Hasi da atzerako kontaketa Euskaraldirako. Bi aste eskas falta dira, eta batzordeak buru-belarri dabiltza azken kontuak antolatzen. Lekeition (Bizkaia), adibidez, «ilusioz beteta» daude. Jon Kobeaga Lekeitioko Euskaraldiko batzordeko eta koordinazio orokorreko kideak ariketan «jarrera aktiboa» izateko deia luzatu die herritarrei: «Euskaraldian izena emanez, batzordeetan eta ekitaldietan parte hartuz, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ahalegina eginez».
Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldiaren laugarren edizioa. Aurrekoetan bezala, hizkuntza ohiturak aldatzea izango du helburu, euskararen alde. Herritarrek bi rolen artean aukeratu beharko dute: ahobizi eta belarriprest. «Garrantzitsua da gogoraraztea Euskaraldiak proposatzen duen ariketa ez dagoela gaitasunarekin lotuta, baizik eta portaerarekin; erabaki beharra daukagu zenbatekin, zenbatetan eta zein egoeratan egingo dugun euskaraz», zehaztu du Kobeagak.
«Beti esaten dugu euskara gure altxorra dela. Altxorra? Euskara gure hizkuntza da. Zorionez, oso aberatsa da, eta ezin dugu galdu»
ANA GOITIAEuskaraldiaren hamaikakoaren parte den kazetari, aurkezle eta umorista
Ahobizi rola aukeratzen dutenek konpromisoa hartuko dute «lehen hitza beti euskaraz» egiteko eta euskara ulertzen dutenekin «elkarrizketak euskaraz mantentzeko». Belarriprest rola aukeratzen dutenek, berriz, haiekin euskaraz egiteko gonbidapena egingo diete gainerakoei.
Ana Goitia kazetari, aurkezle eta umorista lekeitiarra Euskaraldiaren hamaikakoaren parte da, eta ahobizi rola aukeratu du. «Beti esaten dugu euskara gure altxorra dela. Altxorra? Euskara gure hizkuntza da. Zorionez, oso aberatsa da, eta ezin dugu galdu», esan du.
Ariketak iraungo duen 11 egunetan, rolaren berri ematen duen txapa soinean eraman beharko dute parte hartzaileek. Gaur Lekeition egindako agerraldian jakinarazi dutenez, izen ematea oraindik ere zabalik dago www.euskaraldia.eus webgunean. Are, parte hartzaileek txapa eskuratu dezakete jada.

Kobeagak zein Joseba Palenzuela Mutrikuko (Gipuzkoa) Euskaraldiko batzordeko kideak argi utzi dute garrantzitsua dela 11 egunetan txapa janztea. Alde batetik, «konplizitatea» sortzen du. Gainera, euskaraz aritzea kostatzen zaion horri, «estres linguistikoa» kentzen lagunduko dio, eta euskaraz egitera bultzatuko du. «Euskaraz egin nahi duenari ere segurtasun espazio bat eskainiko dio», adierazi du Kobeagak. Eta zera erantsi du Palenzuelak: «Txapa janztea da aurrean dugun horri gonbidapen bat egitea, eta ikus dezala solaskide bat topa dezakeela gugan».
Ariketaren garrantzia
Euskal Herri osoan da Euskaraldia beharrezko, Kobeagaren iritziz. «Euskaraldia da oraingoz euskararen erabileran eragiteko daukagun tresnarik indartsuena; beharrezkoa da denok batera hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egitea, denok batera lortuko baitugu euskararen egoera aldatzea». Nahiz eta ariketak 11 egun iraun, horrek utziko duen «hondarra» urte osoan mantendu dadila nahi dute antolatzaileek.
«Euskaraldia indartsu dator», ohartarazi du Kobeagak. Izan ere, aitortu du pandemia garaian egindako bigarren edizioan «beherakada» nabaritu zutela. Aurten, baina, «herriz herri ilusioa berreskuratzea» lortu dute: «Ehunka batzorde sortu dira, eta jendea buru-belarri dabil lanean».
«Euskaraldiak erakutsi digu euskararen aldeko jarrerak oraindik ere mugitzen gaituela»
JOSEBA PALENZUELAMutrikuko Euskaraldiko batzordeko kidea
Ildo beretik, Palenzuelak herritarren aktibazioaren garrantzia nabarmendu du: «Euskaraldiak erakutsi digu euskararen aldeko jarrerak oraindik ere mugitzen gaituela». Azaldu duenez, elkarte diferenteetako kideek euren ekarpena egin nahi izan dute, eta hori «pozgarritzat» jo du. Palenzuelak uste du dena ez dutela erakundeek egin behar, herritarrek ere gauza asko dituztelako egiteko. «Horietako bat da Euskaraldiari hauspoa ematea».
Herritar ugari bildu dira gaur Lekeitioko plazan, Euskaraldiaren ekitaldian. Agerraldia amaitu eta Kitadelpare txarangari eta Ataungo talogileei paso eman aurretik, halaxe borobildu du Goitiak: «Euskaraz bizitzeko eta euskaraz bizia emateko, Euskaraldia».