Euskararen aurkako oldarraldia gaitzetsi dute Pasaian

Pasaiako Euskararen Aholku Batzordeak eta Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean.

Euskararen kontrako oldarraldiaren aurkako protesta Pasaian.
Euskararen kontrako oldarraldiaren aurkako protesta egin dute pasaian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko apirilaren 12a
19:30
Entzun

Asteon ezagutarazi dute Donostiako Administrazioarekiko Auzien bigarren eta hirugarren epaitegiek bi epai eman dituztela baliorik gabe uzteko gutxieneko B1 euskara mailaren eskakizuna Pasaiako Udalak kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko egindako deialdian. Hori ikusirik, atzo Pasaiako Udaleko langile batzordeak, EH Bilduk eta EAJk egin zuten salaketa, eta gaur Pasaiako Euskararen Aholku Batzordearen eta Euskalgintzaren Kontseiluaren txanda izan da; elkarretaratzea egin dute gertatutakoa gaitzesteko: «Berriro ere, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizialaren agerraldi baten aurrean gaude».

Euskararen aldeko eragileen arabera, epaiz epai jurisprudentzia eratzen ari da, eta «gero eta sakonagoa» da euskararen aurkako oldarraldiaren eragina: «Gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza berdintasunaren aldeko politika publikoak egiteko zailtasuna. Hainbatetan esan dugu sententzia batetik bestera are eta larriagoa dela egoera, eta, tamalez, honetan berretsi beharrean gaude».

Hori horrela, astebete pasatxo barru egingo dituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira ipini dira: «Euskararen normalizazioaren eta herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzearen alde dauden indar politikoei dei egiten diegu datorren legegintzaldira begira oldarraldiari aurre egiteko konpromisoak har ditzaten». Gainera, ildo beretik, aldarrikatu dute euskararen normalizazioak orain arte izan duena baino leku eta indar gehiago behar duela «euskaltzaletasunean kokatzen diren» alderdien kanpainetan eta programetan. Gizarteak hori eskatzen du, haien irudiko: «Jendarteak, orokorrean, praktika eta jarrera ugariren bidez behin eta berriro adierazten du euskara minorizaziotik ateratzea nahi duela» Bi adibide jarri dituzte. euskalgintzaren Kontseiluak berak iazko azaroaren 4rako antolatutako manifestazioa: «Manifestazio jendetsuan herritarrek sendo erakutsi zuten gai honek eragiten dien kezka». Eta amaitu berri den Korrika: «Gizarteak are eta sendoago erakutsi du euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen aldeko jarrera».

Udalari babesa

Egoera salatzearekin batera, Euskalgintzaren Kontseiluak babesa adierazi dio Pasaiako Udalari, hark helegitea jartzea erabaki baitu. Halaber, alderdi politikoei eskatu diete euskararen aldeko «adostasun zabala» aintzat hartzeko eta hizkuntzaren normalizazioa eta biziberritzea bermatuko duten neurriak hartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.