Euskararen aldeko zeharkako politika baten beharra

Jauzi baten beharra dagoela berretsi dute euskalgintzako eragileek Baionan, eta azpimarratu dute urgentziazkoa dela euskararen aldeko neurriak politika guzietan txertatzea.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2024ko maiatzaren 15a
17:02
Entzun

Euskalgintzako eragile andanak hartu du parte Baionan egin duten agerraldian, eta hizkuntza politikan jauzi bat egiteko erakundeei egindako eskaera berretsi dute, arlo anitzetan dituzten beharrak zehatzago aletuta. Urrats hori egitea «urgentziazkoa» dela erran dute, eta euskarak politika guzietan zeharkakotasuna erdietsi behar duela defendatu. 

Lehentasunak ezarri eta eraginkorragoak izateko beharraz aritu da Jon Abril Elhuyar fundazioko zuzendaria. «Non izango garen sentitu, eta non egon behar duen euskarak bere garapena bermatzeko eta herritarren eskubideak ziurtatzeko». Hezkuntza, administrazioa eta hedabideak euskalduntzea inportantea dela uste badu ere, adierazi du beharrezkoa dela eremu digital guzia ere kontuan hartzea, guztiak zipriztintzen dituelako. «Horrek eskatuko du kultur politiketan eta ikus-entzunezkoetan euskaraz ardaztutako estrategiak garatzea, edo euskaratik estrategia propioak garatzea ikusita adimen artifiziala nola aldatzen ari den gure gizartea. Horrek berekin ekarriko du gazteengana iristeko eta gazteen kontsumo ohituretara egokitzeko estrategiak lantzea». Iragarri du hezkuntzan ere eraldaketa handiak ikusiko ditugula hurrengo urteetan, eta horiei ere adi egon beharko dela. Politika «ausartak» egiteko eta «arriskatzeko» garaia dela erran du. «Gero eta beharrezkoagoa da administrazio publikoak erne egotea, eta eragile sozialekin eskuz esku jokatzea. Uste dut jauzi bat eginen badugu begirada hori ezin dugula galdu». 

Laida Begiristain Maizpide euskaltegiko zuzendariak erran du «urgentziazkoa» dela. «Beti esaten da ezagutza eta transmisioa direla bermatu beharrekoak, eta, horretan, hizkuntza politika sendoak eta anbiziotsuak behar-beharrezkoak dira». Euskara erdigunean egoteko, ezinbestekotzat jo du zeharkakotasuna ere: «Politika guziek behar dute ikuspegi linguistikoa, ez hizkuntzakoek bakarrik, eta hori da erakundeei eta ordezkariei eskatzen zaiena». Estrategikotzat jo du helduen euskalduntzea, euskara transmititzeko eta hurrengo belaunaldiek transmititzen segi dezaten. 

Haur eta gazteekin egiten du lana Hezten elkarteak; aisialdi hezitzaile euskaltzalean dihardu. Aisialdia euskaraz gozatzeko aukera dutela ikusarazi nahi izaten dietela esplikatu du Maite Asensio Iparragirre koordinatzaile orokorrak: «Gure gune babestu horietan egiten dugun lanketak emaitza oso onak ematen ditu, baina gero, beren aisialdiaz gozatzen ari direnean, ez dute babes hori sentitzen. Edozein administraziotara, erakundetara edo eguneroko aisialdi eta kultur eskaintzatara joaten direnean, bat-batean beste errealitate batekin topo egiten dute». Berak argi du aisialdia euskalduntzeko lana ez dutela bakarrik egiten ahal: «Hezkuntza formalean haurrak eta gazteak euskalduntzen ditugu, baina hortik kanpo dituzten bizipenetan ere euskararen aldeko babes bat sentitu behar dute». Arlo horretan hizkuntza politikak aldaketa bat behar duela uste du. mezuak «oso kontrajarriak» direlako. 

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak arlo akademikoa aipatu du, eta euskararen egoerarekin parekatu du unibertsitateetan duen presentzia. «Behar larriena Ipar Euskal Herrian dugu. Paue eta Aturrialdeko unibertsitatean, euskararen presentzia ia-ia testimoniala da: horretan eragin behar dugu. Nafarroan ere badago zer hobetu NUPen, eta EHUn ere, graduetan euskarazko eskaintza ia-ia orokorra da, baina master eta doktoretzetan euskararen presentzia oso eskasa da, eta hor ere badago aurreratzeko tarte zabala». Euskararen gaia landuko dute hain zuzen aurtengo udako unibertsitateetako hasierako ekitaldian, Iruñean, euskararen estatus juridikoaren inguruan. Mahai gainean jarri nahi dute zer egoeratan dagoen euskara hiru administrazioetan. «Ataka batean dago euskara, minorizatua. Garazi Arrulak erran zuen bezala, ekosistema bat behar du, eta gu horretan laguntzeko prest gaude, unibertsitate ikuspegitik». 

Protestak ekainaren 1ean

Premiazko bi behar aipatu ditu Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikak egin beharko lukeen jauziaz galdetuta: baliabide juridikoak eta diru baliabideak. «Ikusten dugu euskararen gisako hizkuntza gutxituen kontrako erasoak ugaritzen ari direla». Korsikako eta Ipar Kataluniako kasuak aipatu ditu, baina baita Ipar Euskal Herrian berriki iragan diren hainbat auzitan auzipetuei euskaraz mintzatzeko emandako debekua ere.

Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan diren hizkuntza gutxituetako eragileak biltzen ditu PQVNL Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboak, eta mobilizazioak eginen ditu ekainaren 1ean frantsesa inposatzen duen Frantziako Konstituzioaren 2. artikulua aldatu dezatela eskatzeko, eta Ipar Euskal Herrian ere elkarretaratzeak izanen direla iragarri du Castetek. Horrez gain, gogora ekarri du Euskal Konfederazioa haserre dagoela EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten erakundeek erabaki dutelako oraingoz ez emendatzea hizkuntza politikari egiten dioten diru ekarpena.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.