Sabin Anuzita. Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotzia

«Euskaraz jakitea beharrezkoa da Bilboko alkate izateko»

Anuzitak dioenez, 'Euskararen Bilbo' ituna ez zen gauzatu ezinezkoa izan zelako alderdi politiko guztien artean adostasuna lortzea, baina horretaz «berri onak» iragarri ditu.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
gotzon hermosilla
Bilbo
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Berbagunearen antolakuntzan buru-belarri sartuta dago egunotan Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol zinegotzia (Bilbo, 1975). Bihar egingo dute Berbagunea hirugarren urtez Bilboko Alondegian, eta euren asmoa da 2.000 lagun, euskaldunak zein euskara ikasleak, elkarrekin paratzea euskaraz berba egin dezaten. Datorren urtean ere euskarak Bilboko kaleak beteko ditu bi egun garrantzitsutan, Korrikaren amaiera eta Ibilaldia Bizkaiko hiriburuan antolatuko direlako.

Agintaldia amaitzen ari da. Nolako balantzea egiten duzu euskarari dagokionez?

Desberdindu beharko genuke, alde batetik, udalak egiten duena, eta, beste aldetik, hirian egoera zein den. Lehenengoari dagokionez, udalak bere ildoak mantendu ditu diru laguntzen zein plangintzaren aldetik. Gure lehentasuna beti izan dira umeak, gazteak eta gurasoak. Bermatu gura izan dugu etxeetan egiten dena, horrek oinarri sendoa ematen diolako etorkizunari. Kalean erabilera sustatzeko ere baditugu hainbat programa, baina etxeetan egiten dena bermatu gura izan dugu.

Eta bigarren arloari dagokionez, nola ikusten duzu euskararen egoera Bilbon?

Beti nabarmendu dugu gauza bat dela ezaguera eta beste bat erabilera. Erabileraren aldetik, agintaldia hasi genuenean erabilera euskaldunen eta ia euskaldunen artean %50 baino gutxiagokoa zen, eta orain, berriz, %52ra heldu gara. Nik garrantzi berezia ematen diot ia euskaldun sentitzen direnen multzoari, pentsatzen dudalako garrantzitsuena euskaraz egiten saiatzea dela, nahiz eta %100ean ez egin edo akatsak egin. Nik uste dut balantzea oso positiboa dela.

Euskararen Bilbo izeneko dokumentua aurkeztu zenuten duela hilabete batzuk, euskara sustatzeko itun bat lortzeari begira. Zein zen horren helburua?

Ni politikaria naiz, baina uste dut politika eta euskara batera erabiltzea kaltegarria dela euskararentzat. Gure asmoa zen gutxieneko batzuk adostea indar politiko guztiekin, eta gutxieneko horiez gain beste zerbait egiteko gauza bagara, askoz hobeto, baina euskara lehia politikotik kanpo utzita eta guztienganako errespetuan oinarrituta. Aztertu genituen hainbat udaletan lorturiko akordioak eta Eusko Jaurlaritzak egindako lana, bereziki Euskara 21 plangintzan agertzen ziren hamalau puntuak. Kontaktuak izan genituen talde politikoekin, baina alderdi batek esan zuen ez zegoela puntu guztiekin ados, eta akordioa ez zen gauzatu.

PPk uko egin zion horri, euskara «kohesioaren funtsezko osagaia» adierazita. Ezinbestekoa zen erabateko adostasuna lortzea?

Gai horretan erantzukizuna ez da soilik euskara zinegotziarena, alderdi guztiena baizik, eta politikaz harago, gizarte osoarena. Horregatik zen garrantzitsua adostasuna lortzea. Dena dela, azken bi hilabetean lanean jarraitu dugu alderdiekin gai horren inguruan, eta seguru asko hemendik lasterrera berri onak izango ditugu.

Bilboko Udalak euskarari eskaintzen dion aurrekontua nahikoa dela uste al duzu?

Azken bi urteetan bilakaera beheranzkoa izan da. Aurten, berriz, oraindik guztiz onartuta ez dagoen arren, euskararen aurrekontuak gorantz egingo du. Ia 369.000 eurokoa izango da, %21,3ko igoerarekin. Nahikoa ote den galdetzen didazu: nik uste dut inoiz ez dela nahikoa, baina idealena litzateke aurrekontuen beharrik ez izatea, horrek esan nahiko lukeelako euskararen egoera guztiz normalizaturik dagoela. Seguru asko, bideratzen den diru kopurua ez da nahikoa, beste sail batzuetan ere nahikoa ez den bezala, baina gure irizpidea da ez zorpetzea, zorrik ez sortzea, eta esparru batzuk murriztu behar izan ditugu beste batzuk mantendu ahal izateko. Erantzukizunez jokatu behar izan dugu, eta egoera zein den kontuan hartuta, gizarte gaietarako diru funts handiak bideratu ditugu. Horrek ez du esan nahi gainerakoetan artaziak sartu ditugunik, erantzukizunez jokatu dugula baizik.

Askotan esan da Bilbo estrategikoa dela euskararen berreskurapenean. Ados al zaude?

Guztiz ados. Hiztunen kopuruak hartuta, Bilbo da eta izango da euskararentzat erreferente nagusia. Gainera, badakizu bilbotarroi beti leporatu zaigula handiusteak izatea; harrotasun puntu hori bilbotarron izaeraren ezaugarria da, eta nik uste dut euskarak ere hortik zer edo zer hartu behar duela.

Aurten, Eusko Jaurlaritzak nabarmen jaitsi du BERRIAri eman beharreko diru laguntza. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Dirua oso garrantzitsua da denontzat, eta denen beharrizanak ase egin behar dira, baina BERRIA ez da euskaraz egiten duen hedabide bakarra, eta badaude beste hedabide asko, askoz aurrekontu txikiagoarekin euren eguneroko lana bermatu behar dutenak. Nik ulertzen dut BERRIAren jarrera, baina hortik aurrera pauso bat eman eta kritika zorrotzak egiten direnean, jarrera hori, nahiz eta ulertu, ez dut ontzat ematen. Administrazio batentzat ez da erraza eragile guztiak ase utziko dituzten neurriak hartzea, are gutxiago garai hauetan, nahiz eta, nire ustez, BERRIAk egiten duen lana sekulakoa izan.

Euskalduna izatea beharrezkoa da Bilboko alkate izateko?

Dudarik gabe. Seguru asko, Iñaki Azkunak ez zuen irudi hori ematen, jende aurrean edo hedabideetan gutxi egiten zuelako, baina jende askok ez daki Azkunak euskara asko maite zuela eta ordu asko eman zituela euskara ikasten. Oraingo alkateak ere [Ibon Areso] ordu asko eman ditu ikasten: euskaldun zaharra zen, eta gerraostean galdu egin zuen. Baina bai, nik uste dut Bilboko alkatea izateko euskara jakin, ulertu eta hitz egitea beharrezkoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.