Euskara

Euskaraldia izango du ardatz Udaltop topaketak

Udaletako euskara zerbitzuen topaketa Lasarte-Orian (Gipuzkoa) egingo da aurten, maiatzaren 17an eta 18an. Bederatzi hitzaldi antolatu dituzte eta euskararen sustapenerako proposamen berri bat aurkeztuko dutela aurreratu dute antolatzaileek.

Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estibalitz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Mikel Irizar eta Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko buru Jon Antxordoki, gaur, Donostian, Udaltop topaketen aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
2018ko apirilaren 12a
18:41
Entzun

Hamargarren urtez antolatuko dute Udaltop udaletako euskara zerbitzuen topaketa. Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak leloa aukeratu dute aurtengo topaketarako, eta, izenak adierazi bezala, azaroaren amaieran eta abenduaren hasieran egingo den Euskaraldia egitasmoa izango du ardatz. "Ate joka ditugun erronkez hausnartzeko eta etorkizun hurbileko estrategiak zirriborratzeko baliatu nahi dugu aurtengoa. Azaroan abian jarriko dugun ekimena izango da arretagune nagusia, eta horri lotutako hainbat gai izango ditugu mahai gainean”, adierazi du Estitxu Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak.

Maiatzaren 17an, Euskaraldiari buruzko berrikuntzak, esperientziak eta ikerketak aztertuko dituzte. Maiatzaren 18an, berriz, datorren urteko Euskaraldiaren "lehenengo harria" jarriko dute. Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak proposamen berri bat aurkeztuko dutela aurreratu dute. Bertaratzen direnek proposamen horri ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Udaltopen hamargarren urteurrena izaki, "ezustekoak" ere iragarri dituzte antolatzaileek. Ez dute xehetasun handirik eman. "Ostegun arratsaldeak izango du lanetik bezala ospakizunetik", adierazi du Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskara Batzordeko lehendakariak.

Aurreko urtean ere, Euskaraldia izan zen Udaltopen aztergai nagusietako bat, eta saio hura egitasmoa gorpuzteko "funtsezkoa" izan zela ziurtatu du Alkortak. Aurtengoa ere iazkoa bezain baliagarria izatea espero du.

Antxordokiren esanetan, azken bi urteetako topaketek "jauzi kualitatiboa" eman dute aurrekoekin alderatuta. Haren esanetan, aurreko topaketetako helburuak "esperientziak trukatzea eta hausnarketa sustatzea" izan ziren, baina azken bietan "esperientziak elkarrekin abiatzea" izan dute xede.

Egitasmoak sortu eta gauzatzeko bidean, antolatzaileek garrantzia eman diote erakundeen eta elkarte euskaltzaleen arteko elkarlanari. Ildo horretan, aurtengo Udaltopen antolaketan Euskaldunen Topaguneak ere parte hartu izanaren balioa nabarmendu dute. Elena Laka elkarte horretako lehendakariak ere "ezinbesteko" jo du "herritarrek, gizarteak eta erakunde publiko eta pribatuek batera ekin dezatela". Elkarlan horren ondorioz, Euskaraldiak "sekulako ilusioa" sortu duela ziurtatu du. "Ilusio hori bihurtu behar dugu euskaldun guztiak aktibatzeko motore".

Topaketetan izena emateko epea maiatzaren 4ra arte luzatuko da, eta www.udaltop.eus webgunearen bidez gorde daiteke tokia. 65 euroko prezioa izango du parte hartzeak. Ordainketaren barruan sartzen dira topaguneko materiala, osteguneko bazkaria —Zubietako Araeta jatetxean— eta bi egunetako aho-gozagarriak.

Azken hamar urteotan, Udaltopek 1.600 parte hartzaile eta 145 hizlari aditu bildu ditu. Besteak beste, familia transmisioa, aisialdia, udalen hizkuntza politika, herritarren aktibazioa, udalen erabilera planak, udalen legea eta kirol jarduerak landu dituzte.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.