Euskararen ezagutza «unibertsalizatzearen» inguruan josi nahi du akordioa Kontseiluak

«Etorkizuneko belaunaldiei» begirako bidea nahi du, bereziki. 2023ko irakurketa eta ondorioak plazaratu ditu, eta adierazi euskararen inguruan lortu beharreko akordio soziopolitiko berriak adostasunean eta «konpromiso zibikoan» bermatuta egon behar duela.

Kontseilua
arantxa iraola
Donostia
2024ko urtarrilaren 26a
13:05
Entzun

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur Donostian, 2023ak emandakoaren inguruko analisia plazaratzeko, eta hartan oinarritutako ondorioak gizarteratzeko. Mezu nagusien artean, hauxe: euskararen ezagutza «unibertsalizatzea» da erronketako bat.

Kontseiluak deituta, azaroaren 4an manifestazio jendetsua egin zen Bilbon: milaka euskaltzalek ahotsa ozendu zuten euskararen normalizazioa eragozte aldera azken hilabeteetan auzitegietatik heldu diren sententzia ugarien kontra, eta orduan egindako aldarria berritu du gaur euskalgintzaren erakunde nagusiak: «akordio soziopolitiko berri bat» josi behar da euskararen inguruan. Berme bi izan behar ditu: «Adostasuna eta konpromiso zibikoa». Horren barruan egitea nahi dute ezagutza «unibertsalizatzeko» bidea, gazte belaunaldiei begira, bereziki: «Euskararen ezagutza orokortzeak izan behar du akordio berriaren ipar».

Miramon teknologia parkean izan da agerraldia. Kontseiluak eragile askoren aurrean plazaratu du euskarak egun dituen agertokiei neurria hartzeko prestatutako agiria. Kontseiluko lehendakari Aize Otaño izan da hitz egiten lehena. Gogoratu du agerian utzi zutela euskararen aldeko poltiketan «jauzi bat» egiteko asmoa iaz ere, Batuz Aldatu oinarriaren garrantzia nabarmendu zutela bide horretan aurrera egite aldera, baina 2023an denbora asko behar izan dela euskararen aurkako neurriei erantzuteko: «Oldarraldiari aurre egiten ibili behar izan dugu une oro».

Aurkeztu duten dokumentuak zortzi atal ditu. Bat propio erabili dute Xabier Mendiguren Bereziarturi gorazarre egiteko: Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen, euskalgintzan oro har ekarpen handia egin zuen, eta iazko urriaren 2an hil zen.

Horra, laburtuta, gainerako zazpi ataletan zer adierazi duen:

1

Traben kontra

Egin nahi eta ezinean ibili direla onartu du Kontseiluak dokumentuko lehen atalean. Izan ere, hizkuntza politiketan etorkizunerako «jauzia» egitea zen iaz «ardatzekoena» eta «pizgarriena» behar lukeen ikuspegia, hain justu, baina epaitegietatik-eta euskara sustatzeko neurrien kontra heldu diren ebazpen ugariek trabatu egin dute bidea. Ataka zailean jarri dute euskalgintza: «Etorkizunera gabe iraganera eramaten gaituzten zereginetan».

Egoera zail horretan, «ezarian bada ere», aurrerapausoak egin direla uste du, hala ere: «Aurrera egiteko hazia erein da».

2

Estatusa

Euskararen biziberritzean aurrera egite aldera, «estatusaren auziari» tentuz erreparatu behar zaiola gogoratu du Kontseiluak, eta, alde horretatik, Euskal Herri osoan egoera ahulegia dela egun: «Euskara bere eremuaren parte batean baino ez da ofiziala». Gaurko ekitaldian, Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek gogoratu du horren garrantzia ere ezin dela hutsaldu. «Estatusa oinarrizko gauza bat da, nor izatearen aitortza».

