euskara

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute Tuteran

Berrehun lagunek manifestazioa egin dute, 'Nafartarrak garelako, Erriberan euskaraz!' lelopean. Nafarroako Parlamentuaren legearen arabera, eremu ez-euskalduna da Erribera.

2011ko apirilaren 9a
16:00
Entzun

Nafarroako Erribera, herrialdeko parlamentuaren Euskararen Legeak 1985ean Nafarroa hiru hizkuntz eremutan banatu zuenetik, eremu ez-euskalduna da ofizialki. Baina hori aldatu beharra dagoela uste dute Erriberako euskaldunek eta beste hainbat lagunek, eta gaur manifestazioa egin dute Tuteran. 12:00etan abiatu da martxa, plazatik, Nafartarrak garelako, Erriberan euskaraz! lelopean. Berrehun lagun elkartu dira.

"Erriberan euskaraz bizi nahi dugu, eskubidea delako, justiziazkoa delako, gure hizkuntza delako, euskaraz hitz eginez etorkizuna eraikitzen ari garelako. Euskaraz bizi nahi dugu; zergatik ez? Ba al dago eskubidezko edota justiziazko arrazoirik euskaraz bizitzea galarazteko? Ez luke egon behar", esan du martxaren antolatzaile Erriberan Euskaraz Elkarteak, bukaeran.

Nafarroako Gobernuaren eta UPNren jokabidea salatu du; gaurko legediari eusteagatik, besteak beste. "Azken urteetan euskaldunok zokoratzea helburu izan duen politika hori aldatu beharra dago. Gure eskubideak erabat urratzen ditu, berdintasun printzipioaren kontra doa herritarrei eskubide eta betebehar desberdinak aitortzea".

Egoera aldatzeko "herritarren aktibazioa ezinbestekoa" dela deritzo elkarteak. Esaterako, seme-alabak euskara ikastera bidaltzen dituzten gurasoei eskatu die eurek ere ikas dezatela euskara. "Bestela, nola biziko dira euskaraz ume horiek?".

Gustura geratu da manifestazioak izandako harrerarekin. "Gaur berriro erakutsi egin dugu aurrera egiteko prest gaudela. Denon artean baldintza berriak sortu behar ditugu. Geure esku ere badago, eta gaur pauso bat eman dugu".

Bihar, Mendigorrian

Bihar Mendigorrian euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko festa izango da. Kontseiluak hara ere joateko dei egin du aste honetan. "Bi ekimen horiek Nafarroako legeak ezarritako eremu ez-euskaldunean kokatuta dauden herrietan ospatuko dira. Eta bietan ere arazoaren sortzailea edota jatorria berbera da: Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideak banatzen dituen legea".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.