Euskararen normalizazioa urrun dagoela onartuta abiatu da Ollo

Nafarroako Gobernuak «alderdikerietatik urrundu» nahi du euskara, aurrerapausoak emateko. Rozalejo izango da Memoriaren Institutuaren egoitza 2025. urtetik aurrera

Ana Ollo kontseilariaren agerraldia, atzo, Nafarroako Parlamentuan. BERRIA.
xabier martin
2023ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok aitortu du euskararen alorrean ezadostasunak daudela gobernua osatzen duten alderdien artean, baina «eztabaida alderdikoitik urrunduta» aurrerapausoak ematea espero du legegintzaldi honetan: «Baldintzak betetzen dira, bai foru mailan, bai estatu mailan, eta baita Europan ere, legealdi honi aukera gisa aurre egiteko».

Bere sailaren lan ildoak azaltzeko Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian, Ollok gogoratu du Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak nabarmendu egin dituela 2015etik Nafarroan egon diren «hobekuntzak», baina kontseilariak «argi» dauka «oraindik asko» dela hobetzeko «euskarari emandako tratamenduan, normalizaziora iritsi nahi badugu». Ollo «erabilera alderdikoietatik ihes» egiten duen akordio politiko baten alde dago, zorroztasun teknikotik abiatuta eta prestigio handiko erakunde eta instituzioen laguntzarekin».

Edonola ere, gobernua osatzen duten indar politikoak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) ez dira ados jarri euskara sustatzeko funtsezkoak diren arloetan; adibidez, zonifikazioan. Euskara kontseilariak, ordea, ukatu egin du egungo gobernu akordioa 2019koa baino apalagoa dela euskarari begira. «Euskararen Plan Estrategikoa baliabide baliotsua da gaur egun ere, eta lanean jarraituko dugu».

EH Bilduren kezkak

EH Bilduko parlamentari Eneka Maizek «kezkak» helarazi ditu Olloren sailak izango dituen «muga gaindiezinak» direla eta. Salatu du gobernuak «liskarrarekin lotuta» erreparatzen diola euskarari; haren ustez, zenbait taldek «talkarekin lotu duteeuskara urte askoan», eta ikuspegi hori jasotzen ei du gobernuak euskararen arloaz aritzean. «Nafarroan pluralak gara, eta eleaniztunak, eta euskara baztertua dago». EH Bilduren arabera, hori da abiapuntua euskararen alorrean egin behar den lanketa egiteko. Horregatik, «politika ausartagoak» eskatu dizkio Ollori, eta galdetu dio ea zer egingo duen eremu mistoan sartu nahi duten udalerriekin,Mañerurekin, esaterako.

Memoriaren arloari dagokionez, Ollo kontseilariak esan du «1936an eta frankismo garaian gaur egun arte askatasunaren eta demokraziaren balioak defendatu zituztenen historia berreskuratzen» jarraituko duela gobernuak. Helarazi du hilobien mapak eguneratzen jarraituko duela gobernuak, desobiratzeak eta identifikazioak egiten, 36ko gerran eta frankismoan hil zituzten desagertuak aurkitzeko. Frankismoaren ikurren zerrendatzeak ere aurrera egingo du, «ikur horiek desagerrarazteko Nafarroako gune publikotik». Era berean, San Cristobal gotorlekua memoriarako gune izateko ekinbideak aurrera egingo du, eta Espainiako Gobernuarekin batzartuko da aurki, proiektu horri bultzada bat emateko.

Biktimei buruz luze eta zabal aritu da Ollo: «Gure lanaren protagonistak izango dira aurrerantzean ere». Gobernuaren itun politikoak bermatu egingo ditu ETAren biktimentzako «babesa eta elkartasuna», baina baita «beste talde terrorista batzuen» biktimentzakoa ere. Terrorismoaren Biktimen Foru Legearen erreforma bati ekingo dio gobernuak, «ahalik eta kontsentsu handiena lortzeko asmoz».

Era berean, gobernuak aurrera egingo du funtzionarioen eta eskuin muturreko motibazio politikoaren ekintzen biktimak aitortzeko eta erreparazioa jasotzeko lanean. «Luze gabe» lehen aitortzak iritsiko direla ere iragarri du Ollok.

Horrez gain, Rozalejoren jauregia izango da memoriaren eta bizikidetzaren arloko politika publikoen egoitza. «Apustu garrantzitsua da Memoriaren Institutuari eta Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiari egoitza finko eta sinbolikoa ematea», esan du Ollok. 2025. urtearen hasieran prest egongo dela aurreikusi dute. Halaber, Memoria kontseilariak azpimarratu du Erorien Monumentuaren etorkizuna argitzeko «lanean» hasiko dela bere saila, Iruñeko Udalarekin lankidetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.