Azkeneko geltokiak zeharkatzen ari delarik, Bilbora iritsi zen atzo 17. Korrikaren lekukoa. Arratsaldean, 17:30 pasata zirela sartu zen AEKren martxa Zorrotza auzotik. Txaloen, oihuen eta izerdi tanten artean, milaka euskalakari atera ziren kalera. Hiru ordu eta erdi egin zituen Bizkaiko hiriburuan. 70 eskutatik igaro zen bihar Donostian irakurriko duten mezua barruan daraman lekukoa.
Eguzki izpiez eta giro ederraz gozatu zuten lasterkariek. Basurtun, Beti Jai Alai dantza taldeko kideek mingainak eta gerriak astindu zituzten txistularien laguntzaz. Bilboko suhiltzaileek kamioi eta sirena hotsen artean erakutsi zuten euskararen garrak piztuta segitzen duela. ELA, LAB, EILAS eta EHNE sindikatuek batukada batekin eman zioten ongietorria Korrikari Indautxun.
Kaleak euskalakarien bandera koloretsuz jantzi zituzten AEK-ko kideek, eta Maitatu, ikasi ari... euskalakari! lelodun pankartaz josi. Moyua plazan, ume multzo bat, beroketak egiteko asmoz, iturriari biraka ibili zen. Autobus zerbitzuak geldirik, eta Bilbo euskalduna abian.
Aldarrikapenez blai
19:30ean iragarri zuten suziriek eta kotxeen turutek bazetorrela martxa Kale Nagusira. Bilboko txupinera ohiek konpartsen babesean egin zuten Plaza Eliptikorako bidea. Lasterkarietako batzuek Marijaia for alkate kartela zeramaten. Harrituta begiratzen zuten ingurura turistek. Handik hurbil, Arriaga antzokiaren parean ere jende ugari elkartu zen. Athleticeko jokalariek egin zuten han Korrikako kilometroa. Giro onean denek: txaloen zaparradak soilik busti zuen atzo Bilbo.
Aldarriak ere izan ziren. Euskal presoak etxeratzeko eskatu zuten Etxerat-eko kideek. Ibilbidean zehar Iralako gazteak bizirik, Medikuntza euskaldundu eta Sugaar ere euskalakari zioten pankartak ere izan ziren tartean. Baita AHTaren eta nuklearren kontrako mezuak ere. Independentziaren aldeko kamiseta gorriak nahiz Ongi etorri, Gatza zioten afixak ere eraman zituzten.
Txurdinagan agurtu zuen Korrikak Bilbo. Ez, ordea, espero bezala. Izan ere, udalak Bilboko Korrikaren amaiera jaialdia egiteko baimena ukatu egin zien Euskararen Astearen antolatzaileei. «21:30ean Gose eta Solte musika taldeen kontzertuak prest genituen, baina udalak dio 'Bilboko jai berezia' ez baldin bada kontzertu oro 22:30ean bukatuta egon behar dela», azaldu dute. Udalaren arabera, espazio publikoaren erabilera ordenantza urratzen duelako debekatu dute jaia. Oztopoen aurka, kontzertuen ordez 2.000 lagunek grabatutako euskararen aldeko lipdub-a aurkeztu zuten Santutxun. Euskalakarien urratsek etenik ez duten seinale.
17. Korrika
Euskararen izpietan lasterka
Milaka bilbotarrek egin diote ongietorria Bilbon Korrikari; hiru ordu eta erdian joan dira mezua daraman lekukoaren atzetikBilboko Udalak debekatu egin du Santutxun ospatzekoa zen Korrikaren amaiera jaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu