Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi berriak euskararekiko "atxikimendutik konpromisora" pasatzeko dei egin die herritarrei, eragile sozial, politiko eta sindikalei eta erakundeei, hizkuntz normalizazioaren prozesuan "aurrerapauso bat" eman eta "bizkortzeko". "'Bai euskarari'-tik, 'Euskaraz bai'-ra igarotzeko" eskatu du, azken batean. "Euskara erabiltzeko, ikasteko eta gozatzeko da herritarrei eskatzen dieguna". Halaber, eragileei "euren agenda guztietan hizkuntz normalizazioa sartzeko" galdegin die die.
Apirilaren 24an izendatu zuten Bilbao euskalgintzaren bilguneko idazkari nagusi, Xabier Mendigurenen partez, eta gaur eman du lehen prentsaurrekoa, Bilbon. Euskararen normalizazioaren aldeko "gehiengo soziala" dagoela azpimarratu du, "gero eta hiztun gehiago" dituela euskarak -Euskal Herriko biztanleen %25-, baina hori nahikoa ez dela iritzi dio, gaurko egoeran "euskararen unibertsalizazioak ehunka urte beharko lituzkeelako".
Oraindik euskaraz bizitzeko aukerarik ez dagoela deitoratu du, administrazioek "eskubide hori urratzen baitute eta euskara beti bigarren tokira baztertzen delako gaztelania edo frantsesarekiko". Hala, erakundeei ere "aurrerapauso bat" emateko eskatu die, eta Kontseilua haien ondoan egongo dela ziurtatu du, "bitartekoak jarriz hizkuntz politika eraginkor bat sortzen laguntzeko, eta gizarteko eragile guztiei proposamenak aholkatuz eta aurkeztuz".
Xabier Mendiguren ere izan da gaurko agerraldian, eta eskerrak eman dizkie hedabideei. Kontseiluaren sorreran -1998an- "lau katu eta ia baliabiderik gabe" hasi ziren arren, dagoeneko euskal lurralde guztietan 32 langile eta zentroak dituztela nabarmendu du idazkari nagusi izandakoak.
euskara
Euskararekiko "atxikimendutik konpromisora" igarotzeko dei egin du Paul Bilbaok
Kontseiluko idazkari nagusi berriaren ustez, hizkuntz normalizazioaren prozesua "bizkortu" beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu