Euskarari egia zor diotelako

Atzo Euskaltzaindiaren Jagon jardunaldietan parte hartu zutenek berretsi zutenez, euskararen bilakaeraz ez du balio gezurretan aritzeak. Lege babesa galdegin zuten, baina bestelako proposamenez ere mintzatu ziren.

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Xintxuketan ari gara denak», irudi horrekin laburbildu zuen Ipar Euskal Herrian euskararen arloan ari direnen egoera Jakes Bortairu AEK-ko arduradunak. Euskararen oraina eta geroa Ipar Euskal Herrian izenburupean Euskaltzaindiak antolatu XVII. Jagon jardunaldien karietara aritu zen Bortairu, Frantxua Maitia (EEP Euskararen Erakunde Publikoa), Jone Josie (Kontseilua), Paxkal Indo (Seaska) eta Ttitto Betbederekin (Euskal Irratiak). Eta, oro har, nagusitu zen ideietako bat izan zen xintxuketarena.

Nahiz eta ez ukatu azken aldian aitzinamenduak izan direla, bai herri mugimenduaren aldetik eta bai EEPren bitartez, Bortairuk nabarmendu zuen «ikusiz dagoen erronka parean», gaurko erritmoan hamarkadak, ez bada mendeak, beharko litezkeela euskalduntzeko gizartea. Hots, horrela segituz ezinezkoa dela. Gezurka ez dela aritu behar berretsi zuten behin eta berriz. «Euskarari zor diogu gezurretan ez aritzea», argi utzi nahi izan zuen Indok. Erran nahi baita, egoera larria ez gordetzea: «Inkesta soziolinguistikoak erakusten duen bezala, hil ala biziko kontua da hiztunak sortzea», Bortairuren hitzetan. Eta, nahiz eta «xintxuketan biziki onak garen», adierazi zuen ironiaz Indok, «xintxuketan aritzeak ez du balio». Bortairu: «Beste zerbait egin behar dugu hemendik goiti».

Geroari begira egin beharrekoetan, eta eraman beharreko hizkuntza politika publikoari buruz, bi puntu nagusi zehaztu zituzten solaskide gehienek: batetik, lege babesaren beharra, eta bestetik, lurraldearen ezagupena. «Hizkuntza politika publiko burujabea» beharrezkoa dela erran zuen Josiek, lekuan berean kudeatu daitekeena, ez urruneko erabakien menpe izateko gisan. Hortaz, mahaian zen arduradun politiko bakarra, Frantxua Maitia,molde lausoan aritu zen, kezkei buruz hitz egiterakoan. Burdin elea erabili zuen, zer erran nahi zuen ez biziki argi utziz ororen buru: «Ez dut uste Frantzian lege batek duguna baino gehiago eskainiko digunik. Beste lurralde batzuk anitz baino abantzatuagoak gara».

Baina, aldi berean, onartu zuen interesa balukeela Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetzen balu Frantziak. Eta lege bat eginez ere, «orain bizi ditugun gauzak» segurtatuak ditezkeela. Gogorarazi zuen EEP bera lurralde kontratuari lotua dela, lurralde kontratua 2013. urte bukaeran bururatzen dela, eta ondotik negoziatu beharko dela. Baina aldi berean, pentsatzen du lurralde ezagupenak ez lukeela diru gehiago ekarriko. Haren kezka nagusia herritarrek zer hartzen duten jakitea da: «Igor bageneza Herria kazeta familia guztietara, irakurleen kopurua igan litekea? Ez dut uste prezioarengatik ez dutela irakurtzen». Orduan, publikotik Jean Haritxelhar euskaltzainak ihardetsi zion ezaxolakeria zela arazoa. Eta Maitiak horri: «Nola gainditu ezaxolakeria hori? Hori denen afera da». Hark berak EEP gisa: «Eginahalak egiten ditugu guri eman ahalekin».

Lege babesa noizko ikusten duten galdera pausatua izan zitzaien solaskideei, eta erantzun gisa, Indok ironia erabili zuen berriz. Gogorarazi zuen François Hollandek hitzeman zuela hizkuntzen ituna izenpetuko zuela presidentetza irabazteko kanpainan. Baina ez duela itxaropenik. Are gehiago, aitzineko presidente Nicolas Sarkozyk izenpetzeari ezetz borobila eman ziola argitu zuen Indok, eta gaineratu: «Hark, bederen, ez zuen gezurrik erran». Esaldia horri ez zion deus erantzun Maitiak.

Anartean, proposamen zehatzak badaude plantan jartzekoak, eragileen ustez. Indok argi zuen murgiltze sistema orokortu behar dela: «Plan finko bat egin behar dugu hemendik hamar urtera gaur egun elebidun diren eskola horiek guztiak murgiltze eredurako saltoa egin dezaten osoki. Bestenaz, gezur hutsa da sistema guztia».

Bortairuk berak nabarmendu zuen helduen euskalduntzearen prozesuan Ipar Euskal Herrian «alimaleko beranta» dagoela. Hizkuntza politika publikoa orain dela bost bat urte martxan jarri bazen ere. «Oraindik ez da erabaki publikorik hartu horri buruz. Ez dugu sekula entzun EEPko arduradun edo edozein arduradun publiko argiki erraiten helduek ere ikasten ahal dutela, baloratzen milaka helduk egin duten urrats hori. Sekula ez dugu entzun». Betbederek, berriz, adierazi zuen euskarak badituela indarguneak Ipar Euskal Herrian, eta horiek direla indartu behar, horiek zein diren zehaztuta.

Hedabideen kasuan, adibidez, jadanik hor diren tresnak indartu behar direla zeritzon. «Zerk ekar liezaioke gehiago euskarari: euskara sartzea frantsesez osoki ari den hedabide batean, edo diren tresnak indartzea?», galdetu zuen. «Zer da inportantena euskaldun batentzat: euskara pixka bat atzematea frantsesez ari den kazeta batean, edo eskuratzea BERRIA baldintza onetan bere etxera? Gaur egunean ez dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.