Igor Ortegaren deklarazioarekin hasi da arratsaldeko saioa. Euskaraz ari zen defentsaren galderei erantzuten, eta une batean, zuzenketa bat egin dio itzultzaileari haren jarduna etenez.
Zuzenketa horrek guztiz hasarrarazi du Alfonso Guevara epaimahaiko presidentea, eta hortik aurrera itzultzaileei inolako zuzenketarik egitea galarazi die akusatuei, bere "erabaki pertsonala" dela nabarmenduz.
Guevarak esan du ahalegin berezia egin dutela auzipetuei euskaraz deklaratzeko eskubidea emateko, eta bost itzultzaile eraman dituztela. Hala ere, Espaniniako Konstituzioaren arabera, hizkuntza ofiziala gaztelera dela aldarrikatu du, itzultzailearen laguntza izateko eskubidea gaztelera ulertzen ez dutenek bakarrik dutela, eta hori ez dela epaituen kasua; alegia, gazteleraz deklaratu beharko luketela esa die.
Dena den, 'eskuzabal' izan nahi izan du epaimahaiburuak, eta euskaraz deklaratzeko segitzeko aukera eman die, baina itzultzaileari inolako zuzenketarik egitea galaraziz. Itzultzaileak "bere kontzientziaren arabera" itzuliko duela adierazi du, eta auzipetuek hori onartu beharko dutela.
Epailearen "erabaki pertsonalaren" ondoren, bost minutuko etenaldia egin da defentsak eskatuta. Harrezkero, gazteleraz deklaratzea erabaki dute auzipetuetako batzuk; bestetzuk, euskaraz hasi dute deklarazioa, baina itzultzailearen lehen hutsegitea sumatzean, gazteleraz jarraitu dute.
Igor Ortega auzipetuak epaimahaiari adierazi dio gazteleraz deklaratzea bere kontrakoa dela, hizkuntza horretan ez duelako euskaraz adinako gaitasunik nahi duena behar bezala adierazteko.
'Haika-Segi auzia'
Euskaraz behar bezalako bermeekin deklaratzeko eskubidea ukatu diete Haikako eta Segiko auzipetuei
Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean 'Haika-Segi auziko' epaiketa hasi zenetik arazo franko sortu da itzultzaileekin, haietako gehienek ezinean jardun baitute, akusatuek euskaraz eginiko deklarazioak gaztelerara behar bezala izultzeko zailtasunekin. Problema horiek tarteko, auzipetuen hizkuntz eskubideen aurkako erabakia hartu du Alfonso Guevara epaimahaiko presidenteak: hizkuntza ofiziala gaztelera dela aldarrikatu ostean, euskaraz deklaratzen segitzeko aukera eman die auzipetuei, baina itzultzaileari zuzenketarik egitea galarazi die. Funtsean, euskaraz behar besteko bermeekin deklaratzeko eskubidea ukatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu