Euskara

Euskararen Legea aldatuko dute Nafarroan, eremu mistoa zabalduta

Aranguren, Galar, Beriain eta Noain Elortzibar Iruñerriko herriak 2009tik eremu erdaldunetik mistora pasatuko dira.

2008ko apirilaren 25a
11:04
Entzun
Ainara Arratibel

1986an onartu zenetik bere horretan zegoen Nafarroako Euskararen Legea. Atzo, haatik, hura aldatzeko proposamena onartu zuen Nafarroako Foru Erregimeneko Batzordeak. Legea aldatzeko Nafarroako Ezker Batuak (NEB) aurkeztutako lege proposamenak Nafarroa Bairen eta PSNren babesa jaso zuen; UPNk eta CDNk, berriz, aurka bozkatu zuten. Atzo onartutakoaren arabera, 2009tik aurrera Aranguren, Galar, Beriain, eta Noain Elortzibar Iruñerriko herriak eremu erdaldunetik mistora pasatuko dira. Horri esker herri horietako bizilagunek eskubide gehiago izango dituzte: D ereduan ikasteko, errotulazioa elebidunez izateko eta administrazioko paperak euskaraz eskatzeko, besteak beste.

NEBko Ion Errok atzoko agerraldian nabarmendu zuen, 2006an Nafarroako Gobernuak egindako azterketa soziolinguistikoaren arabera, herri horietako biztanleen %71,7k eremu mistora igaro nahi dutela: «Aldaketarekin herritar horien hizkuntz eskubideak bermatzen dira».

NaBaik alde bozkatu zuen. «Txikia bada ere, koofizialtasunaren alde ematen den edozein urrats babestuko dugu. Horrek izan dezakeen eraginagatik». Dena den, legearen aldaketa «sakonago» baten alde agertu ziren. «Nafar guztiak berdindu ahal gaituen, eta gure nortasunaren zati den euskara zaindu eta garatuko duen aldaketa bat proposatzen dugu», azaldu zuen Maiorga Ramirezek, NaBaiko parlamentariak.

Hala, bezperan iragarri bezala, bi zuzenketa jarri zizkion lege proposamenari. Lehenbizikoan, Nafarroa osoan gaztelania eta euskararen koofizialtasuna aldarrikatzen zen. «Hizkuntzen elkarbizitzak herritarren elkarbizitza laguntzen du. Gainera, Nafarroa modernitatearen bidean jarriko litzateke, eremuen irudi zaharkitua gaindituz». Bigarren zuzenketa subsidiarioa izan zen, eta bertan «egoera eta eskaera soziala» kontuan hartuta eremu mistoa beste 24 herritara zabaltzea eskatzen zen. Herri horien artean egongo lirateke, besteak beste, Tafalla, Zangoza, Irunberri, Oibar eta Erriberri. Gainera, eremu mistoan sartzeko nahia erakusten duten udalak aintzat hartzea eskatzen zuen mozioak. «Ikerketa soziolinguistikoetatik harago, herritarren eskaerak hartu behar dira kontuan».

Zuzenketak ez ziren aurrera atera. PSNk, CDNk eta UPNk aurka bozkatu zuten, eta NEB abstenitu egin zen. «Koofizialtasuna ez zen lege proposamenaren helburua, hori ez baita nafar guztien nahia. Baina ez dugu baztertzen, eskaeraren eta egoera soziolinguistikoaren arabera, eremu mistoa zabaltzen jarraitzea. Baina hau ez da unea», argitu zuen Errok.

NEBren lege proposamena babestu zuen PSNk. Roberto Jimenez parlamentariak eman zituen horretarako arrazoiak: «Euskararen Legearen baitan jasotzen da hura aldatzeko aukera. Beraz, zergatik ez aldatu egoerak hala eskatzen badu?». Nafarroako Gobernuak egindako azterketa soziolinguistikoan garbi geratzen da, haren ustez, lau herriak eremu mistora pasatu behar dutela. CDNren eta UPNren jarrera kritikatu zituen Jimenezek. «Azterketak sinesgarritasun osoa du. Ez da bidezkoa azterketaren emaitza gustuko ez dutelako, baliagarritasunik ez ematea. Gogoan izan dezatela berek agindu zutela».

CDN ETA UPN AURKA. Legea aldatzeko beharrik ez dute ikusten CDNk eta UPNk. «Nahi adina tresna ematen ditu egungo legeak herritarrak euskaraz bizi ahal izateko», adierazi zuen Carlos Garcia Danero parlamentariak.

Lege proposamenak gehiengo osoaren babesa izan arren, gehiago hori murritza dela uste dute. «Parlamentuaren %48 kanpoan geratzen da, eta halako lege aldaketa batek babes handiagoa eskatzen du».Gogoratu zuten aurten Nafarroako Gobernuak ikerketa soziolinguistiko bat egingo duela. CDNren ustez, azterketa horren emaitzak izan arte itxaron beharko litzateke edozein erabaki hartzeko. Bi alderdiek aurkeztutako zuzenketak ez ziren onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.