeko kidea da —hitanoa sustatzea dute helburu—: «Euskara nahiko osasuntsu dago gure herrian; horregatik, guretzat, hitanoa sustatzea da erronka, eta, batez ere, noka». Izan ere, toka, gizonei egiten zaien aldaera, «oso hedatua» dago; emakumeena, noka, ez: Nesken artean, oso gutxi hitz egiten da noka, eta mutilek neskekin ere ez dute noka egiten». Horri buelta emate aldera, 2022tik lanean ari dira Goizuetan, eta Euskaraldia hori «indartzeko» aitzakia bat izan da. Oraingoz, 170 herritar inguruk eman dute izena Euskaraldian, eta horietatik 120-125ek baita Euskaraldia Hika egitasmoan ere. Baina parte hartze hain handia izatea ez da kasualitate hutsa, ezpada egindako lanketaren ondorioa: noka ikastaro bat antolatu zuten irailean, «oinarri bat» jartzeko; «txuleta bat» osatu dute Goizuetako euskalkiko hitano formekin; Kutxidazu bidea, Ixabel antzerkia eskaini dute... Eta zehazki Euskaraldira begira, hikaguneak identifikatu dituzte, hitanoa eroso erabiltzeko guneak: «Establezimendu horiek pegatinak dauzkate; bertako langileek konpromisoa hartu dute hika baldin badakite hika hitz egiteko bezeroei, eta ez dakitenak prest daude dakiten bezeroei entzuteko».
«Euskara nahiko osasuntsu dago gure herrian; horregatik, guretzat, hitanoa sustatzea da erronka, eta, batez ere, noka»
LUCIA ETXEBERRIAGoizuetako ZirHika taldeko kidea
Balorazio «oso ona»
Oñatin ere urteak daramatzate hitanoa hauspotzeko lanean. Euskaraldia Hika «beste bultzada bat» delakoan dago Idoia Etxeberria, Ingo Xonau taldeko kidea: «Ariketa oso polita da, zeren, Oñati euskaraz bizi denez herri moduan, hitanoarena erronka gehigarri bat da parte hartzaileentzat». Balorazio «oso ona» egin du: 832 herritar ari dira Euskaraldia Hika egitasmoan parte hartzen —partaideen %43—; erdiak gizonak dira, eta erdiak emakumeak. H pegatina jarri dute txapan: «Pegatinak bukatu egin ziren, eta gehiago eskatu behar izan genituen. Azkenean, H hori eramateak ez du esan gura hiketan jakin behar duenik, baizik eta prest dagoela hitanoa entzuteko. Eta horrela egiten da ikasi ahal izateko lehenengo pausoa, entzunez. Harrera ona eduki du herrian».
«Oñati euskaraz bizi denez herri moduan, hitanoarena erronka gehigarri bat da parte hartzaileentzat»
IDOIA ETXEBERRIAIngo Xonau taldeko kidea
Eta kalean sumatu da eragina: «Nik, behintzat, hika egin dut aurretik egiten ez nuen jendearekin». Gainera, zenbait ekitaldi ere antolatu dituzte, beren-beregi hitanoa erabiltzera bultzatzeko: hikadromoa, Zopa antzezlanaren emanaldia, Hikaren Eguna... «Balorazioa oso ona da», nabarmendu du Etxeberriak.
Zarautz da Euskaraldia Hika egitasmoan parte hartu duten herrietako beste bat. Horretarako bi arrazoi izan dituztela azaldu du Uxue Alkorta Iturbek, Euskaraldiaren Zarauzko dinamizatzaileak. Bat: «Zarauzko egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, ikusten genuelako modu bat izan zitekeela jendea Euskaraldian parte hartzera animatzeko; akaso, Euskaraldiaren aldi honetan parte hartzeko beste motibazio bat izan zitekeela». Eta bi: «Zarautzen, batez ere toka erabiltzen delako». Erantzuna «oso ona» izan da, Alkortaren esanetan: «Jendea asko motibatu du ariketa horrek, eta, gero, kalean nabaritu da hori». Eta uste du jarduerak edukiko duela isla Euskaraldiko 11 egunak pasatu eta gero ere: «Hasieratik nabaritu dut jendea Euskaraldia Hika egitasmoari buruz galdezka. Jendeak dio aprobetxatuko duela ondoren hika jarduteko; garaipen edo lorpen txiki bat da hori».
«Hasieratik nabaritu dut jendea Euskaraldia Hika egitasmoari buruz galdezka. Jendeak dio aprobetxatuko duela ondoren hika jarduteko; garaipen edo lorpen txiki bat da hori»
UXUE ALKORTAEuskaraldiaren Zarauzko dinamizatzailea