Euskararekin, hobeto

Euskarari buruzko jarrera ikertu du inkesta batean Jaurlaritzak; ateak irekitzen dituela diote biztanleen %85ek

Mutil koskor batzuk euskararen aldeko ikurra erakusten, iragan Korrikan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle gehienek ez dute dudarik; ateak irekitzen ditu euskarak; aukera gehiago izateko giltza da. Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen inkesta baten arabera, biztanleen %85ek adierazi dute euskaraz jakiteak aukera gehiago izateko modua ematen duela, gizartean gaztelania gailentzen bada ere. Atzo goizean aurkeztu zuten Lehendakaritzan Euskara: erabilera, jarrerak, politikak azterlana. Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduradun Victor Urrutiak egin zuen aurkezpena. Biztanleek hizkuntzaz duten ikuspegi «utilitarista» nabarmendu zuen.

Inkesta iragan abenduan egin zuten, telefonoz. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 15 urtetik gorako 1.806 laguni egin zieten galdera. Euskara aintzat hartzen dutela erakutsi dute biztanle gehienek. Galdekatuen %54k adierazi dute euskal herritarren hizkuntza euskara dela; aitzitik, %34k uste dute euskara euskal herritarren hizkuntzetako bat dela, ez hizkuntza bakarra.

Jakite mailari eta erabilerari buruzko datu esanguratsuak agerian uzi ditu ikerketak. Inkestaren arabera, herritarren %37 ongi edo nahiko ongi mintzatzen dira euskaraz, %24 zertxobait eta %39 batere ez. Adinaren arabera, datuak nabarmen aldatzen dira; 15-17 artean %67k diote euskaraz ongi edo nahiko ongi mintzatzen direla; 18-29 urte bitartekoen artean, kopuru hori %58koa da, eta adinak gora egin ahala, nabarmen egiten du behera. 65 urtetik gorakoen artean, %26k aitortzen dute euskaraz aritzeko gaitasuna. Hezkuntzan konfiantza handia dute biztanleek; %68k uste dute euskararen garapena baikorra izango dela, «neska-mutilek eskolan ikasten dutelako».

Hizkuntza politikak

Euskararen aldeko hizkuntza politikak begi onez ikusten dituzte herritar gehienek; %67k adierazi dute aldeko neurri politikoak ezinbestekoak direla galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza bat bizirik atera nahi bada, nahiz eta guztien gogokoak ez izan. Eremu publikoan, halaber, euskararen erabilera sustatzearen alde daude. %69k uste dute funtzionario guztiek euskara ikasi beharko luketela.

Inkestaren arabera, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politikan proposatu dituen azken neurriak ondo hartu ditu gizarteak.Esaterako, derrigorrezko ikasketak euskaraz osatzen dituztenei jakite mailari buruzko agiri ofizialen bat ematea ondo ikusten dute biztanleen %84k, eta %77k bat egin dute unibertsitate ikasketak euskaraz egiten dituztenei EGAren mailako titulu bat ematearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.