Ibon Urgoiti EAJko zinegotziak 'Berria.info'-ri azaldu dionez, hautetsi jeltzaleak zein EAkoak aspalditik ari dira Portugaleteko Udal Liburutegian euskara hutsezko egunkaria falta dela salatzen, aldiz, gaztelerazko egunkarien eskaintza handia baita. "Aspalditik ari gara Liburutegian ez dagoela euskarazko egunkaririk esaten, eta egon behar duela eskatzen, 'Berria' edo dena delakoa. Une honetan 'Berria' da euskarazko egunkari bakarra, eta hura egon dadila eskatzen dugu", azaldu du Urgoitik. Funtsean, Portugaleteko Udal Liburutegiak 'Berria'-ren harpidetza egin dezala eskatzen dute.
Udal Gobernuak (PSE-PP), ordea, atzera bota du behin eta berriz eskaera hori. "Dirurik ez dagoela erantzun digute beti. Baina aitzakia baino ez da, Portugalete bezalako udal handi batentzat egunean 0,80 zentimoko gastua ez baita ezer", azpimarratu du EAJko zinegotziak.
Aurtengo aurrekontuak onartzerakoan, EAJ eta EAko zinegotziek zuzenketa bat egin zioten Udal Gobernuaren proposamenari Udal Liburutegian 'Berria' egon zedin bermatzeko, baina PSEk eta PPk atzera bota zuten.
Hori ikusita, euren dietetatik 'Berria'-ren harpidetza egiteko beharrezkoa den dirua deskontatzeko proposamena egin zioten zinegotzi jeltzaleek eta EAkoek Udal Gobernuari, baina hori ere ez zuten onartu. "Adar jotze handi bat da hau gutia. Proposamen hori egin genuenean, baiezkoa eman zigun aurrena Kultura zinegotziak, argudio ezean-edo. Bat-batean, ordea, alkateak esan zuen ezetz, ezin zela. Doaitzak egin zitzaketela zinegotziek, baina ezin zutela baldintzatuak izan. Hau da, diru horri uko egin geniezaiokeela, baina trukean zertan erabiliko zen erabaki gabe", agertu du Urgoitik.
Joan den egueneko udalbatzarrean gertatu zen hori guztia, eta euskararen zein hizkuntz normalizazioaren kontrako argudioa emanez amaitu zuen Santi Perez Kultura zinegotziak 'Berria'-renharpidetza ez egiteko arrazonamendua: esan zuen Udal Liburutegian euskara hutsezko egunkari baten eskaintza bermatu behar bada, Europako Batasuneko beste hizkuntzetan daudenena ere bermatu behar dela. Zehazki, ingelesez edo frantsesez daudenak jarri beharko liratekeela aipatu zuen.
Urgoitiri oso larriak iruditzen zaizkio adierazpen horiek; arego, Kultura zinegotziak eginda. "Larria da Kultura zinegotziaren egitekoa gure kultura babestea delako, eta gure kulturaren ardatz garrantzitsu bat euskara delako. Bagenekien euskara babesteko interesik ez zuela, baina hain agerian uztea oso larria da", iritzi dio.
Horrez gain, Udal Liburutegian Internet zerbitzua eskaintzen dela erantsi zuen Kultura zinegotziak, eta, beraz, 'Berria.info' irakurtzea bazegoela. Hain justu, Udal Liburutegiko erabiltzaileak edizio digitalak irakurtzera ohitu behar direla azpimarratu zuen Perezek.
Urgoitik 'Berria.info'-ri agertu dionez, euskara hutsezko komunikabideen inguruan izan duten ika-miken ondorioz, lorpen txiki bat, behintzat, erdietsi dute EAJko eta EAko zinegotziek: Portugaleteko Udaleko web orrian 'Berria.info'-ren esteka jartzea, orain gutxi arte, beste egunkari guztienak bai, baina euskarazkoarena falta baitzen.
Euskara
Euskarari EBko beste hizkuntzen tratu bera eman behar zaio Portugaleteko Udal Gobernuaren (PSE-PP) arabera
Portugaleteko (Bizkaia) Udal Gobernuaren arabera, ez dago Udal Liburutegian euskara hutsezko egunkari baten eskaintza bermatu beharrik; aitzitik, Liburutegian euskarazko egunkaria jarriko balitz, ingelesez edo frantsesez daudenak, edo EB Europako Batasuneko beste hizkuntzekoak eskaini beharko liratekeela argudiatu du Santi Perez Kultura zinegotziak. EAJko eta EAko zinegotziei erantzunez eman zuen azalpen hori Perezek joan den egueneko udalbatzarrean. Izan ere, alderdi horietako zinegotziek 'Berria', euskara hutsezko egunkari bakarra, Liburutegian eskaintzeko galdegin zioten Udal Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu