gizartea

Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, hizkuntza sustatzeko ekimen ugari egiten ari dira

Donostiako Bulebarrean Mintzodromoan parte hartzen ari dira hainbat lagun, 'Hitzez hitz, ahoz aho' lelopean. Bilbon, berriz, "euskara guztiona" dela aldarrikatzeko mosaiko bat osatzen ari dira herritarren argazkiekin. Bestalde, Patxi Lopezek adierazi du euskara ez dela inongo ideologiaren ondarea.

2009ko abenduaren 3a
18:22
Entzun
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur eta hizkuntzaren aldeko hainbat ekimen ari dira egiten Euskal Herriko hainbat herritan, euskararen erabilera sustatzeko asmoz.

Helburu hori oinarri hartuta, Donostian Mintzodromoa antolatu dute. Goizean ehunka lagun aritu dira ekimen horretan parte hartzen eta arratsaldean ere -17.00etatik 19.00etara- hala izatea espero dute antolatzaileek. Hitzez hitz, ahoz aho lelopean Bulebarrean jarri duten karpa batean bilduta daude eta lau laguneko taldetan 15 minutuko solasaldiak izan dituzte. Hitz egiteko gaien artean izan dituzte, Donostiako gauzarik politena eta itsusiena, 2016an Donostia Europako kultur hiriburu izateko hautagaitza eta euskara bera.

Mintzodromoaren xedea, euskara kalera ateratzea da. "Euskara ikasten ari dena euskaraz hitz egitera animatzea nahi dugu,euskaraz jakin eta euskaraz aritzeko aukera gutxi dituenari hitz egiteko aukera eman nahi diogu eta euskalduna izan eta ohituraz euskaraz gutxi hitz egiten duenari motibazioa areagotu".

Bilbon "euskara guztiona" dela eta "guztion artean egiten" dela aldarrikatzeko herritarren argazkiekin mosaiko handi bat eratzen ari dira. Bere argazkia irudi horretan ikusi nahi duen herritar orok, Arriaga antzokiaren aurrean eta Moyua plazan jarri dituzten postuetan utzi dezakete argazkia.

Patxi Lopezek dio euskara ez dela inongo ideologiaren ondarea

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Manuel Larramendiren euskarazko lehen gramatika liburua eskuan hartuta, euskara ez dela inongo ideologiaren ondarea adierazi du, baizik eta "Euskadi, Espainia eta Europarena". Lopezen ustez, "euskara eta gaztelaniaren elkarbizitza ezin da arazo bezala ikusi gizarte aurrerakoiagoa eta eredugarriagoa lortzeko baizik". Euskara askatasunaren bidelagun izan behar duela gaineratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.