Joxe Iriarte Zabaleta Bikila-k (Errenteria, Gipuzkoa, 1945) zortzi hamarkadako bizialdia darama bizkarrean, eta «gizartea nola aldatu» pentsatzen eta ekiten jarraitzen du. Gogoeta horiek liburu batean bildu ditu: Hau mundu petrala gurea! (hankaz gora jartzeko ahaleginetan). 442 orrialdeetan, gogoetarako eta eztabaidarako mamia eskaini nahi izan du. «Euskaratik eta Euskal Herritik mundu petral honi ostikada bat emateko gogoa du liburu honek», azaldu du.
Frankismoan, ETAn eta CCOOn militatu zuen. 1980ko hamarkadan LKI sortu zuten; gerora, Zutik alderdiaren sortzaileetako bat izan zen, eta Lizarra-Garaziko akordioan parte hartu zuen. Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide ere izan zen, EHrekin. Gaur egun Alternatibako kidea da, eta EH Bilduko partaidea.
Azalean, adineko bi gizon-emakume: gizona Poliziari ostikoka, eta emakumea karatea eginez, ekintzailetza nekaezinaren ispilu baita liburua. Amaitzear den mundualdi baten zantzuak ikusten ditu Bikilak, eta kapitalismoaren alternatibarik ezak kezkatzen du: «Sozialdemokraziaren joera izan da estatuek lana egitea eta erreformaz erreforma joatea. Bigarren Mundu Gerraren ostean izan zuen bere alde loriatsua: ongizateko estatua. Baina estrategia horrek porrot egin du azkenean kapitalismoan integratu delako».
Euskal Herrira ekarri du begirada gero: «Hemen ere ezkerreko estrategiak porrot egin zuen. ETAk ez du lortu nahi zuena. Azkenean utzi behar izan du, eta beste bide bat hartu. Beste bide horretan lortu den gauza inportantea da ezker abertzalea mugimendu politiko bezala mantentzea».
«Instituzionalizazioari buruzko kezka»
Aurkia eta ifrentzua ikusten dizkio horri ere: «Emaitza onak biltzen ari da hauteskundeetan, baina instituzionalizazioak bere arazoak dauzka; alegia, lehentasuna hartzea estrategia horrek». Teoria hau defendatzen du: «Hanka bat instituzioetan eta mila kalean, baina praktikan zera gertatzen ari da, erakundeetan sekulako lana egiten dela, horrek zurrupatzen du militantziarik onena eta egituraren indarrik handiena, baina kalea gero eta apalago dago. Desoreka horrek kezkatzen nau».
Militantzia eredu bati lotua egon da Bikilaren ibilbidea, eta, eredu hori mitifikatuegia ez ote den galdetuta, honela dio: «Izan liteke. Guk nostalgiatik asko edaten dugu, eta kontziente izan behar dugu. Askotan neure buruari esaten diot: 'Joxi, isilik egon hadi'. Beti zaudete toki guztietan. Utzi jende berriari hitz egiten, eta entzun gehiago. Egia da, bai, guk ohitura batzuk dauzkagu eta haien menpeko gara».
«Askotan semeari esaten diot: 'Gaurko gazteak non zabiltzate?'. Eta berak esaten dit: 'Bagabiltza, baina zuek ez gaituzue ikusten'. Eta arrazoi du»
Belaunaldi arteko etenak ere kezkatzen du: «Askotan semeari esaten diot: 'Gaurko gazteak non zabiltzate?'. Eta berak esaten dit: 'Bagabiltza, baina zuek ez gaituzue ikusten'. Eta arrazoi du. Ez da beraiek ez direla mugitzen. Beste modu batzuetan mugitzen dira». Eta lotura egiten du bere gurasoen belaunaldiarekin: «Guk ere gure garaian bagenituen arazoak gure zaharrekin harremanetan jartzeko. Gerra batean galtzaile ateratakoak ziren, traumatizatuak zeuden, ez zuten hitz egin nahi, eta diktadurak zaildu egiten zuen harremana».
Ekintzailetza aitortzen die gazteei, horrenbestez: «Badakit belaunaldi bakoitzak eskarmentutik ikasten duela, eta nik ere mugak ditut seme-alabekin, zeren aitona tipuleta ez dut bihurtu nahi, patetiko xamarra bihurtzen zara».
«Langile mugimendua»
Ezkerreko borroketara lotu izan da, eta begirada horretatik hauxe ikusten du: «Gaur egunean, langileen mugimendua mugimendu gisa ez da existitzen. Sindikatuak eta ezkerreko alderdiak daude, baina, garai batean, hori dena eta gehiago ziren langile mugimenduak. Orain, berriz, hori dena zatikatua dago».
Itxaropena mugimendu feministak piztu dio: «Langile mugimendurik gabe, ez dago aldaketarik egierik. Produkzioaren jabe dira. Feminismoak zer ekarri du berria? Aurpegiak eta gorputza zuen langile sektore bat agertu da. Igaroak dira langilea gizon buzodunekin lotzen ziren garaiak. Feminismoak aldatu egin du lanaren zentzua. Beti egon dira hor, baina ikusgarritasuna eman diete garbitzaileei, langile prekarioei, gehien-gehienetan emakumeak diren horiei. Mugimendu feministak sekulako aldaketa ekarri dio munduari». Are gehiago azaldu du: «Gaur egun, munduaren aldaketa ezin da pentsatu feminismorik gabe».
Klaseari buruzko gogoetaz gain, herrien burujabetzari buruzkoa ere bildu du liburuan: «Nazio arazoak edo klase borrokak, zeinek du lehentasuna? Azkenean, konturatu ginen elkarrekin zerikusia dutela, eta gaur egunean hori ere zaharkitua geratu da. Gaur egun, geometria poliedriko gisa ulertu behar da, non langileen mugimendua sartzen den, feminismoa, nazio arazoa, ekologismoa... Gaur egun, emantzipazio prozesu batek horiek denak uztartu behar ditu. Gero, koiuntura politiko batean batak edo besteak hartuko du garrantzia, baina, proiektu moduan, osotasunean hartu behar da. Eta orain, berriz, bandera gorriak bakarrik ikusten dituzu mugimendu gazte batean; beste mugimendu gaztean, ikurrina eta independentzia».
Kezka iturri zaio, halaber, eskuinaren goraldia: «Faxismoa eta eskuin muturraren gorakada oso kezkagarria da mundu osoan, eta gu ez gaude hortik salbu. Estatu liberala bere maila murritzenera eramango dute».
Hala eta guztiz ere, irri batekin amaitu du elkarrizketa: «Osasuna lagun, borrokan segituko dugu».