EUSKARA NAFARROAN. AURREKONTUAK

Euskararen dirua %30 jaitsi nahi du gobernuak

UPNk eta CDNk adostutako aurrekontuen aurreproiektuaren arabera, diru sail gehienei murriztuko zaie dirua, eta soilik eremu ez-euskalduneko ikastolei gehituko

Alberto Barandiaran.
IRUÑEA
2004ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Euskararen hizkuntza politikarako aurrekontua inoiz baino gehiago murriztuko dute aurten, UPNk eta CDNk 2005erako adostutako banaketan %30 inguru gutxiago baita horretarako bideratutako dirua. Jaitsiera sekulakoa da gau eskolen finantzaketan, udal eta kontzejuei ematen zaizkien diru laguntzetan eta komunikabideentzat, euskara sustatzeko atalean. Hainbat diru sail desagertu dira; esaterako, hizkuntza ikerketetarako saila.

Hezkuntza Departamentuko Euskararen Garapena izeneko atalean ere murrizketa oso handia da. Berez, negoziazio ia autonomoa daukan eremu ez-euskalduneko ikastolentzat diru laguntza saila da igotzen den sail garrantzitsu bakarra.Horrelako neurririk ez zen inoiz ikusi Nafarroan. 2000. urtean, Pedro Pegenaute zuzendaritza nagusiaren aulkian eseri zenean, %4 zituzten aurrekontuak, baina hurrengo urteetan, dirutan, sailak mantendu edo, zenbait ataletan, igo egin izan dira.

Aurreproiektua Parlamentuan eztabaidatuko da orain, eta bere hartan geldituz gero, egun Nafarroako Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek sekulako zartakoa emango liokete euskararen sustapenari. Eta indarra egin dezaketenek ez dirudi ahalegin handia egingo dutela hori berdintzeko.

Diru banaketaren atzean, Pedro Pegenautek berak 2000. urtean jarritako oinarriak mantentzen dira. Hau da, garapena edo sustapena helburu zuten azpisail gehienak desagertuta daude, ez dago administrazioaren barruan euskaran erabiltzea sustatzeko inolako diru laguntzarik, eta aspaldian galdu ziren lan arloan hizkuntza politika egiteko diruak. Nafarroako Oinez-erako sailik ez dago, ezta euskara ikertzeko laguntzarik ere.

Beste datu bat: Nafarroako Gobernuko diru orokorrei dagokienez ere, maldan behera ari dira, ziztuan, euskararentzako diruak. 2000. urtera arte, esaterako, kutxa nagusitik ateratzen zenaren %0,34 inguru bideratzen zen horretarako. Bada, aurten, Nafarroako Gobernuak %0,14 baino ez du horretan gastatu nahi. Inoiz ez da hain diru gutxi jarri euskara sustatzeko eta garatzeko, ez Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusia dagoenetik, bederen. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, %1,5 inguru bideratu ohi du arlo horretarako.

Hainbat sail garrantzitsu, izoztuta

Ez dira jaitsiko, noski, funtzionarioen soldatak zuzendaritzaren benetako muina den Programazio, Ikerkuntza eta Hizkuntza Garapenerako zerbitzuaren barnean, ikastolentzat ematen zaien dirua kenduta, diru sailik handienaren parean jarri da azpisail hori, ezta kongresuetan parte hartzeko edo espezializazio programetarako sailak ere hau da, Interreg.

Zenbait sail izoztuta daude; esate baterako, Euskaltzaindiarentzako laguntza 134.000 euro, Pegenauteren zuzendaritzak ontzat ematen dituen proiektuetarako soilik bideratzen dena eta azken bi urteotan behin ere bildu ez den Euskararen Batzordearen aurrekontua.Era berean, murrizketa nabaria da egoera soziolinguistikoaren berri emateko txosten eta argitalpenetan 28.652 euro gutxiago, eta sail oso bat euskararen gaineko egitasmo eta kultur ekintzak desagertu egin da aurrekontuetatik, nahiz eta 2004ko diru kontuetan 276.000 euroko diru sail handia eraman zuen.Azken bi urteotan prentsaurrekoan aurkeztu den egitasmo bakarra ere, Euskararen Fonoteka, dirurik gabe gelditu da ia aurten: 16.000 euro baino ez. Hau da, aurreko urtean baino 30.000 gutxiago. Horrekin lotutako beste sail bat ere, euskarazko ikus-entzunezko fondoen erosketarako saila, ez dago aurreproiektuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.