Euskal prentsa euskarazkoa baino zerbait gehiago da», bota zuen atzo Jexux Mari Zalakain EHUko irakasleak Digitaro Euskarazko Komunikazioaren Nazioarteko II. Biltzarreko irekiera berbaldian. Eta hori izan zuten abiapuntu belaunaldien arteko mahai inguruan, Samara Velte (BERRIA), Estitxu Eizagirre (Argia), Nagore Telleria (Euskadi Irratia), eta Nerea Azurmendi (Diario Vasco) kazetariek. Rosa Martin Sabaris izan zuten moderatzailea.«Nik ikasi dudan definizioan, gauza bera dira. Euskal prentsa, hizkuntzaz harago, oraindik eraikitzen ari gara», uste du Veltek.
Bat dator Azurmendi. Uste du hizkuntzak «kohesioa eta komunitatea sortzea» gehitzen dizkiola kazetaritzari. «Lanean hasi eta lau egunera, bi guardia zibil hil zituzten, eta lekuko bakarra erdaraz ez zekien baserritar bat zen. Ni bidali ninduten, euskaraz nekielako. Orduan konturatu nintzen euskarak hurbiltasuna emateko balio digula».
Komunikazioa eta kazetaritza bereizi ditu Eizagirrek. «Sare sozialei esker, guztiok gara komunikatzaile. Baina gure ardatza kazetaritza da. Sare sozialak abantaila bat dira informazioa zabaltzeko, komunikatzeko; baina horrek kudeaketa bat behar du, eta hori da kazetaritza». Guztiek aldarrikatu dute kazetaritzaren beharra sare sozialen garaietan.
Eizagirreren ustetan, komunikabideen lana eragitea da. «Nork eta zertarako eusten die hedabideei? Gehienetan, botere politiko eta ekonomikoak, gizartean eragiteko. Beste hedabideoi herritarrek eusten digute, balio batzuk ditugulako eta horiekin eragin nahi dutelako». Beste hirurak, ordea, ez dira ados agertu horrekin; bereziki Azurmendik eta Veltek agertu dute bestelako iritzia. Velte: «Nik ez dut neure burua eragile moduan ikusten. Erresonantzia kutxa bat bezala ikusten dut gure funtzioa: dagoena islatzen duen zerbait». Azurmendi: «Nik ez daukat kazetari gisa eragiteko gogorik. Ofizioa ikasi nuenez eta errespetua diodanez, nahiz eta beti ez gustatu kontatuko dudana, aukerak ematen saiatzen naiz, pentsatuz irakurlea gutxienez ni bezain inteligentea dela kritikotasuna lantzeko».
Euskarazko prentsak hizkuntzari egiten dion ekarpena goraipatu dute laurek. «Euskarazkoak edozein hedabidek bere hizkuntzari egiten dion ekarpen bera egiten du. Eta hori kontuan hartu beharko lukete hizkuntza hori bultzatu nahi duten agintariek», ohartarazi du Eizagirrek. Veltek kontatu du inguruan askok esan izan diotela BERRIA irakurtzeko zailtasunak dituztela. «Agian, gizartea ohitu daitekeen baino azkarrago joaten gara. Egunkariak irakurtzen ikasi egin behar da, eta egunkari handiek denbora gehiago izan dute beren kodeak gizartean zabaltzeko».
Diru laguntza publikoez ere egin dute berba, eta horiek jasotzeak zer-nolako presioa sortzen duen erakunde publikoen aldetik. Eizagirrek aitortu du laguntzak galtzeko beldurrez egiten dutela lan: «Zure lana zenbat eta hobeto egin, orduan eta aukera gehiago dituzu galtzeko». Azurmendik auzitan ipini du kontrola: «Eusko Jaurlaritza kontrolatzaile txarrena da, ikusita, zorionez, nolako lana egiten duten BERRIAk eta Argia-k». «Kezkagarriago» iruditzen zaio «prentsa oharrekiko mendekotasuna»; horretan iruditzen zaio dagoela «informazioaren kontrola», eta kazetarien «nagikeriarekin» lotu du. Telleria eta Velte, ordea, ez datoz bat; kazetarien lan baldintzekin lotu dute. Veltek azaldu du lantaldeak txikituta karga handitu zaiola behargin bakoitzari. «Nik lankideak egundoko ahaleginak egiten ikusten ditut prentsa ohar bat fusilatu behar ez izateko», azpimarratu du irrati esatariak.
Publiko eta pribatuak
Ez dira ados ipini hedabide publiko eta pribatuen arteko bereizketan. BERRIA, adibidez, herri ekimenetik sortu eta funtzio publikoa betetzen duen hedabide pribatua dela esan du Veltek. Eta iruditzen zaio bi motatakoek badutela eginkizun publiko bat. Eizagirrek salatu du agintari politikoek hedabide publikoak erabiltzen dituztela, eta hedabide horiek agintearen kontrolpean daudela. Telleriak ukatu egin du. «Guk [Euskadi Irratian] ez dugu nabaritzen goitik beherako presio hori. Agian albistegietako editoreek bai, baina aurreko astean bertan Zubietako erraustegiaren eta Zabalgarbiren aurkako hainbat eragile elkarrizketatu zituzten, eta horiek ez dira gai erosoak agintarientzat».
Guztiek nabarmendu dute euskarazko prentsaren kalitatea. Aldaketa nabaritu du Telleriak: «Kalitatea giltzarri da. Orain inork ez du euskaraz kontsumitzen euskaraz delako soilik. Beste hizkuntzetan eskaintzen denaren parekoa edo hobea eskatzen digute». Azurmendik uste du «eredu» ere badirela: «Kazetari guztiok asko diegu eskertzeko euskarazko kazetariei, kalitatearen aldetik egiten duten ahaleginagatik». Gainera, iruditzen zaio euskarak une honetan lortutako hiztunak trebatzea behar duela, eta horretarako «ezinbestekoa» dela euskal prentsa.
Euskaraz komunitate kritikoa sortzen
Euskal prentsa zer eta zelakoa den egin du gogoeta euskarazko lau hedabidetako kazetari banak. Euskaraz diharduten kazetariek hizkuntzaren kalitateari eta ofizioari ematen diotena goraipatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu