'Euskararen Errepublikaren plaza' izena jarri dio EHEk Iruñeko Konstituzio plazari

Gogora ekarri du justiziak orain aste bi berretsi zuela plazaren izena ezin dela euskarara itzuli; euskararen aurkako oldarraldi judizialarekin lotu du erabaki hori, eta halakoei aurre egiteko era onena «euskararen errepublika» aldarrikatzea dela esan du.

EHE. Iruñeko Konstituzio plazaren izena aldatzeko eskatuz egindako ekintza.
Iruñeko Udalak jarritako errotuluaren gainean, EHEk igandean jarritakoa. BERRIA
2023ko abenduaren 4a
21:00
Entzun

«Euskararen Errepublikaren Plaza inauguratu dugu Iruñean, Euskararen Nazioarteko Egunean». EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek gaur era horretan zabaldu du atzo Iruñean egindako ekintza. Tapatu egin zuten Iruñeko Konstituzio plazaren berri ematen duen errotuloa, Plaza Constitucion jartzen duena, eta haren ordez Euskararen Errepublikaren Plaza izena jarri zuten. Ekintza hori egin zuten orain aste bi jakin zelako ebazpen batek berretsi egin zuela aurrez errotulazio elebakarraren alde emandako erabaki judizial bat.

Baluarte plaza zena iaz inauguratu zuten izen berriarekin. Errotulu elebakarrarekin Nafarroako euskararen ordenantza urratu zela-eta, EH Bilduk helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian. Arrazoia eman zion auzitegiak; ordea, udalak helegitea aurkeztu zuen administrazioarekiko auzietako auzitegi batean. Urte baten buruan iritsi zen auzitegi horren epaia, aurtengo urtarrilean, eta arrazoia eman zion Iruñeko Udalari. Horra zer irizpide eman zuen: «Constitución [Konstituzioa] izen propioa da, letra larriz hasita beste arauetatik bereizten duelako». Hortaz, ebatzi zuen izendapen hori ezin dela euskarara itzuli, «itzulpenik onartzen ez duen izen propio berria» den aldetik.

EH Bildu koalizioko Joseba Asironek gogor gaitzetsi zuen epaia. «Atzo, epaile batek ebatzi zuen Konstituzio plaza euskaraz 'Constitución plaza' esan daitekeela, itzultzeke. Gaur Iruñeko ultraeskuinak disimulurik gabe ospatu du». Eta justiziak ere arrazoia eman zion Asironi; martxoan, administrazioarekiko auzietako beste auzitegi batean errotulazio elebakarraren aurkako sententzia bat ebatzi zuen.

Administrazioan Euskaraz taldeak eman zuen, orain aste bi, auziari buruzko azken ebazpenaren berri. «2023ko urriaren 9ko ebazpena da jaso berri duguna. Nafarroako Administrazio Auzitegiarena da. Bertan Plaza de la Constitución dioen plaka ele bitan jartzeko Iruñeko Udalari agindu zion ebazpena betearazteko egindako exekuzio eskaera ukatu zigun», azaldu zuten.

Baztertuta
Euskararen aurka epaitegietatik heltzen ari diren sententziak «oldarraldi» baten erakusgarri direla gogoratu nahi izan du EHEk Iruñean egin duen ekintzarekin. «Gure kaleetan euskararik ikusi eta entzun nahi ez dutenen aldetik erasoaldi luzea jasaten ari gara euskaldunok azkenaldian». Errotulazio elebakarraren aldeko epaiek, eta horren berrespenek, erakusten dute erakunde euskaltzalearen ustez «gaztelania ezagutzeko derrigortasunak» gainerako hizkuntzak «hautazko» edo «ez beharrezko» bihurtzen dituela justiziarentzat. 

«Ondorioz, Euskal Herrian euskara ezagutzea betebehar izatetik urrun, eskubide ere ez da», deitoratu du EHEk. «Gero eta gehiago ari zaizkigu murrizten geure hizkuntzan bizi ahal izateko eremuak: zerbitzu publikoetan, lan eremuan, aisialdian, kalean...».

Alde horretatik, salatu duten errotulu elebakar hori guztiz esanahi handikoa dela uste dute. «Ez da kasualitatea oldarraldi judizialean plaza jakin horren izenarekin abiatzea atzerakada Iruñeko kale izendegian, erasoaldiaren muinean baitago Espaniako Estatuaren Konstituzioa bera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.