Konfinamendua arintzeko prozesua aurrera doan neurrian, zenbait jarduera hasiak dira lehengoratzen. «Normaltasun berri bat dugu jokoan, COVID-19ak agerian utzi dituen hutsune eta desberdinkeriei aurre egiteko bestelako neurri eta erabakiak hartu behar baitira». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua ziur da euskarak ere egon behar duela bide horretan, eta, Martin Ugalde Foroarekin elkarlanean, Euskara ere normalitaterantz? mahai ingurua antolatu du gaur, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Euskarak gizarte berdinzaleago, kohesionatuago eta demokratikoago bat eraikitzeko egin dezakeen ekarpenaz jardun dute Josu Amezagak, Idurre Eskisabelek eta Amelia Barquinek, Goizalde Landabaso kazetariak gidaturik.
Mezu hori aldarrikatzeko, Kontseiluak abian du Geroa euskaratik dinamika, euskalgintzako eta bestelako norbanako eta taldeen babesarekin. Hainbat ekintza antolatu dituzte, eta horietako bat izan da gaurko solasaldia.
Foroa bertatik bertara ikusteko aukera izan da Martin Ugalde kultur parkean. Areto nagusian egin dute, eta, segurtasun neurri guztiak beteta, 25 lagunentzako lekua egon da. Mugak muga eta neurriak neurri, aurrez aurre elkartzeko aukera izatea garrantzitsua dela uste dute Kontseiluak eta Martin Ugalde Foroak, elkartu, elkarrekin pentsatu, eta jarduteko.
[youtube]https://youtu.be/TaxyrtT2sfs[/youtube]
Hala ere, mahai ingurua streaming bidez ikusi eta entzuteko aukera egon BERRIAren webgunean, eta, orain, osorik dago ikusgai. Entzuleek hizlariei galderak egiteko aukera izan dute, Twitterren #geroaeuskaratik traola erabilita.
Etorkizunari begira jarri dira hiru gonbidatuak, nor bere esparrutik. Josu Amezaga EHUko soziologoa da, euskara, euskal kultura, hedabideak eta identitatea aztergai izan dituena, besteak beste. Idurre Eskisabel kazetaria eta EHUko irakaslea da, generoa, nazio identitatea, eta euskararen eta feminismoaren arteko elkargunea lantzen dituena, besteak beste. Eta Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko Huheziko irakaslea da, kultur eta hizkuntza aniztasunean eta hezkuntzan aditua. Egungo krisian azaleratu diren premiak eta aldaketak ikusirik, euskarak zer leku izan behar lukeen aztertu dute.