Onartu du, hala ere, iaz izan zirela aldaketa batzuk: onerako. Udan etorri ziren berritasunak, hain justu, Espainiako hauteskundeen ostean gobernua osatzeko negoziazio «korapilatsuetan»: hizkuntzen gaia «erdigune politikoan» jarri zuten, eta, esaterako, eskatu zen aukera egon zedila Espainiako Kongresuan gazteleraz besteko hizkuntza ofizialak erabiltzeko. Eta indarrean ere jarri zen neurri hori: irailaren 19an. Kontseilua arrangura da, ordea, «Euskal Herrian ardazten diren alderdietako ordezkariek» hitzaldien «zati txiki bat» besterik ez dutelako egiten euskaraz.

Estatusarekin lotuta, Espainian gobernua osatzeko elkarrizketa horien harira heldu zen iaz beste eske bat ere: Europako Batasunean ofizialtasuna aitortzea aipatutako hiru hizkuntzei: euskarari, galizierari eta katalanari. Hori lortzeak euskararen normalizazio bideari «sendotasuna» emango liokeela onartu du Kontseiluak. «Euskararen ofizialtasuna indartuko litzateke, eta, aldi berean, oraindik ofizialtasun estatusik ez duten eremuekiko paradoxa handituko litzateke». Horra, hain justu, zer gertatuko litzatekeen: «Euskara ofiziala izango litzateke Europako Batasuneko organoetan, baina, ez, ordea, Nafarroako parterik handienean eta Ipar Euskal Herrian». Horren gaineko mezuak ozentzen ari direla gogoratu du gaur Eskisabelek: «Ipar Euskal Herrian bertan, halako diskurtsoak entzuten hasi dira».

Oraindik ez da lortu ofizialtasun hori, ordea. Eskabidea «luzatze eta lausotze» betean dagoela eta, kezka azaldu du Kontseiluak.

3

Hizkuntza politika

Kontseiluaren asmo behinena hizkuntza politiketan urrunago joatea denez, arlo horretan iaz izandako berritasunei ere erreparatu nahi izan die. Iparraldera begira, gogora ekarri du Euskal Konferazioak zer eskatu zion EEP Euskararen Erakunde Publikoari: Ikerketa bat egin dezala 2050erako euskal hiztunen proportzioa %30era hel dadin. Aintzat hartu beharreko portzentajea dela adierazi du gaur Eskisabelek: «Unescok jarritako gutxieneko hiztun kopurua da iraupena bermatzeko».

Nafarroara begira, «kezkaz» hartu du Nafarroako Gobernua eratzeko «akordio programatikoa», abuztuan hitzartutakoa. Motza iruditu zaio «hizkuntza auziaren eta euskararen normalizazioren arloan jasotzen dena; edo zehatzago, jasotzen ez dena: plangintza». Larria deritzo urratsak falta izateari: «Helburu, tresna, neurgailu eta baliabideak finkatu gabe, ezinezkoa da politika publiko eragingarririk egitea». Salatu du, halaber, oraindik ez dela argitaratu administrazioan euskararen ezagutza baloratzeko dekretua.

Araudiari dagokionez, gertutik erreparatzen ari zaio Jaurlaritzak abiatutako bide bati: hain zuzen, alor publikoan euskararen erabilera normalizatzeko prozesuari dagokion dekretua ontzeko prozesuari; azken bertsioa irakurrita, «alderdi interesgarriak» badirela onartu arren, Kontseiluak ondorioztatu du bidean zenbait helburu galdu egin direla, eta badirela «hobetu beharrekoak». Bereziki kezkagarria zaie «epemugarik» ez jarri izana. Eskisabelek gaur gogoratu du Kontseiluak sindikatuekin plan bat eginda daukala hamabost urtean administrazioa euskalduntzeko, eta hor jarri behar litzatekeela helburua: «Gauzatzeko modukoa da».

4

Hezkuntza

Kontseiluaren ustez,  «aukerak galdu» ziren iaz hezkuntzaren arloan. Administrazio guztietan. Eusko Legebiltzarrean abenduan onartu zen Hezkuntza Legea, eta «oinarri zaharrak» dituen testu bat da, erakunde euskaltzalearentzat. «Ez da izango euskararen etorkizuneko belaunaldietan ezagutzaren unibertsalizazioa bermatzeko urrats sendo eta irmoa emango duen legea», deitoratu du. Bereziki kritikatu du «hizkuntza ereduen balioztapena berariaz» jaso izana legean. Xedea zein den gogoratu du gaur Eskisabelek: «Euskara ardatz duen eredu orokortua».

