Euskararen aldeko hautua indartzera deitu du EHEk

Jaia eta aldarrikapena uztartuz, Euskaraz Bizi Eguna egingo dute martxoaren 19an Gernika-Lumon

Euskaraz Bizi Egunaren aurkezpena, atzo, Donostian. IÑIIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
«Euskara jasaten ari den erasoak ikusita», hilaren 19an Gernika-Lumon (Bizkaia) egingo duten Euskaraz Bizi Egunean parte hartzera deitu ditu euskaltzaleak Euskal Herrian Euskaraz taldeak (EHE). «Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko eguna izatea nahi dugu; euskaldunok sasi artetik salto egin, eta garenaz harro gaudela erakusteko eguna; herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horien alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna», nabarmendu zuen EHEko kide Unai Larreategik atzo egindako aurkezpenean. Bigarren aldiz egingo du EHEk Euskaraz Bizi Eguna.

Herri euskalduna «garai latzak» ikusten ari dela dio Larreategik, eta euskararen aurkako erasoak «etengabeak» direla. «Egungo hizkuntza politikek, gainera, euskara menpeko hizkuntza izaten jarraitzea dute xede». Hainbat adibide jarri ditu Larreategik: «Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Euskararen Aholku Batzordean izandako azken izendapenak, etairrati lizentzien banaketan kuotak ez ezarri izana dira eraso horien erakusle. Nafarroan, berriz, parlamentuak Euskararen Legea aldatzeari buruz hitz egiteari uko egin zion duela pare bat aste; azken batean, euskararen ofizialtasunaz eztabaidatzeari. Iparraldean ere ez zaio estatus bat eman nahi euskarari».

Hori ikusita, Larreategik gogorarazi du herri euskaldunak hainbatetan erakutsi duela euskararen aldeko konpromisoa. «Sasiak astindu, eta euskaldun egiten gaituenari eusteko prest gaudela erakutsi izan dugu. Orain, euskara menpeko ez, lehentasunezko izatea lortu behar dugu».

Euskaraz Bizi Eguna horren erakusleiho izatea nahi dute. Hala, jaia eta aldarrikapena uztartuz, egitarau betea prestatu dute. 11:00etatik hasita sokatira, kale animazioa, itsasgarrien azoka, euskalgintzaren azoka, haurrentzako jolasak eta abar izango dira. EHEren 30 urteko ibilbidea jasotzen duen Izan, Egin, Eragin Euskal Herrian Euskaraz dokumentala ere ikusi ahal izango da. Mendia gustuko dutenentzat, berriz, mendi martxa antolatu dute, Euskalduna naiz eta harro nago! lelotzat hartuta.

Eguerdian herri bazkaria egingo dute. Aurten, berritasun moduan, bertso bazkaria izatea erabaki dute. Bertan, ondorengo bertsolariek hartuko dute parte: Igor Elortzak, Onintza Enbeitak, Ander Elortegik eta Unai Ugartetxeak.

Arratsaldean, manifestazioa eta jendaurreko ekitaldia izango dira. Sasi guztien gainetik euskaraz bizi! izango da protestaren goiburua.

Eguna amaitzeko, kontzertua eta erromeria prestatu dituzte. Kontzertuan Betagarri eta Sarkor taldeek hartuko dute parte, eta erromerian, Joxepa taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.