GIZARTEA

Euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko, manifestaziora deitu du EHEk

Martxoaren 24an eginen dute protesta, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.

EHEko Azaitz Gartzia eta Koldo Aldabe, manifestazioaren aurkezpenean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2018ko martxoaren 5a
14:37
Entzun

Mugarik gabeko euskara lelopean, manifestazioa antolatu du Euskal Herrian Euskaraz erakundeak. Euskarak "etorkizuna ziurtatua ez" duela eta euskaldunak "bigarren mailako hiztun izatearen ondorioak pairatzen" dituztela nabarmendu dute EHEko kide Koldo Zaratek eta Azaitz Gartziak, Iruñeko Katakrak liburu dendan eginiko agerraldian.

"Euskaldunon hizkuntza eskubideak bigarren mailakoak dira, erdal hiztunen hizkuntza eskubideekiko subalternitatean", azaldu du Zaratek. Euskararen hiztun komunitatea ere "desegituratua" dagoela salatu du: "Euskaraz sor eta birsor daitekeen komunitate osoa izan ordez, hiztun irletan sakabanatuta gaude. Hatsa hartu eta iraun ahal izateko arnasguneen bila, irla batetik bestera. Gero eta hertsatuago eta ahuleriak jota daude eremu euskaldunak. Gune euskaldunotan ere derrigorrezkoak frantsesa eta espainiera dira, eta euskara, berriz, nekez doa hautazkotasunetik harago".

Egoera horren aurrean, EHEk ezinbestekotzat jo du "jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa" ematea. Euskararen etorkizuna bermatze aldera, beste edozein hizkuntza normalizatuk dituen baldintzak eta egokitze prozesuak eskatu ditu Azaitz Gartziak: "Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraiki beharra dago. Euskal Herriaren alde daudela dioten eragile politiko, sozial eta ekonomikoei exijitzen diegu euskara euren jardueren erdigunean kokatzea, bai euskara lan hizkuntza izanik, bai euskararen normalizazioa ezinbestean aplikatu beharreko irizpidetzat harturik".

Burujabetza ere eskatu dute: "Euskal Herriko biztanleok nolako hizkuntza politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko, inolako mugarik gabe euskaraz bizi ahal izateko, eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman ahal izateko".

Hori guztia aldarrikatuko dute Iruñean martxoaren 24an eginen duten manifestazioan. 17:30ean aterako da martxa, autobus geltoki zaharretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.