Euskarazko irakaskuntzaren «zabalkundearen» harira ere, arrangura: Ipar Euskal Herriko ikasle gehienek, adibidez, ez dute harremanik euskararekin beren hezkuntza ibilbidean. Horra datua: ikasturte honetan %68 dira irakaskuntza orduetan euskararen presentziarik ez dutenak. Nafarroan ere euskararik gabe hazten ari dira ikasle asko: «Ikasleen %60 inguru G ereduan ari dira, hau da, euskarak ez du inolako presentziarik haien irakaskuntza programetan».

5

Oldarraldia

Urte guztian izan diren epaien larritasuna azpimarratu du Kontseiluak. Asko izan dira: Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko udal legearen 6.2 artikulua partzialki baliogabetzeko emandakoa eta EAEko Auzitegi Nagusiak lege horren garapen dekretuko hainbat artikulu baliogabetzeko emandakoa nabarmendu ditu, besteak beste. Hizkuntza eskakizunen aurkakoak ere asko izan dira.

Epai askoren atzean dagoen «premisa faltsua» zein den salatu du Kontseiluak: «Lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak kontrajarrita daudela». Mugimendu atzerakoi hori epaitegietatik kanpo ere hedatzen dela nabarmendu du: «Azken batean, oldarraldi judiziala zera da, ispilu politiko eta mediatikoa duen euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldi zabalago baten alde ikusgarriena».

Ebazpen horiek guztiek egoera ilundu badute ere, Kontseiluak iritzi dio goraipatu beharrekoa dela gizarteak emandako «erantzun zabala».

6

Gizarte ekimena

2023an, zailtasunak zailtasun, euskararen inguruko «herri gogoak eta gizarte ekimenak» bizi-bizirik eutsi diotela goraipatu du Kontseiluak. VII. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak plazaratu dira aurten, eta, hein batean, gogo horren «ispilu» izan direla uste du.

Kontseiluaren arabera, gako berriak ere eman dira euskararen garapenean zer gertatzen ari den ulertze aldera, eta bereziki azpimarratu du Iñaki Iurrebaso soziolinguistak bere tesiarekin egin duen ekarpena. Izan ere, datuekin ondo josita erakutsi du hiztunen «hizkuntza gaitasuna» ere aintzat hartu beharreko aldagaia dela, eta hori kontuan hartuta «handia» dela erabilera egun. «Hots, borondate sendo bat dagoela guztiaren oinarrian». Bestalde, euskararen normalizazioaren alde izandako ekinaldiak ere zerrendatu ditu.

7

Aurrera begira

Kontseiluak argi du etorkizuneko xedea: «Akordio soziopolitiko berri bat» osatzea. Euskararen gaineko eztabaida dagokion tokira eraman behar da horretarako. «Azken batean, eztabaida sozial eta politikoa beharko lukeena, tamalez, judizializazioaren bidez ari da ebazten, dagokion lekutik kanpo, jendarteari eztabaida aberatserako aukera ebatsita», ohartarazi du gaur Eskisabelek.

Helburu horrekin lotuta paratu nahi du lehen lerroan ezagutzaren «unibertsalizazioaren» aldeko aldarria. Uste du hori dela etorkizunera begira euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen akordio soziopolitiko berriaren «muina». Hortxe ikusten du hizkuntzaren auzian agertzen diren «talkak» gainditzeko bidea ere.

Bide horrek «konpromiso zibiko bat» eskatzen duela gogoratu du. Dimentsio kolektiboa du: «Botere publikoei eskatzea baliabide guztiak jar ditzatela herritarren eskura euskararako bidea gauzagarria izan dadin guztientzat». Eta helburua bada indibiduala ere, batez ere gazteenei dagokienez: «Ondorengoan, etorkizuneko belaunaldiak bide horretan jarri eta bultzatzea».

Gainerakoan, Eskisabelek ohartarazi du baldin eta euskararen normalizaziorako urratsak lantzeko orduan euskaldunek administrazio publikoan dituzten eskubideei baino erreparatzen ez bazaie gizarteak «segregaziorantz» joko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.